Amiantoa "behin betiko desagertzeko" eskatuko dute hilaren 19an Kulturaten

Maialen Regueiro 2020ko ots. 12a, 13:21

Amianto hiltzaile isila. Ondorioak Debagoienean izenburupeko jardunaldia antolatu dute hainbat sindikatuk otsailaren 19rako. Saioa Arrasateko Kulturaten izango da, 18:30etan hasita, jardunaldiaren aurkezpena Bergarako Arcelor Mital enpresaren aurrean egin badute ere.

Jardunaldi hau antolatzeko bat egin dute Comisiones Obrerasek, ELAk, LABek eta ASVIAMIEk. Baina Onkologiako erizain Maitane Arteaga ere hitzaldiko hizlarietako bat izango da. Bertan, Amiantoa "behin betiko desagertzeko" eskatuko dute, baina horrekin batera, herritarrek gai honen inguruan dituzten galdera eta zalantzak argituko dituzte.

Amiantoaren biktimak

Jesus Uzkudun, ASVIAMIE elkarteko kideak aipatu bezala, Euskal Gobernuak amiantoaren biktimak kontuan izan beharko lituzke eta horien kalte ordainen funtsa sortu. Horrekin batera, Uzkudunek bailaran amiantoa erabili izan duten bi enpresak aipatu ditu, Bergarako Union Cerrajera eta Goizper, non amiantoak gaixotasunak eta heriotzak eragin dituen.

"Isiltasun ituna"

Uzkudunek aipatu du, erakundeek isilean mantentzeko ituna dutela eta horregatik ez dutela amiantoari dagozkion, baina aldi berean beharrezkoak diren azalpenak ematen. Hala ere, azalpen horiek otsailaren 19ko jardunaldian emango dituztela aitortu du Uzkudunek. Horregatik, herritarrei hitzaldian parte hartzeko deia egin die ASVIAMIE elkarteko kideak, bertan zalantza asko argituko direlako.

Eskaera Euskal Gobernuari

Nafarroako Gobernuak amiantoa desagertzeko plan bat onartu du Uzkudunen esanetan. Horregatik, berau adibide bezala hartzeko eskatu dio Euskal Gobernuari. Horrekin batera, 2032rako Europako ildoa jarraituta, amiantoa errotik kentzeko eskatu die erakundeei.

Zaldibarko "hondamendia"

Zaldibarren gertatutakoa "hondamendia" izan dela adierazi du Uzkudunek: "Zoritxarrez gure hautsak harrotzea sortzen da hildako baten ondoren edota horrelako gertaera baten ostean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak