Horietako bat da Arrasateko musikari Serge: "Bi aste barru emanaldia eskaintzekoa nintzen Donostiako Marruma elkartean. Emanaldi ezberdinak izaten dira; ikusleek galderak egiteko aukera izaten dute... baina, egoerak hala eraginda, bertan behera geratu da emanaldia. Hango arduradun Makoki-k deitu zidan esanez zerbait ezberdina egiteko gogoa zuela". Musikariekin harremanetan jarri ondoren zazpi emanaldi lotu zituen astelehenerako: "Emanaldiak Instagram sare sozialean eskaini genituen, astelehenean".
Etxeko egongelatik, zuzenean
"Kontzertu lasaia izan zen; Enarak itzuli dira diskoko abestiak eskaini nituen, ordu eta erdiz. Etxeko egongela apainduta, polit gera zedin", azaldu zuen abeslariak astelehenean bertan –martxoak 16–.
Bizi dugun egoera guztiondako da berria: "Lehenengo aldia da etxeko egongelatik zuzenekoa eskaintzen dudana. Emanaldia ikusten 182 erabiltzaile egon ziren".
Gehiago ere izango dira
Sortzaile eta kultur eragile asko dira horrelako zuzenekoak egiteko asmoa erakutsi dutenak. Izan ere, #etxeangeratufest jaialdia antolatzen dabiltza, esaterako, Euskal Herrian; oraindik, baina, ez dute emanaldien datarik zehaztu. Etxetik zuzeneko emanaldiak eskaintzen Pello Reparazen Zetak taldea izan zen lehenengotakoa; hala, Reparazek egunero eskainiko du etxetik kontzertua beste musikari bat lagun duela, Zetak.org atarian.
Goiena ere, nahieran
Musikaz gozatzeko aukera bakarrik ez, orokorrean kulturaz gozatzeko aukera egongo da etxean. Goienak ekoiztutako ikus-entzunezkoak, adibidez, nahieran ikusteko aukera dago Goiena nahieran aplikazioari esker. Doan jaitsi daiteke.
Nabarmendu behar da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eLiburutegia erabiltzeko sarbidea erraztuko diela herritarrei, Liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbidea guztien esku jarrita. Berria egunkariak Berria Aretoa jarri du martxan; Dorleta Kortazar eskoriatzarrak 15 bat minutuko ipuin saioa eskainiko du datozen egunetan.