Noiz hasi zinen sintomekin?
Milanen egon nintzen mutil-lagunarekin batera futbol partidu bat zuzenean ikusteko. Gero bueltatu ginen eta Aratusteak normal pasatu genituen. Hala ere, otsailaren 25ean, alergia bat izango banu moduko sintomak hasi nintzen igartzen. Katarro baten antzekoa zen, baina Italiatik zetozen albisteekin erabaki genuen probak egitea. 112ra deitu nuen eta epidemiologiakoekin jarri nintzen harremanetan; lehen unetik esan zidaten etxean geratzeko eta galdetu zidaten zeintzuk izan ziren nirekin kontaktuan izan zirenak, betiere sintomekin hasi nintzenetik. Sukarrik ez dut izan, hiru eguneko katarro bat izan dut.
"Sukarrik ez dut izan, hiru eguneko katarro bat izan dut"
Nola zaude orain bertan?
Orain bertan oso ondo nago. Dirudienez birusa daukat, baina katarro baten azken arrastoak dira sintomak, besterik ez. Etxean bakarrik geratu behar izatea da okerrena; kezka banuen hasieran informazioa ez nuelako baina medikuekin egon ostean askoz lasaiago nago.
Medikuekin egunero duzu harremana?
Bai. Egunero deitzen didate. Sintomekin hasi nintzenetik norekin izan dudan kontaktua, horixe izan zen lehen kezka. Otsailaren 25etik nire gurasoekin, nire osaba-izebekin eta nire mutil lagunarekin eta bere familiarekin egon nintzen eta haiei bai ari direla egiten jarraipen bat. Baina bizitza normala egin dezakete, kalean lasai ibili daitezke; sintomaren batekin hasiz gero etxean geratuko dira. Nire mutil-laguna da salbuespena, arrisku handia duelako koronabirusa izateko, eta horregatik Arrasateko beste etxe baten dago bikotekidea.
Hemendik aurrera ze urrats emango dituzu?
Bihar edo etzi proba berri bat egingo didate eta horrek negatibo ematen badu beste proba bat egingo didate beranduago; bigarren proban negatibo eman ezkero alta emango didate.
"Proba berri bat egingo didate eta horrek negatibo ematen badu beste proba bat egingo didate beranduago; bigarren proban negatibo eman ezkero alta emango didate"
Ze mezu helarazi nahiko zenuke?
Oso ondo nagoela eta ingurukoak lasai egon daitezkeela, hainbat zurrumurru faltsu heldu zaizkit-eta. Sintomekin hasi nintzenetik kontaktuan egon nintzenei jarraipena egiten ari zaie. Ez da horrenbesterako, izan dadila okerrena pasatu dudan katarro hau. Horrekin batera, gertukoei esan nahi diet galdetzeko niri lasai zer gertatzen zaidan, ez dagoela larritu beharrik.
Zurrumurru asko zabaldu dira. Mezu asko heldu zaizkizu?
Itzela izan da jaso dudan mezu uholdea. Aipatu da, adibidez, Aretxabaletako Haizea tabernan lanean egon nintzela Aratusteetan eta ondorioz sekulako arriskua dagoela. Ez nintzen lanean egon, baina egongo banintz ez dio axola; gogora ekarri behar da sintomak agertu ostean dagoela kutsatzeko arriskua.
"Gogora ekarri behar da sintomak agertu ostean dagoela kutsatzeko arriskua"