Debagoienera ere ailegatu da

Eneko Azurmendi 2020ko mar. 6a, 12:01

Herritar bat, Debagoieneko Ospitalearen ate aurrean.

Aretxabaletarra da Gipuzkoan koronabirusa konfirmatu zioten lehen pertsona, eta, berak baieztatu duenez, "oso ondo" dago; epidemia hau sektore ezberdinetan ari da eragiten, eta horietako protagonista batzuen eta adituen ahotsak jaso ditu GOIENAk.

Gertatu da. 2019ko abenduan Txinako Wuhan hirian agertutako koronabirusa edo Covid-19 gaixotasuna iritsi da Euskal Herrira, eta baita Debagoienera ere. Asteon baieztatu dute koronabirusa daukan eta konfirmatuta dagoen Gipuzkoako lehen pertsona aretxabaletarra dela.

Neska gazte bat da. Milanera bidaiatu zuen otsailaren 18a eta 22a bitartean, eta itzuli ostean, otsailaren 25ean, sentitu zen ondoezik, arnas sintomak nabaritzen. Osasun Kontseilura deitu eta, ondoren, jarduteko protokoloa aktibatu zioten. Orain arteko proba guztietan positibo eman du eta gaur egingo diote beste bat, bere mutil-lagunak baieztatu duenez. "Ea behingoz albiste on bat jasotzen dugun eta normaltasunera itzultzen garen", gaineratu du. Mutil-laguna arrasatearra da, eta hura ere etxean dago, berrogeialdian. "Berak positibo eman zuenean, osasun zerbitzuekin harremanetan jarri nintzen, eta jarraitu beharreko pauta batzuk eman zizkidaten. Berarekin kontaktu zuzena daukadanez eta Milanen batera egon ginenez, hamabost egun etxean isolatuta egin behar ditut".

Lehen egunetan, egunean birritan deitzen zioten eta orain, egunean behin. "Beldur puntu bat eduki nuen hasieran, baina egunak aurrera doazen heinean, neska-laguna ondo dagoela ikusita, lasaitasunez bizi dut. Nik, gainera, ez daukat inongo sintomarik, momentuz, nahiz eta tenperatura hartzen dudan egunean bi aldiz, badaezpada".

Iñaki Peña barneko medikuak Puntua aldizkariko gaurko zenbakian kaleratu duenez, dagoeneko pandemia kategorian sartuta dago, Txinatik Hong Kong, Hego Korea, Japonia, Singapur, Filipinak, Iran eta Italiara zabaldu da, eta 2020ko otsailaren 28rako 83.000 kasutik gora baieztatu dira 50 herrialde baino gehiagotan mundu osoan, horietatik 8.000 larri moduan sailkatuta. Orain arte, 2.800 heriotza zenbatu dituzte.

NEURRIAK HARTZEN HASIAK DIRA HEMENGO HAINBAT ENPRESA

Mundu mailako arazo bihurtu da dagoeneko, eta horren eragina izaten ari dira hemengo hainbat enpresa ere. Fagor Automationek, esaterako, produkzioa gutxitu egin behar izan du negozio batean. "Lehengaiak Txinatik ekartzen ditugu, neurri handi batean, %39 inguru. Horrek Eskoriatzako lantegian doikuntza batzuk egitera behartu gaitu. Momentuz, egubakoitzetako produkzioa eten egin dugu. Ikusi egin beharko da nola garatzen den hau, baina egoera bere horretan mantentzen bada, ez dugu baztertzen beste neurri batzuk hartu behar izatea", adierazi du Aitor Irurek, enpresako gerenteak.

Bidaietan ere eragina izaten ari da. "Herrialde ezberdinetako eta hemengo agintarien gomendioei kasu eginez, hainbat teknikari eta komertzial ez dira ari bidaiatzen, oso beharrezkoak ez diren kasuetan izan ezik".

Mondragon korporazioan neurriak hartzen hasiak dira, eta jarraipen batzordea eratu dute, "prebentziorako eta eboluzioa ikusteko, informazioa kooperatibekin partekatzeko". Era berean, osasungintzako autoritateekin harremanetan dihardute, protokoloak eta gomendioak bete ahal izateko. Bestalde, Txinan badoaz apurka-apurka langileak lanera itzuliz, "normaltasunera bidean", baina oraindik ere prebentzio neurri batzuekin.

