Publizitate programatikoa euskaraz egiteko aukera emango duen 'Euskal PMP' ekimena aurkeztu dute

Maialen Regueiro 2019ko ira. 18a, 11:41

Euskal PMP (Euskal Private Market Place) ekimena aurkeztu dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzak, EiTBk eta Tokikomek. Produktu hau, euskarazko edukietan espezializatua dago eta publizitate espazioak erosteko balioko du. Ekimen honetan, gainera, euskarazko medioek izango dute parte hartzeko aukera.

Bilbon egin den aurkezpenean, Alex Rayon, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea, Iraitz Elgezabal, Tokikomeko zuzendari komertziala, Juan Manuel Alvarez, Smart AdServerreko Country Managerra, Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia izan dira.

Interneten iraultza

Publizitateak eragina izan du interneten iraultza dela eta. Are gehiago, gaur egun, interneti esker, iragarleek erabiltzaile tipologiaren arabera erosten dituzte espazioak eta ez hedabideen arabera. Gaur egun egiten diren salmetak, publizitate programatikoaren bitartez egiten dira, alegia, argitaratzaileek azoka birtuala dute eta bertan zehazten dira publizitate espazioak.

Euskarazko medioak

Interneteko iragarki edo banner bakoitzaren prezioa oso txikia da eta azoka birtual horiek oso bolumen handietan dihardute. Modu horretan, alde batetik, euskarazko medioak txikiegiak dira errentagarriak izateko eta bestetik, ez dago modurik iragarkien beraien hizkuntza bereizteko. Beraz, euskara hutsez funtzionatu nahi duten komunikabideek eragozpenak dituzte.

Horrez gain, aipatutako modu programatikoa funtzionamendu erosoa da publizitate agentzientzat eta negozioa azoka automatikoetara bideratzen ari dira. Euskarazko medioen kasuan, orain arte ez dute aukerarik izan azoka horietan parte hartzeko, gutxika publizitaterik gabe geratzen ari zirelarik.

Arazoari aurre egiteko soluzioa

Duela urte bete elkartu zen Tokikom EiTBren sail komertzialarekin, arazo honi konponbidea emateko asmoz. Hala, arazoa Eusko Jaurlaritzaren kultura eta hizkuntza politika sailean azaldu eta honek, ekimenaren aldeko apustua egitea erabaki zuen.

'Euskal PMP'

Prozesuaren emaitza, Euskal PMP sortzea izan da, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa baliatuta. Garapen teknikoa EiTBk berak, Fortako hainbat komunikabidek eta euskarazko hainbat komunikabidek erabiltzen duten Smart enpresak egin du, eragile garrantzitsua baita publizitate programatikoaren munduan.

Komunikabideek publizitatea argitaratu eta kudeatzeko erabiltzen duten sistema ezberdinekin teknikoki bateragarria da, baina baita iragarleek eta publizitate agentziek erabiltzen dituztenekin ere. Modu horretan, euskarazko komunikabideek azokatan programatikoki parte hartzeko aukera izango dute. Iragarleen kasuan, euskarazko publizitatea errazagoa izango da.

Tresnaren erabilera

Teknikoki tresna erabiltzeko prest dago, eta aurkezpenean berau erabili eta aprobetxatzeko deia egin dute. Iragarle eta agentziek, euskarazko publizitate gehiago egin eta Euskal PMP berri hau baliatuz eta euskarazko komunikabideek publizitate espazioak azoka berrian eskainiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak