Eusko Jaurlaritzak atzo bertan hartutako erabakia da. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien eskola-jarduera presentziala aldi baterako etengo dute, koronabirusa dela eta. Etenaldi horrek hamabost egun iraungo du, gaurtik aurrera. "Ondorioz, bertan behera geratzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru lurralde historikoetako ikastetxeetan aurrez aurreko eskola-jarduera guztia, baita Haurreskolak Partzuergoaren mendeko haur eskoletan ere", dio Jaurlaritzaren zirkularrak.
Era berean, ikasleekin edo irakasleekin egiten diren mota guztietako irteerei dagokienez, Osasun Sailaren jarraibideak bete behar direla ohartarazi du Jaurlaritzaren zirkularrak. "Une honetan horiek saihestea gomendatzen du sail horrek".
Mondragon Unibertsitateari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko campusetako aurrez aurreko eskola guztiak online emango ditu gaurtik aurrera, "abisu berri bat izan arte".
Mondragon Unibertistateak EAEko campusetako eskolak online emango ditu gaurtik aurrera.
Martxorako programatutako ate irekien eta onarpen-proben jardunaldiak atzeratu egingo dituzte edo online bidez egin, eta horietan izena eman duten pertsona guztiekin harremanetan jarriko da unibertsitatea, beste data batzuk eskaintzeko.
KULTUR ETA KIROL EKINTZA GEHIENAK BERTAN BEHERA GERATU DIRA
Datozen egunetarako aurreikusita zeuden kultur eta kirol ekintza gehienak bertan behera geratzen ari dira. Horrekin batera, Debagoieneko herrietako udal instalazio gehienak itxi egin dituzte, printzipioz datozen hamabost egunetarako, eta ondorioz, entrenamendu, partidu eta bestelako saiorik ere ez dute egingo egunotan.
Bestalde, zapatuan egitekoak ziren Ertzaintzako 700 plaza eta Udaltzaingoko 111 betetzeko hautaketa-prozesua, Barakaldoko BECen, baina hori ere bertan behera geratu da.
ZAHARREN AISIALDI ZENTROAK IXTEKO GOMENDIOA EMAN DU JAURLARITZAK
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako adinekoentzako aisialdi zentro guztiak ixteko ere eskatu du Eusko Jaurlaritzak, "birusaren hedapena murrizteko eta pertsona zaurgarriak babesteko" helburuarekin, Nekane Murga Osasun sailburuaren arabera.
Gainera, Murgak herritarrei eskatu die arnas sintomak izanez gero ez joateko leku jendetsuetara, eta adineko pertsonekin eta gaixotasun kronikoak dituztenekin aurrez aurreko harremanak ekiditeko.
Zaharren egoitzei dagokienez, prebentzio neurriak are gehiago zorroztu dituzte. "Bisitei dagokienez, guztiek garbitu behar dituzte eskuak sarreran eta tenperatura hartzen diegu. 37 gradutik gora duten pertsonak ezin dira sartu. Bestalde, bisitariak gehienez ordubete egon daitezke barruan eta egoiliar bakoitzeko beti bisitari bera izan behar da", azaldu du Olatz Etxabek, Iturbide egoitzako zuzendariak. "Ia egunero ari gara neurriak aldatzen", gaineratu du.
Zaharren egoitzetako neurriak are gehiago zorroztu dituzte aste honetan.
Erretiratuen bidaia guztiak ere eten egingo dituzte hilabetez, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak jakinarazi duenez. Joan-etorriak mugatzea da neurri berriaren helburua, eta horrela adineko pertsonak "babestea" bilatzen dutela nabarmendu du ministroak.
ZERBITZU ETA KOMERTZIOETAN ERE IZATEN ARI DA ERAGINA PANDEMIA
Komertzio eta zerbitzuak ere nabaritzen ari dira koronabirusaren eragina, modu batera edo bestera. Izal landetxeko German Letek hala baieztatu du. "Jendea ez dator. Alde batetik, beldurra eta, bestetik, etortzeko ezintasunak". Aitortu du bezeroak erreserbak ezeztatzen ari direla. "Datorren asteko zubiko erreserbak ezeztatzen ari da jendea. Aste Santura begira, momentuz, beteta gaude, baina ikusi egin beharko dugu egoera nolakoa izango den". Mugimendu falta dagoela dio. "Garai hauetan gurean mugitzen den jendea ez da oso urrunekoa izaten, normalean, eta egoera ikusita etxean gelditzen ari dira. Asteburu honetarako ere baditugu erreserba batzuk, baina ez ninduke harrituko bertan behera geratuko balira".
Bestalde, Salegi harategiko arduradun Jose Miel Salegik azpimarratu du aste honetan antzeman duela jendeak gehiago erosi duela. "Normalean baino jende gehiago ibili da erosten eta denetik erosi dute. Hala ere, txahalaren edo oilaskoaren haragia gehiago saldu da".
Modu berean, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak elkartekideei jakinarazpen bat bidaltzea erabaki du, pintxo-barrak kristal edo antzeko sistemen bidez estaltzea aholkatuz.
Ibai-arteko dendek gel desinfektatzaileak izango dituzte datorren eguaztenetik aurrera.
Azkenik, datorren eguaztenetik aurrera, Ibai-arteko dendek bezeroentzako gel desinfektatzaileak izango dituzte eta erosteko aukera ere eskainiko dute. "Interesik izanez gero, bezeroek Ibaiarteko saltokietara hurbildu eta bat eskatu besterik ez dute egin behar. Salgai jarriko diren gelak 150 mililitroko poteak dira, eta kostu-prezioan egongo dira; hau da, 3,5 eurotan".
GOIENAK ERE HAINBAT PREBENTZIO NEURRI HARTU DITU ASTE HONETAN
Egoera nola dagoen ikusita, enpresa asko prebentzio neurriak hartzen ari dira birusari aurre egiteko, eta neurrietako bat da langileek etxetik lan egitea. Goiena Komunikazio Taldeak simulakro bat egingo du gaur, egubakoitza, datozen egunetara begira beharra egonez gero gauzak nola egin daitezkeen ikusten joateko. "Gure enpresa nahiko prestatuta dago telelana egiteko. Beraz, ordenagailuak etxera eramanda eta VPN sare bat antolatuta, hemengo artxibo eta beste hainbat kontuetara konektatzeko aukera izango dute langileek etxetik. Momentuz, halere, prebentzio hutsa da", azaldu du Iban Arantzabalek, zuzendariak.
Halaber, aurreko astetik zuzendaritza egunero ari da biltzen. Langileei gomendio orokorrak eman dizkie orain arte baina, aste honetatik aurrera neurri espezifikoak ere hartu ditu. "Ez dira bilera jendetsuak egingo eta hauetan behar besteko separazioa egon beharko da, kafe gelan eskainitako denbora murriztuko da eta harreran distantzia handituko da". Neurri txiki hauek langileak ez kutsatzen lagundu dezaketela dio Goienako zuzendari nagusiak.
Goiena Komunikazio Taldeak simulakro bat egin du gaur, eta langile batzuk etxetik ari dira lanean.
Gaiari tratamendua ematerakoan jokatzeko moduari dagokionez, sentsazionalismoan erori gabeko kazetaritza egitearen garrantzia azpimarratu du Arantzabalek. "Goienak erabaki duen beste gauza bat da kazetaritza egitea. Hau da egiten dakiguna, ez dakigu aurreikuspenak egiten. Kazetaritza egingo dugu sentsazionalismoan erori gabe eta alarmarik ez sortuta".
KORONABIRUSARI LOTUTAKO BAJAK GAIXOTASUN PROFESIONAL GISA HARTUKO DITUZTE
Koronabirusak kutsatuta edo bakartze prebentiboan dauden langileek gaixotasun profesionalagatik hartuko dituztela laneko bajak, eta ez gaixotasun arruntagatik. Hala, oinarri arautzailearen % 75 jasoko dute Gizarte Segurantzaren kargura.