Mugimendu Feministaren ustetan, COVID-19ak sortutako egoerarekin, "zaintza krisia agerian geratu da" eta horregatik, "beharrezkoa da paradigma aldatzea, norbanakoaren autosufizientziaren sinesmenean oinarritutako eredu neoliberala aldatzea eta bizitza erdigunean jartzea".
Mugimendu Feministaren kezkak
Horrekin batera, egoera honi aurre egiteko hartutako hainbat neurrik kezka eragin dutela adierazi du: "Etxean geratzen gara konpentsazio ekonomikoko neurrien berri izan gabe, egoitzetan beste inor sartzea debekatu da baina ez zaigu azaldu mendekoak nola zaindu, ez dakigu zer gertatuko den osasunerako eskubiderik ez duten migratzaileekin, etxeko langile egoiliarrek etxeetan jarraitzen dute kutsatuak izateko arriskuan eta indarkeriaren biktimak isolatuta geratzen dira eta erasotzaileengandik ihes egiteko aukerarik gabe".
Zaintzan lan egiten duten emakumeen egoera
"Etxez etxeko zerbitzu publikorik ez dagoenez, egoitzetan zein etxeetan zaintzan lan egiten duten emakumeen egoera dementziala da" aitortu du Mugimendu Feministak eta gehitu du, gizarteak "kolapso sozial bati" aurre egin behar diola. Horregatik adierazi du, krisi honetatik ateratzean beharrezkoa dela "paradigma soziala aldatzea" eta "bizitza eta zaintzak erdigunean" jartzea.
Krisi mahaiaren eraketa
Mugimendu Feministaren ustez, sortu nahi den krisi mahai horretan "alderdi politikoak eta sindikatuak, baina baita gizarte eragileak, eta zaintzarekin lotura duten kolektiboak ere" egon beharko lukete. Horiez gain, "ekonomiaren eta medikuntzaren arloko adituek ere bertan parte hartuko dutela" adierazi du.
Indarkeria matxista
Euskal Herrian eraildako azken bi emakumeak izan ditu gogoan Mugimendu Feministak eta kezkatuta azaldu da, zoritxarrez indarkeria matxista ez delako etengo, alegia, ez delako kriri honek irauten duten bitartean berrogeialdian jarriko. Gai hau eratu nahi den mahai horretan jorratuko dela adierazi du talde feministak.