Zaldibarko zabortegi inguruetarako ezarritako prebentzio neurriak bertan behera utzi dituzte

Mirari Altube Arrese 2020ko ots. 20a, 18:10

CSICetik iritsitako azken emaitzek erakutsi dute airean dauden dioxina eta furano mailek "beheranzko joera" dutela. Hala adierazi dute gaur egindako prentsa agerraldian. Sua, gainera, itzalita dagoenez, Osasun Sailak erabaki du bertan behera uztea emandako prebentzio neurriak. Dena den, zehaztu du airearen eta uraren kalitatea neurtzen segituko duela, baita haren eboluzioa gertutik jarraitzen ere.

Gaur arratsaldean hartu du erabakia Jaurlaritzako Osasun Sailak CSICetik iritsitako analisien emaitzak ezagututakoan. Otsailaren 9an hartutako mostrarekin batera hilaren 10 eta 16 artean hartutako beste bederatzi aztertu dituzte; hain zuzen ere oraindik sua itzali gabe zegoenean jasotako mostrak. Adituen esanetan mostra horiek guztiak dira garrantzitsuak airearen kalitatearen eboluzioa ikertzen laguntzen dutelako eta datuak testuinguruan sartzen.
 
Dioxina eta furano mailek beheranzko joera nabarmena erakusten dutela gaur jasotako emaitzek adierazi dute Bilbon egindako prentsaurrekoan; hain zuzen CSICeko aditu Begoña Jimenez izan da han horiek azaltzen Iñaki Berraondo Osasun sailburuordearekin, Jesus Ibarluzea Biodonostiako ikertzailearekin eta Aitana Lertxundi EHUko irakasle eta ingurumen adituarekin batera. Datu horiek eskuartean eta martitzenetik sua itzalita dagoela jakinik, adituek erabaki dute aurreko astean emandako prebentzio gomendioak bertan behera uztea. Dena den, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak adierazi du uraren zein airearen neurketak eta gertuko jarraipenak mantendu egingo dituztela. Era berean, gogorarazi dute dioxina eta furano mailak osasunarentzat arriskutsuak direla denbora luzez eta kantitate handitan egonez gero kontaktuan.
 
Berraondok azpimarratu du sua itzali izanak zeresan handia izan duela inguru horretako airearen kalitateak hobera egin izanarekin. Horregatik, azken egunetan sua itzaltzen jardun duten profesionalen zein boluntarioen lana eskertu du. Osakidetzako eta EHUko teknikariak ere eskertu ditu Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin elkarlanean jardun izanagatik.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak