Hona hemen iragarritako lagutzak:
- 1. Covid-19 programa: 300 milioi euro –beharrezkoa izanez gero 500 milioi eurora arte handituko dute– izango dituen aurrekontu programa berria. Diru-kopuru horiek diruzaintzako gerakinetatik eta aurrekontu-kredituen soberakinetatik hartuko dira.
- 2. Finantzen Euskal Institutuaren finantzaketa lerroa: 25 milioi euro, aste honetan aktibatuko dute; horren helburua da Euskadiko produkzio-sareari behar duen likidezia ematea, enpresa txikiei eta ertainei eta autonomoei, batez ere.
- 3. Zirkulatzaile lerro berria: Aurrekoarekin erlazionatuta, ahalik eta epe laburrenean, EAEren abalak izango dituen zirkulatzailearen 500 milioi euroko finantzaketa-lerroak egituratuko dira, zero kostuan, bost urterako, urtebeteko gabealdearekin, Euskadin jarduten duten banku erakundeekin eta Elkargirekin lankidetzan.
- 4. Aurrerakin itzulgarrietan, maileguetan edo abaletan oinarritutako finantza-baldintzak malgutzea, birfinantzatzea eta egokitzea, Gauzatu, Bideratu, Indartu programetan eta beste batzuetan.
Eta hiru lehentasun ezarri dituzte:
1. Euskal osasun sistema indartzea: sendagaiak hornitzea eta ekoiztea, eta osasun-materiala eskuratzea; prebentziozko arreta eta telefono bidezko aholkularitza indartzea; ez ohiko neurriak etxeko laguntza-arretan aritzen diren osasun arloko langileak indartzeko; eta osasun-zentroetan arreta emateko gune berriak egokitzea.
2. Enpresei zuzendutako neurriak: enpresa txikiei eta ertainei, profesionalei eta autonomoei zuzenduta; laguntzak enpresentzat, erakundeetan koronabirusa zabal ez dadin; ekipo eta erreminta teknologikoak eskuratzeko laguntzak; eta zailtasunak dituzten enpresentzako programa-zuzkidurak zabaltzea.
3. Pertsonei eta familiei zuzendutako neurriak: laneko eta familiako bizitzaren kontziliaziorako, eta izango dira, besteak beste, adingabeen eta koronabirusak kutsatutako edo horren ondorioz isolatutako pertsonen zainketarako; ikastetxeen eta eguneko egoitzen itxieraren ondorioak jasaten ari diren adingabeen eta adinekoen zainketarako; eta lan jardunaldiaren malgutasuna bultzatzea.
Esandako laguntzak gainerako erakundeek aplikatzen dituztenen osagarri izango direla adierazi du Jaurlaritzak eta gaineratu du laguntza fiskalei, hau da, atzerapenei, salbuespenei eta luzapenei dagokienez Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta Eudelek koordinatuta jardungo dutela. Bihar, martxoak 18, Aldundiekin egingo duten bileran autonomoen kuotak kontuan izango dituztela gaineratu du Azpiazuk.
Sanchezek 200.000 milioi euro
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek 200.000 milioi euro arteko mobilizazioa iragarri du, Espainiako Barne Produktu Gordinaren % 20, koronabirusaren krisiaren eragin ekonomiko eta soziala arintzeko; horietatik 117.000 milioi sektore publikotik etorriko dira, eta gainerakoa baliabide pribatuen mobilizazioarekin osatuko da.
Hala iragarri du Sanchezek Moncloa Jauregian egindako prentsaurreko telematikoan, ezohiko Ministroen Kontseiluaren ostean. "Espainiako azken urteetako baliabide ekonomikoen mobilizaziorik handiena da", esan du.
Koronabirusaren aurkako txertoaren ikerketa proiektuetarako 30 milioi euro bideratuko dituztela ere iragarri du eta diru hori, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenera (CSIC) eta Carlos III.a Osasun Institutura (ISCIII) joango da.
Hauteskundeek datarik ez
Urkulluk, bestetik, legebiltzarrerako apirileko bozak indargabetzeko dekretua sinatu du gaur. Izan ere, EAEko Hauteskunde Batzordea ere apirileko deialdia bertan behera uztearekin konforme agertu da. Gobernuaren bozeramaile Josu Erkorekak adierazi du biharko buletin ofizialean argitaratuko dela hori: "Bihar sartuko da indarrean hori".
Osasun larrialdia amaitu ostean "berehala" deituko dituzte. Horretarako berriro bilduko dira alderdiak; hauteskundeen deialdi berria dekretu baten bidez egingo dute.