Aiala Elorza: "Odola ezin da ekoiztu, ematea ezinbestekoa da"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mar. 5a, 17:48

Odola emateak bizitza ematen du, eta Arabako odol-emaileen elkarteak Arrasate izan du azken geltokia, Debagoienean. Izan ere, odola emateko unitate mugikorra izan zen pasa den eguenean, Arrasateko Laubide plazan, 16:30etatik 20:00etara bitartean, eta, jende dezente batu zen bertan, odola emateko. Eguen honetan, berriz, Eskoriatzan izango da unitate mugikorra, ordu berean, Fernando Eskoriatza plazan.

Odola ematearen garrantzia azpimarratu du Aiala Elorza Arabako odol-emaileen elkarteko koordinatzaileak:

Aiala Elorza Arabako odol-emaileen elkarteko koordinatzailea Laubide plazan.

Zergatik da hain garrantzitsua odola ematea?

Garrantzitsua baino gehiago, ezinbestekoa da odola ematea. Ezin dugu ekoiztu, eta odola lortzeko dugun aukera bakarra pertsona osasuntsu batek bere odola ematea da. Gainera, beharrezkoa da, eta egunero-egunero erabiltzen da gure ospitaletan. Euskal Autonomia Erkidegoan 400-500 odol emaile bitartean behar ditugu, gero ospitale guztietako beharrak asetzeko.

Odolak, gainera, iraungitze-data du, ezta?

Hala da; jende askok ez daki hori, baina bai, odolak iraungitze-data du. Egun gutxi batzuk ditugu odola erabiltzeko. Odol poltsa bakoitzetik hiru osagai aterako ditugu: globulu gorriak, plasma eta plaketak. Plaketek, esaterako, bost egun soilik irauten dute. Normalean, plaketak behar dituen pertsona bat minbizia duena da. Gaur egun, sendagarria den gaixotasuna dela esaten dugu, betiere, garaiz hartuz gero, eta dagokion sendagaiak jartzen badizkiogu; hau da, kimioterapia. Baina kimioterapiarekin bat, hor egon behar dira plaketak, eta, beraz, ezinbestekoak dira minbizia duten pertsonak sendatzeko, eta esan bezala, bost egun baino ez dute irauten. Beraz, eguneroko fluxua behar dugu, odol emaileak egunero-egunero behar dira.

Odola emateko osasuntsu egoteaz batera, zenbait baldintza bete behar ditu odola eman nahi duenak, ezta?

18 urtetik gora eta 65 urte baino gutxiago izan behar ditu, eta 50 kilo baino gehiago pisatu behar du, horrekin nahiko izango genuke. Hala ere, odola eman aurretik, inkesta bat bete beharko da, gure osasunaren eta jokabideen gainekoa. Hori medikuarekin aztertu, eta dena ondo badago, utziko digu ematen. Odol-ematea, berez, 5-10 minutu baino ez dira izango, beti etzanda egongo gara, eta 450 milimetroko poltsa betetzen da, beti kantitate bera.

Odola eman osteko gomendiorik?

Zerbait edan eta jan behar da odola eman ostean, eta egun horretan esfortzu handirik ez egitea komeni da. Baita ere oso inportantea da baraurik ez etortzea. Beti ondo gosalduta joan behar da, edo bazkaldu ostean, pare bat ordu itxaron ostean joan gaitezke odola ematera.

Eguenera begira, eskoriatzarrak odola ematera animatu daitezela, ezta?

Hori da. Eskoriatzara urtean hiru aldiz joaten gara: garai honetan, uda aurretik eta udazken aldera. Beraz, anima daitezela herritarrak odola ematera, ezinbestekoa baita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak