Zubillaga-Oñati Hiltegiak komunikazio estrategia berria aurkeztu du

Amaia Aranegi 2020ko ots. 12a, 16:21

Zubillaga-Oñati Hiltegiak bere komunikazio estrategia berria aurkeztu du gaur. Garai berriei aurre egiteko, salto komunikatibo handi bat egitea erabaki du erakundeak eta bezero eta kontsumitzaileei zerbitzu pertsonalizatua eskaintzeko eta harreman hori beste hurbiltasun batekin egiteko irudi, webgune eta komunikazio kanal berriak aurkeztu ditu erakundeak.

Garai berriei aurre egiteko, salto komunikatibo handia egitea erabaki du erakundeak, eta, bezero eta kontsumitzaileei zerbitzu pertsonalizatua eskaintzeko eta harreman hori beste hurbiltasun batekin egiteko, irudi, webgune eta komunikazio kanal berriak aurkeztu ditu erakundeak. "Irudi berriak ikuspegi modernoagoa eskaintzea bilatzen du, eta hori islatuko da gure webgune berrian", azaldu du Iraia Sola gerenteak. Webgunea Zubillagahiltegia.com da, eta enpresaren Youtube, Facebook eta Flickr sare sozialetara sartzeko aukera eskainiko du. Bestalde, Zubillaga-Oñatiren gaineko informazioa jasotzen duen eta hilabetero bidaliko den buletin digitalean izen emateko aukera ere egongo da webgunean bertan.

Beste berritasun bat Whatsapp zerbitzua izango da. Horren bitartez, aurrerantzean hiltegiko bezeroek bertako arduradunekin kontaktu zuzena edukitzeko aukera izango dute 688 76 02 73 zenbakian. Horrez gain, zubillaga@hiltegia.com helbide elektronikoa ere eskuragarri edukiko dute edozein eskari egiteko edo informazioa emateko.

Hil, zatitu eta banatu

Zubillaga-Oñatik hiltze, zatitze eta banatze "zerbitzu pertsonalizatua" eskaintzen die Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bezeroei. "Eskaintzen den zatitze eta banaketa zerbitzu pertsonalizatua abereen potentzial guztia ateratzeko bideratua dago. Abereek ez sufritzea eta ahal bezain gutxi estresatzea garrantzitsua da kalitatezko haragia lortzeko, eta Zubillaga-Oñatiko azpiegitura eta lan teknika garatuak horretara daude bideratuta, animalien ongizatea bermatuz".

Horrez gain, hiltegiko arduradunek azaldu dutenez, zatitze gelan egiten den lanari esker, "bertan hiltzen dena zatitu eta produktuari balio erantsia emateaz gain, bezeroari azken produktua formatu eroso eta egokian jasotzeko aukera ematen zaio".

Hori dela eta, izendapen berriak hiltegi eta zatitze zerbitzua eskaintzen duela adieraziko du, eta, modu horretan, "enpresan egiten diren bi ekintza nagusiek presentzia hartuko dute". Banatze zerbitzuari dagokionez, bezeroari ganadua osorik, kanaletan edo ontziratuta jasotzeko aukera eskaintzen dio enpresak.

'Okelaren jatorria baserria'

Irudiarekin batera, eslogan berria ere aurkeztu dute: Okelaren jatorria baserria. "Izan ere, baserririk gabe okela kontsumitzea ezinezkoa izango baita".

Behiak, ardiak eta zaldiak

Zubillaga-Oñatik 9.000 abelburu inguru ekoizten ditu urtean, eta horietatik %95 abelgorriak dira. Gainontzekoak, ardiak eta zaldiak. 250.000 kilo pasatzen dira Zubillagako zatitze gelatik, eta 900 ustiategiri ematen zaie zerbitzua kopuru horrekin.

Zubillaga-Oñatik baserrietan hazten diren animaliak era egokian prozesatzen dituela aitortu du Solak: "Euskal Okelaren kalitatea bermatzen du". Izan ere, erakundearen helburu nagusia "haragiaren sektorea iraunkorra izatea" da.

%100 publikoa den enpresa

Oñatiko Zubillaga auzoan dagoen Zubillaga Hiltegia SL enpresa 1983tik dago funtzionamenduan, eta 12 udalerrik bultzatutako zerbitzu enpresa publikoa da –Debagoieneko bederatziak, Legazki, Urretxu eta Zumarraga–. "Lehen, Debagoieneko Mankomunitateak gestionatzen zuen hiltegia, baina hausnarketa bat egin zen ikusteko sektoreari laguntzeko ze erreminta mota izan beharko litzatekeen hiltegia. Ikusten zen egunerokotasunean funtzionatzeko moduetan errazagoa izango litzatekeela SL bat izatea eta, bide batez, aukera ematen zuen nahi beste udalek parte hartu ahal izateko", azaldu du Solak.

Udalerri bakoitzak partizipazio kopuru ezberdin bat dauka, bere biztanleria eta abelburu kopuruaren arabera. Aurten, 2020an, 180.000 euroko ekarpena egin dute guztira 12 udalerriek –190.000 eurokoa izan zen 2019ko ekarpena–. "Inbertsioak egiteko eta kuotak ordaintzeko erabiltzen dugu ekarpen hori, besteak beste", dio gerenteak.

Gipuzkoan, lau hiltegi

Estruktura juridiko ezberdinak dituzten lau hiltegi daude Gipuzkoan. "Oñatikoa da %100 publiko den bakarra. Tolosakoaren jabetza udaletxearena da baina enpresa pribatu batek darama kudeaketa. Donostian langileen kooperatiba estiloko bat dago –Matadero Frigorifico Donostiarra SAL izenekoa–. Azkenik, Zestoan abeltzainen kooperatiba bat dago –Urkaiko–", azaldu du Solak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak