Aretxabaletarra da Gipuzkoan konfirmatutako lehenengo koronabirus kasua

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 3a, 11:42

Aretxabaletako neska gazte batek koronabirusa duela baieztatu diote haren ingurukoek Goienari. Milanera bidaiatu zuen horrek otsailaren 18a eta 22a bitartean, eta joan den martitzenean, hilaren 25ean sentitu zen ondoezik. Etxean ari dira egiten jarraipena hari, eta ondo dagoela adierazi dute gertukoek.

Gipuzkoan konfirmatutako kasuetako bat da; probak egin zizkioten eta positibo eman. Duela gutxi Milanera bidaiatu duen emakumea da, eta itzuli ostean arnas sintomak nabaritzen hasi zen. Osasun Kontseilura deitu, eta, ondoren, jarduteko protokoloa aktibatu zen. Gaur egun egoera onean dago etxean, hamalau egunez isolatzeko gomendioarekin. Osasun Publikoak egunero egingo dio bere osasun-egoeraren jarraipena. Aretxabaletan bizi arren Arrasateko etxebizitza batean dago, bakartuta orain, eta jarraipena egiten dabiltza hari.

Azterketa epidemiologikoari dagokionez, gertuko zortzi kontaktu identifikatu dira. Horiei guztiei "zaintza aktiboa" egiten dabiltza, hau da, euren etxeetan geratzeko, ahalik eta bizitza murriztaileena egiteko, bidaiarik ez egiteko eta tenperatura hartzeko esan diete. Sintomarik badute, Osasun Kontseilura deitzea da gidalerroa.

Osakidetzak jakitera eman dituen azken datuen arabera, gaur gaurkoz EAEn hamahiru kasu positibo daude baieztatuta; hamar Araban, bi Gipuzkoan eta bat Bizkaian. Pertsona horiek guztiak egoera onean eta etxeko jarraipenean daudela ere jakinarazi dute. Bestalde, Osasun Ministerioarekin atzo arratsaldean egindako bilera teknikoan salbuespenezko neurririk ez hartzea erabaki zen.

Arrisku-gunera joan bada eta sintomak baditu, etxean egon behar da eta 900 20 30 50 zenbakira deitu

Osakidetzak Koronabirusari buruz emandako informazioa

Koronabirusak animalietan zein gizakietan aurkitzen diren birus familia zabal bat dira. Batzuek gizakia infektatu egiten dute, eta hainbat gaixotasun eragin ditzakete, hala nola, hotzeria arrunta; gaixotasun larriagoak ere badaude, hala nola, ‎ Ekialde Hurbileko arnas sindromea (MERS) eta arnas sindrome akutu larria (Sras).

Badirudi kutsatutako animaliekiko kontaktuaren bidez edo gaixoaren eztularekin eta doministikuarekin sortzen diren arnas jariakinekiko kontaktu estuaren bidez transmitituko litzatekeela. Sekrezio horiek beste pertsona bat kutsatuko lukete haren sudurra, begiak edo ahoa ukituz gero.

Pertsonaren batek Koronabirusa duen susmoa izanez gero, 900 20 30 50 telefonora deitzeko eskaera egin du Osakidetzak. Hala nola, eztula, sukarra, eztarriko mina edo arnasa hartzeko zailtasuna sentituz gero, etxean geratu eta telefono hartara deitu behar da.

Zein dira sintomak?

Sintoma ohikoenak eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa dira. Kasu gehienak sukarra duen arnas infekzio bati dagozkio. Larritasun handiagoko kasu batzuk egon daitezke, oso gutxitan infekzioak pneumonia eragin dezake; kasu horietan, pazienteak arnasa hartzeko zailtasun handia du eta aire-faltaren sentsazioa, sukar altuarekin.

Zenbat irauten du inkubazio-aldiak?

Inkubazio-aldia 1 eta 14 egun bitartekoa da; batez beste, 5-6 egun

Inkubazio-aldia da ‎ infekzioaren eta gaixotasunaren sintoma klinikoen agerpenaren arteko denbora-tartea. Gaur egungo kalkuluen arabera, inkubazio-aldia 1 eta 14 egun bitartekoa da; batez beste, 5-6 egun. Estimazio horiek eguneratzen joango dira, datu gehiago eskuratu ahala. Koronabirusak eragindako beste gaixotasun batzuei buruz eskura dagoen informazioan oinarrituta (MERS eta SARS, besteak beste), 2019-nCoV aldiko ‎ inkubazio-aldia 14 egunekoa izan daitekeela kalkulatzen da. ‎ OMEk gomendatzen du baieztatutako kasuen kontaktuen jarraipena 14 egunekoa izatea.

Hartu beharreko higiene-neurriak:

  • Garbitu eskuak sarritan.
  • Eztul edo doministiku egitean, estali ahoa eta sudurra ukondoarekin edo zapi batekin. Bota zapia berehala eta garbitu eskuak alkoholez egindako eskuetako desinfektatzaile batekin edo ur eta xaboiarekin.
  • Eztula edo doministiku egin eta sukarra duten pertsonetatik metro batera egon gutxienez.
  • Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak