Azken orduetan hiru pertsona hil dira EAEn, aurrez gaixotasunak zituen 86 urteko gizonezko bat Gipuzkoan, 89 urteko pertsona bat Gasteizen eta 94 urteko hirugarren bat Bizkaian. Beraz, bederatzi dira dagoeneko EAEn koronabirusaren eraginez hil diren pertsonak.
Ondorioz, EAEko erretiratuen aisialdirako egoitza guztiak ixtea gomendatu dio Eusko Jaurlaritzak Eudeli. Gainera, Murgak herritarrei eskatu die arnas sintomak izanez gero, ez joateko leku jendetsuetara, eta adineko pertsonekin eta gaixotasun kronikoak dituztenekin aurrez-aurreko harremanak ekiditeko.
Pandemia
Gaur arratsaldean, OME Osasunaren Mundu Erakundeak esan du koronabirusa "pandemia" bilakatu dela, azken egunotan eman den hazkunde azkarra dela eta. Mundu mailako edo lurralde zabal bateko epidemiari deritzo pandemia. Hala ere, osasun erakundeak nabarmendu nahi izan du, koronabirusa pandemia izendatu izanak ez duela aldatzen OME egiten ari dena, ezta herrialdeek egin beharko luketena ere.
Tedros Ghebreyesus OMEko zuzendari nagusiak adierazi du kezkatuta daudela "hedapen maila kezkagarriengatik". Izan ere, Txinatik kanpo, dagoeneko 114 herrialdeetara iritsi da koronabirusa, 118.000 kutsatu baino gehiago atzeman dira eta 4.000tik gora hildako daude.
900 20 30 50
Sintoma ohikoenak eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa dira. Sintoma horiek izanez gero, etxean geratu eta 900 20 30 50 telefonora deitu behar da; ez da osasun zentrora joan behar. Horrez gain, beste pertsonengandik bi metroko distantzia mantentzea eskatzen da. Informazio gehiago hemen.