Laboral Kutxak ere hainbat neurri hartu ditu dagoeneko eta Osakidetzak emandako mezuak zabaltzen dabiltza, nahiz eta, oraingoz, ez duten zailtasunik zerbitzua emateko. Halaber, gelak banatu dituzte, gomendioetako bat baita eskuak sarri garbitzea. Aurrera begira, egoerak txarrera egingo balu, jakinarazi dute badituztela lan protokoloak landuta.

Neurriak hartu dituen beste erakunde bat Aita Menni da. Izan ere, zentroetan bisitak mugatu dituzte, eta hainbat ekintza bertan behera utzi. Oñatiko San Martin egoitzan, esaterako, egoiliar bakoitzeko bi bisitarira mugatu dute, eta ordutegiari dagokionez, astean zehar 17:30etik 19:30era eta asteburuetan 11:30etik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era.

BEÑAT BARBERENA: "OTSAILAREN 4AN NINTZEN TXINARA ITZULTZEKOA, ETA ASTELEHENEAN NOA"

Beñat Barberena arrasatearra izan da beste kaltetuetako bat. Txinako Hanghzou hirian egiten du lan eta otsailaren 4an itzultzekoa zen hara, oporrak hemen igaro ostean. "Egunean bertan, Txinan goizaldea zela, hemengo gauerdian, eskolatik abisatu zidaten Hangzhoueko gobernuak nire auzoan berrogeialdi neurriak hartu zituela. Beraz, akaso, Shanghaitik Hangzhouera joateko eta etxean sartzeko arazoak edukiko nituzkeela-eta gomendatu zidaten denbora bat pasa arte ez bidaiatzeko".

Azkenean, martxoaren 9an joango da Txinara, astelehenean. "Irakasleak deituta gaude lanera, eskolatik online klaseak prestatzeko. Dena dela, otsailaren 10etik gabiltza online lanean. Nik, bestalde, 14 eguneko berrogeialdia egin beharko du etxean".

Egoera normalitatez bizi duela dio. "Uste dut autoritateei arretaz entzun behar zaiela eta beraiek emandako babes neurriak hartu". Era berean, iritzi dio orain "lasaiago" bizi beharko liratekeela hemengo herritarrak. "Gaixotasuna hemen egonda, eboluzioa aztertzea fidagarriagoa delako. Azken finean, beti egonda gure ahotan ea Txinatik heltzen diren datuak zuzenak diren eta abar", nabarmendu du.

ADRIAN ZELAIA: "GEHIAGO ZABALTZEN BADA, HANDIAK IZAN DAITEZKE ERAGIN EKONOMIKOAK"

Koronabirusa ia mundu osoan zabaldu izana eragina izaten ari da munduko ekonomian, baita hemengoan ere, Adrian Zelaia ekonomialariaren esanetan. "Momentuz, eragin ekonomiko konkretuak izan dira, batez ere, Txinan, noski, produkzio eta zerbitzu esparruetan hainbat jarduera gelditu behar izan dituztelako. Hori, bestalde, Txinarekin harremanetan dauden enpresetan ere nabaritu da", dio. Hala ere, uste du eragin horrek ez daukala zertan inportantea izan. "Oraindik, behinbehineko egoera bat da, eta berreskuratu daiteke datozen hilabeteetan, gaixotasunaren egoerak hobera eginez gero. Hemengo enpresa batzuek ekoizpena jaitsi behar izan dute, bai. Baina ondorio konkretu horiek estruktural bihurtzen dira egoera luzatzen bada bakarrik, bestela ez".

Aurrera begira, "ezinezkoa" da aurreikuspen zehatzik egitea. "Denbora izango da gako garrantzitsuena, ez baitu zerikusirik honek hilabete iraun, sei hilabete edo urtebete. Gaixotasun hau gehiago zabaltzen bada, gertatu daiteke arazo larriak izatea baloreen merkatuan eta, oro har, egoera finantzarioan".

Txinatik kanpo gaixotasuna zabaltzeak "arriskuak" sortu ditzakeela dio ekonomialariak. "Ez dakigu ze puntutaraino izango garen gai beste herrialdeok Txinak hartu dituen neurri zorrotzak hartzeko, arazoa kontrolatzeko. Horrek baldintzatuko ditu izan daitezkeen kalte ekonomikoak ere".

Zelaiaren esanetan, Txinakoa "oso egoera ezegonkorrean eta arriskutsuan" dagoen finantza sistema bat da, eta baloreen merkatuan erabakigarria izan daiteke koronabirusa. "Horren atzean dago, oro har, mendebalde osoan dagoen gehiegizko zorpetze maila. 40 urtez egon da hazten maila hori krisia agertu arte, eta gero, konpondu beharrean, mantendu baino ez dugu egin. Bestalde, 2012tik aurrera ibili gara moneta politikaren bitartez baliabide berriak merkatuan txertatzen etengabe. Ondorioz, artifizialki mantendu dugu dinamismo ekonomikoa eta etengabe puzten ibili gara balore eta finantza merkatuak. Merkatu horietan izugarrizko burbuila zegoen, eta ez da harritzekoa izan nabarmen jaistea koronabirusaren gaineko albiste ezkorren aurrean. Baina koronabirusa eragileetako bat besterik ez da izan, ez dezagun pentsa horregatik bakarrik dela jaitsiera". Merkatuaren "zuzenketa" hori aurten edo datorren urtean gertatuko da, "gehienez jota", ekonomialariaren aburuz.

MONDRAGON UNIBERTSITATEAK MONITORIZATUTA DAUKA EGOERA

Debagoieneko hainbat enpresak egin moduan, Mondragon Unibertsitateak ere ikasleen eta langileen artean banatu ditu eta banatzen ari da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldu dituen prebentzio neurri eta gomendio guztiak: bai higiene neurriak, bidaiatzeko gomendioak, eta abar, Bixente Atxa errektoreak adierazi duenez.

Era berean, azpimarratu du unibertsitateak une oro egoera monitorizatuta daukala, "aldaketaren bat balego, behar diren neurriak garaiz hartzeko". Horretarako, barne protokolo batzuk diseinatu dituztela gaineratu du Atxak berak. Hala ere, aktibitate akademikoa "normaltasunez" burutzen ari direla onartu du; betiere, aurrez aipaturiko prebentzio egoera hori kontuan hartuta. "Aldaketarik balego, behar diren neurriak hartuko ditugu".

Beste prebentzio neurri bat izan da atzerrian ikasten ari diren ikasleei itzultzeko eskatzea. "Duela 10 egun, esan genien arrisku tokietan zeuden ikasle guztiei etor zitezela honantz, atzerriko egoera hobetzen den bitartean, aktibitate akademikoa hemen jarrai dezaten. Bakoitzaren egoera desberdina denez, era pertsonalizatuan erantzungo diegu ikasle hauei".

GAIXOTASUNARI BURUZ HERRITARRAK INFORMATZEKO KANPAINA ABIATU DU OSAKIDETZAK

Osakidetzak Covid-19 gaixotasunari buruzko informazioa kaleratu du. Informazio horren arabera, koronabirusak animalietan zein gizakietan aurkitzen diren birus familia zabal bat dira. Batzuek gizakia infektatu egiten dute, eta hainbat gaixotasun eragin ditzakete; adibidez, hotzeria arrunta. Gaixotasun larriagoak ere badaude, hala nola Ekialde Hurbileko arnas sindromea (MERS) eta arnas sindrome akutu larria (Sras).

Inkubazio-aldiari buruzko informazioa ere kaleratu du erakundeak. "Infekzioaren eta gaixotasunaren sintoma klinikoen agerpenaren arteko denboratarteari dagokionez, gaur egungo kalkuluen arabera, inkubazioaldia bat eta hamalau egun bitartekoa da; batez beste, bospasei egun. Estimazio horiek eguneratzen joango dira, datu gehiago eskuratu ahala. Koronabirusak eragindako beste gaixotasun batzuei buruz eskura dagoen informazioan oinarrituta –MERS eta SARS, besteak beste–, 2019-an CoV aldiko inkubazio-aldia hamalau egunekoa izan daitekeela kalkulatzen da. Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen du baieztatutako kasuen kontaktuen jarraipena hamalau egunekoa izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak