"Momentu hauetan espazioak identifikatzen ari gara, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura jartzeko eta hauek behar izanez gero erabiltzeko", azaldu du foru bozeramaile Eider Mendozak. "1.800 langile ditugu eta, ondorioz, lurraldeko enpresa nagusietakoa gara. Horregatik eredugarriak izan behar dugu birusaren hedapena ekiditeko neurriak hartzerako orduan", gaineratu du.
Garbiketaren arloan, foru langileek beraien praktikak indartuko dituzte, eta langileei eskatuko zaie beraien lan eremutik irten gabe geratzeko, eta langileen kontzentrazioa saihesteko. Ondorioz, jantokiak eta kafe guneak itxi egingo dira. Bestalde, Aldundiak ezohizko neurriak hartu ditu baita ere suhiltzaileen foru zerbitzuan, Covid-19 birusaren hedapenari aurre egiteko. Horrela, ez dira onartuko txanda aldaketak, lizentzia deuseztagarriak eta parke aldaketak, eta bertan behera geratuko dira orain arte onartu direnak.
Gizarte Politika
Gizarte Politiken departamentutik, berriz, indartu egin dira adineko pertsonak eta mendekotasun egoeran daudenak babesteko prebentzio eta jarduketa neurriak. Hori horrela, mendekotasun, desgaitasun eta arreta goiztiarreko balorazioak etengo dira, urgentziazko kasuak izan ezik. Horiek indibidualki aztertuko dira. Areagotu egingo dira prebentzio eta jarduketa neurriak adineko pertsonen egoitzetan.
Errepideak
Errepideen arloan, Bidegik aparteko prebentzio eta euste-neurriak hartu ditu AP-8 eta AP-1 autobideetako ordainlekuetan lan egiten duten langileentzat. Horrela, tele-ordainketako gailuen eta banku-txartelen bidez ordaintzea lehenesten da, kontaktu fisikoa saihestuz. Gainera, kabinako langileen presentzia eta txanponekin eta billeteekin ordaintzeko aukera minimora murrizten da: pertsona bakarra egongo da ordainleku bakoitzean.
Autobusak eta Lurralde Antolaketa
Autobusen kasuan eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan hartu diren ezohizko neurriei jarraiki, ezingo da autobusera aurreko atetik igo, atzeko eta erdiko ateak izango dira sarbide bakarrak. Gainera, ez da onartuko eskudirua garraio txartela ordaintzeko, eta Mugi txartela ez daukaten erabiltzaileei beharrezko informazioa emango zaie, kioskoetan eta egunkari saltoki ohikoetan erosi ahal dutela gogoratuz. Era berean, gidaria isolatuta egongo da, aurreko eserlekuetan jarriko diren zinta batzuen bitartez.
Azkenik Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultura departamentutik erabaki dute Koldo Mitxelena, lau museo foralak (Igartubeitia, Zumalakarregi, Euskal Itsas Museoa eta Ekainberri) eta Txuri Urdin izotz jauregia hamabost egunetan ixtean, behin behinekoz.