Eskuko telefonoetarako eta tableten pantailetarako pentsatuta dago Goiena nahieran. Pantaila guztietan egoteak duen garrantzia azpimarratu du Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabalek.
Aplikazioa jaitsi egin behar da eta doakoa da. "Telebista ikusteko moduak asko ari dira aldatzen, eta konektibitateak gero eta aukera zabalagoak ematen ditu. Gaur egun, teknologiak ahalbidetzen du ikusleak erabakitzea zer eta noiz ikusi nahi duen, eta Goienak pantaila guztietan egon behar du", esan du Goiena telebistako programazio zuzendari Oihane Agirrek. Hala, aplikazio berriak Goienan emandako ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko aukera emango du.
Edukiak saioka daude sailkatuta: Hemen Debagoiena, Albisteak, Harmailatik, Amaia DJ, Kantari, Galdegazte, Harira, Elikatu, Barru, Hurretik, Kulturrizketak , Erreportaje bereziak, Ikuskizun bereziak, Osoko bilkurak, Jaiak eta Zorion agurrak. Goiena telebistan estreinatzen direnean agertuko dira edukiak Goiena nahieran. "Pauso garrantzitsua da; izan ere, ez ditugu gure edukiak telebistaz bakarrik eskainiko. Aurrerantzean, nahieran ikusteko aukera ere egongo da", azaldu du Agirrek.
Goiena nahieran aplikazioa Tokikomek eta EITBk duten hitzarmen markoari esker garatu da. Eskuragarri dago Android eta iOSerako. Oinarrian, EITBren jabetzakoa den Hiru3 aplikazioa du, eta Akting eta KAM enpresek egindako doiketei esker Goienaratu da tresna berria.
Erabiltzeko erraza
Hainbat ataletako menu orokor bat du Goiena nahieran aplikazioak. Horien artean nabarmentzen dira ikusienak diren bideoena, Goiena telebistaren emisioa streaming bidez ikusteko aukera ematen duena eta erabiltzaileak gogokoen dituen bideoak sailkatzeko aukera ema ten duena. "Azken zazpi egunetako bideoak berria etiketarekin agertuko dira", esan du Agirrek.
Goiena Komunikazio Taldeko bazkideak dira horrelako produktuak doan izateko zutaberik garrantzitsuena. Horregatik, aplikazioak duen Goiena kluba atalean eman daiteke izena.
Eraldaketa ikus-entzunezkoetan
"Goiena eraldaketa handiak egiten ari da. Horietako bat da jarduna pasatzea telebistatik ikus-entzunezkoetara", azaldu du Iban Arantzabal zuzendari nagusiak. "Telebistak masiboa izaten jarraitzen du eta telebista ordu asko ikusten dira etxeetan, baina horrekin batera pantaila asko erabiltzen dira. Horrek esan gura du euskarak irabazi behar dituela ez bakarrik telebista, papera edo irratia, baizik eta baita ere pantailak, eta, bereziki, eskuko telefonoa. Hori da gure apustua, gure inbertsioak eta jokatzeko moduak hortik doaz", esan du.
Beste inbertsio batzuk ere etorriko direla aurreratu du Arantzabalek. "Munduak hartu duen norabide bati buruz ari gara berbetan, eta gaurkoan Goiena nahieran aplikazioari buruz ari gara, baina beste batzuk ere etorriko dira aurrerago; tartean, webgunerako. Izan ere, eskuko telefonorako diseinatuko da".
Goienako ikus-entzunezkoak ikusteko modu asko daude: telebistatik kable zein LTD bidez, www.goiena.eus/telebista webgunean, Chromecast bidez, eta orain, nahieran ere bai, tabletetan zein eskuko telefonoetan.