Oso pozik azaldu dira elkarteko kideak 2019ak utzitako datuekin. "Beldurrik gabe esan dezakegu Tokikomeko bazkide diren toki komunikabideen edizio digitalek osatzen duten sarea oinarri-oinarrizko azpiegitura dela euskarazko edukien eguneroko kontsumoan. 2019ko trafiko datuak aztertuta, kopuruak oso esanguratsuak dira benetan".
Tokikomeko bazkideen webguneek 36.380.205 ikustaldi izan zituzten 2019an
Izan ere, Tokikomeko bazkideen webguneetako orrialdeek 36.380.205 ikustaldi izan zituzten urte guztian, 2018an baino %36 gehiago. Hilabeteko batez bestekoa 3 milioikoa izan zen. Maiatzean goraldi nabarmena izan zen, udal hauteskundeen bueltan –3,8 milioi ikustaldi– eta abuztuan, berriz, beherakada, udako oporrekin lotutakoa –2,3 milioi–.
Ia 400.000 erabiltzaile hilean
Hilabetero 399.025 erabiltzaile izan dituzte webgune horiek, eta bisiten batez besteko iraupena ere luzatu egin da, bi minutu pasatxora iritsita. 2019an 122 segundokoa izan da batez bestekoa eta 119koa 2018an – Goiena.eus-en, 148 segundo–.
Hori horrela, "irakurketa positiboa" egiten dute. "2018an baino %35 gehiago izan dira toki komunikabideetara hurbildu diren erabiltzaileak, haietako bakoitzak orrialde gehiago irakurri ditu eta denbora gehiago pasatu du webguneetan".
Ia erdiak, bilatzaileetatik
Tokikomeko webguneek izandako bisiten %40 baino gehiago bilatzaileetatik iritsi ziren 2019an. "Datu zehatzik ez badugu ere, susmoa daukagu erabiltzaile gehienek, hedabidearen helbidea idatzi baino gehiago, bilatzailean sartzen dutela zuzenean webgunera iristeko".
Bigarren iturri nagusia Facebook da; izan ere, bisiten laurdena baino gehiago sare sozial horren bitartez iritsi ziren. Ondoren, trafiko zuzena izan zen (%21,6), eta Twitterrek bisiten %7 eragin zuen.
Bisiten %40 baino gehiago bilatzaileetatik iritsi ziren; Facebooketik, berriz, bisiten laurdena baino gehiago
Bestalde, 2018ko amaieran, bisiten %64,5 egiten zen gailu mugikorretatik, eta 2019ko abenduan kopuru hori %71,43koa zen, batez beste. Ordenagailu arruntetatik bisiten laurdena egin ziren, eta tabletetatik %4 baino apur bat gutxiago.
171 eduki egunero
Komunikabide digitalen ekoizpenari dagokionez, Tokikom plataformaren azken bertsioa erabiltzen duten webguneek 62.416 eduki argitaratu zituzten 2019an; hau da, 171 eduki egun bakoitzeko, batez beste. Gehienak artikuluak izan ziren (%56); agendako sarrerak, %19; eta argazki galeriak, %8. Bestalde, sortutako eduki guztiaren %23 galeriak, audioak eta bideoak izan ziren. Gizartea, kultura eta kirolak izan ziren gai landuenak –edukien %40, %22 eta %17–.
Apustu egokiaren emaitza
TOKIKOMen oso pozik daude datuok erakusten dituzten joerak ikusita. "TOKIKOM gorpuztu ondoren bazkideei egin genion lehenengo proposamena edizio digitalak ateratzeko bakoitzak bere aldetik egiten zituen ahaleginak bateratzea izan zen. Apustu horrek buruhauste eta lan asko ematen digu, baina datuek argi erakusten dute apustu egokia izan zela: euskarazko medioen batez bestekoaren gainetik hazten ari gara urtez urte, eta hori oso seinale ona da. Historikoki, euskarazko toki komunikabideak sortzeko arrazoi nagusienetako bat euskarazko edukien kontsumoa areagotzea da, eta zenbakiok argi uzten dute zeregin horri ondo erantzuten diogula".
TOKIKOMeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, taldearen barruan pixkanaka hedatzen ari den kultura aldaketa nabarmendu du: "Zenbakietatik harago, edizio digitaletan egindako lanak ireki dizkigun bideak ere azpimarratu beharra dago. Elkarlanerako eta berrikuntzarako kultura bat zabaltzen ari gara pixkanaka-pixkanaka, eta hainbat alderditan punta-puntako medioak garela esan daiteke: hor dago publizitaterako kanal digitala, kudeaketa aurreratuan egiten ari garen aurrerapausuak, EiTB eta Eusko Jaurlaritzarekin batera lantzen ari garen EuskalPMP proiektua, Ttap eta Zut aldizkari digital natiboak sortu izana… Tradizioz arazo edo desabantaila gisa bizi izan dugun txikitasuna gure aldeko tresna bihurtzen ari gara, saretzeak ematen digun indarrari esker".
Edukirik ikusienak
Bitxikeria moduan, hauek dira 2019an TOKIKOMeko toki komunikabideen sarean ikustaldi gehien izan zituzten edukiak:
- Aiurri.eus (Buruntzaldea): Meltxor eta Gaspar Errege Magoen gutuna Baltasarri.
- Goiena.eus (Debagoiena): Udal eta foru hauteskundeak eta Europakoak (2019).
- Maxixatzen.eus (Azkoitia): Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilaria hil da.
- Barren.eus (Elgoibar): 36 urteko gizonezkoa da labankadaz hil dutena, eta Ertzaintzak atxilotu du ustezko erasotzailea.
- Euskalerriairratia.eus (Iruñerria): Elkartasunerako deia egin du Argia Ikastolak.
Webgune bakoitzean urtean gehienetan ikusi den edukiari erreparatuta, edukirik arrakastatsuenak gertakariekin lotutakoak dira, Gizartea atalekoak ondoren, eta, 2019an bereziki, Korrika eta Hauteskundeak. Ikusi hemen 2019an Goiena.eus-en ikusienak izan diren albisteen zerrenda.
TOKIKOMeko webguneak
- 28 kanala (Tolosaldea, Gipuzkoa).
- Aiaraldea (Aiaraldea, Araba).
- Aikor (Txorierri, Bizkaia).
- Aiurri (Beterri-Aiztondo-Buruntza, Gipuzkoa).
- Alea (Araba).
- Amezti (Ultzama-Basaburua, Nafarroa Garaia).
- Anboto (Durangaldea, Bizkaia).
- Antxetamedia (Bidasoaldea, Lapurdi).
- Baleike (Zumaia, Gipuzkoa).
- Barren (Elgoibar, Mendaro; Gipuzkoa).
- Erlo telebista (Urola-Kosta, Gipuzkoa).
- Erran (Baztan, Bortziriak, Malerreka; Nafarroa Garaia).
- Euskalerria Irratia (Iruñerria, Nafarroa).
- Geuria (Hego Uribe, Bizkaia).
- Goierri Irrati Telebista (Goierri, Gipuzkoa).
- Goiena (Debagoiena, Gipuzkoa).
- Guaixe (Sakana, Nafarroa Garaia).
- Hiruka (Uribe-Kosta, Bizkaia).
- Karkara (Orio, Aia, Gipuzkoa).
- Kronika (Urumealdea, Gipuzkoa).
- Mailope (Araitz-Betelu, Larraun, Lekunberri; Nafarroa Garaia).
- Maxixatzen (Azkoitia, Gipuzkoa).
- Noaua (Usurbil, Gipuzkoa).
- Oizmendi telebista (Busturialdea, Lea-Artibai).
- Plaentxia (Soraluze, Gipuzkoa).
- Txintxarri (Lasarte-Oria, Gipuzkoa).
- Uriola (Bilboaldea, Bizkaia).
- Urola-Kosta hitza (Urola-Kosta, Gipuzkoa).
- Uztarria (Azpeitia, Gipuzkoa).
- Zarauzko Hitza (Zarautz, Gipuzkoa).