Ze birus mota da?
Birus familia bat da, eta familia horretan hainbat birus daude. Mikroskopioan ikusita, koroa baten itxura dauka, eta horregatik du izen hori. Familia horretako birus batzuek, lauzpabostek, gizakiak bakarrik kutsatzen dituzte, eta urtero hotzeriaren eragileak dira gurean. Beste batzuek animaliak kutsatzen dituzte eta animaliaz animalia transmititzen dira. Edozein animalia izan daiteke: saguzarrak, untxiak, ahateak, hegazti ezberdinak, eta abar. Beste batzuk, azkenik, gai izan dira animalietatik gizakietara pasatzeko. Hiru dira. Batetik, SARS delakoa, 2002an agertu zena. MERS delakoa, 2012an agertu zena, eta aurtengo hau, SARS CoV-2. Honek Covid-19 gaixotasuna eragiten du.
Zein animaliatik pasatu da gizakira?
Hipotesi ezberdinak daude. Uste da saguzarretan gordetzen dela birus hau, eta hurrengo galdera da saguzarretik nola pasatu den gizakira. Hori ere aztertzen ari dira. Foku edo iturburu garrantzitsuena Txinako animalien merkatu batean izan zen; beraz, hango animaliak aztertzen hasi ziren. Suge batzuk aipatu zituzten, pangolino deituriko animalia bat ere bai, baina ez dago argi bitartekari hori ze animalia izan den.
Birus berria da, ezezaguna.
Gizakian detektatzen den lehen aldia, eta horregatik dago kezka nabarmena. Berria den guztiari errespetu bat izan behar zaio. Ez dakigu zein izango den birus honen jarrera, nola garatuko den.
Zeintzuk dira sintomak?
Eztula, sukarra, arnas ezintasuna eta, batzuetan, eztarriko mina ere bai. Horiek dira arinak diren sintomak, eta pertsonak berez sendatzen dira kasu gehienetan. Hala ere, kasu gutxi batzuetan, %14an edo, sintoma horiek konplikatu egiten dira eta pneumonia agertzen da. Pneumonia hori pertsona batzuetan kaltetu egiten da, %14 horietatik %5ean. Kasu horietan, arnas ezintasun hori geroz eta handiago bilakatzen da, beste organo batzuk kaltetzen ditu eta, azkenean, pertsona hori hil ere egin daiteke.
"Kasuen %14 inguruan sintomak konplikatu egiten dira, eta pneumonia agertzen da"
Tratamendua ze egoeratan dago?
Berria denez, ez dago birus horren aurkako inolako tratamendu espezifikorik. Jadanik ditugunak probatzen ari dira. Kasu batzuetan, ondo edo erdi ondo funtzionatu dute, baina ez dira aproposenak. Beraz, beste batzuk bilatzen ari dira. Hala ere, luze joko du. Lehenengo, laborategian aztertu behar da; gero, animalietara eraman; animalietatik gizakira; eta gero konfirmatu behar da benetan seguruak eta eraginkorrak direla.
Egokia da koronabirusa gripe arruntaren konparatzea?
Konparatu daiteke erdipurdi. Biak arnas-bidetik transmititzen dira, eta sintoma amankomun batzuk dituzte, sukarra, arnas ezintasuna edota ondoeza, baina koronabirusean arnas ezintasun hori handiagoa da, eta gripean, aldiz, giharretako mina da altuagoa.
Noiz dago kutsatzeko aukera?
Kutsadura gehienak sintomak agertu ostean gertatzen dira. Inkubazio epean kutsadura maila oso baxua da, ia ez da gertatzen, baina inoiz ezin da %100 ziurtatu. Gripearen kasuan, inkubazio epean kutsagarria da.
Ze fasetan dago koronabirusa hemen?
Esperotakoa zen honaino iristea ere. Kasuak goraka doaz eta uste dut gailurrera ez garela iritsi, kasu gehiago ikusiko ditugula. Ziurrenik, beste aste batzuetan gora egingo du kopuruak, baina ez dakigu noiz arte. Txinan kasuen jaitsiera nabarmenean daude orain.
"Esperotakoa zen honaino iristea ere. Kasuak goraka doaz eta gehiago ikusiko ditugu"
Hemengo kopurua esanguratsua da?
Ez daude hainbeste kasu. Hala ere, kasuak kontrolatzeko, garrantzitsuena izango da ematen ditugun euste neurri horiek eta berrogeialdi horiek. Hau da, pertsona bat kutsatzen denean, jarraipena egitea eta ikustea nola kutsatu den, eta abar.
Heriotza-tasa zenbatekoa du?
Mundu mailan, kutsatzen direnen %2-3 hiltzen dira. Hemen, kasu gutxi dauden arren, espero da tasa hori antzekoa izatea. Heriotzari dagokionez, halere, inportantea da nabarmentzea nortzuk hiltzen diren. Nagusiki hiltzen dira aldez aurretik sistema immunologikoa ahulduta zuten pertsonak, beste patologia edo infekzio batzuk zituztenak.
Herritarrei ze mezu transmitituko zenieke?
Lasaitasuna da mezu nagusia. Gomendioa da sintoma horiek agertu ezkero, etxean gelditu eta Osakidetzara deitzea, eta haiek baloratuko dute ea proba egin behar den edo ez. Profesionalak zure etxera joango dira, proba arin bat egingo dizute eta ordu gutxitan heltzen da emaitza. Positiboa bazara, neurriak hartuko dira eta bestela, normaltasunez jarraitu. Horrez gain, funtsezkoa da higiene neurriak hartzea. Nagusiena eskuak sarritan garbitu, eskuekin guztia ukitzen dugulako.