Ardi latxaren artilearekin egindako isolatzailea aurkeztu du Ternuak

Miren Arregi Amasorrain 2020ko ots. 7a, 18:49

Ardi latxaren artilearekin egindako kirol-jantzietarako isolatzaile termikoa aurkeztu dute Ternuak eta Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak gaur, Donostian. Ternuak garatutako Artileshell teknologiari esker, irtenbide bat eskainiko zaio gaur egun hondakin gisa kudeatzen den ardi latxaren artileari. Lehengaiak kalitate handiko jaketan isolatzaile termiko izateko balio du. Proiektua garatzeko, Antzuolako Lamariano Azpikoa baserria aukeratu da.

Donostian aurkeztu dute ardi latxaren artilearekin egindako isolatzaile termikoa gaur, Ternuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proiektuaren helburua da, ardi latxaren ustiategietatik datorren artileari balioa ematea bai ingurumen mailan, bai eta ekonomia zein kultura mailan ere. Proiektuarekin, gainera, balio-kate osoa inplikatuko duen ekonomia zirkularreko merkatu bat sortu gura da.

Kudeatzeko hondakin zaila

Ehungintzaren sektorean zuntz sintetikoek izan duten gorakadaren eta etxaldeen sakabanaketaren ondorioz, artilea bezalako balio handiko produktu bat erabilerarik gabe geratu da azken hamarkadetan. Historikoki artilea euskal baserrien ekonomiaren euskarri izan den materialetako bat bazen ere, azken hamarkadetan ardi ilea ingurumen arazo bihurtu da. Arazo hori larriagotu egiten da ardi latxaren artilearen kasuan, arraza horretako ardien bereizgarri den artilea astuna eta lantzen oso zaila baita. Artalde horien ustiategietako artile landugabea, beraz, kudeatzen zaila den hondakina da, eta, gaur egun, gastuak besterik ez dizkie sortzen nola ustiategiei hala Administrazioari.

Iletegiak, artilea prozesatzen espezializatutako Ipar Euskal Herriko enpresak, datu hauek eman ditu: ardi bakoitzeko 2,5 kg artile sortzen denez batez beste, urtean 625 tona artile sortzen dira, 2000 tona Euskal Herri osoan. Bestetik, Edu Uribesalgo Ternuako Berrikuntza zuzendariak adierazi du: "Artileshell teknologia sortu dugu berrikuntzarekin, ingurumenarekin eta gizartearekin dugun konpromisoa nabarmentzeko. Irtenbiderik ez duen hondakin honentzako alternatibak bilatuz, tokian tokiko arazo bihurtu baita. Hondakin hau gure arropentzako lehengai bilakatuko dugu eta bide batez, gure erabiltzaileak ingurumenarekin eta gizartearekin arduratsua diren erosketek duten garrantziaren inguruan kontzientziatuko ditugu". 

Antzuolako Lamariano azpikoa baserria aukeratua

Proiektua garatzeko Lamariano azpikoa baserria aukeratu da, Antzuolan kokatua, ardi latxak zaintzen eta gazta ekologiko ugari egiten dituena Amatxo markaren izenean. Txomin Alberdi eta Amaia Laskurain dira baserriko bi gazteak: "Oso pozik gaude ekimen honetan parte hartzeagatik,  gure sektorearentzako bultzada bat delako, gure proiektuarentzako laguntza handia suposatzen duelako  eta ilusio handia egiten digulako gure ardien artilea Ternuako produktuen zati bat izatea. Ternuak  natura errespetatzeko eta babesteko gure balioak partekatzen ditu, kalitatezko eta bertako lehengai bat balioan jarriz, gure ardi latxaren artilea bezala".

Irailetik aurrera dendetan

Artileshell teknologia berriarekin diseinatutako lehenengo jakak ARTILE JACKET izena izango dute. Ternuako udazken-neguko 2020-2021 bildumaren barruan egongo dira eta irailetik aurrera dendetan egongo dira 229,95 euroko gutxi gorabeherako prezioarekin. Jaka bakoitzak 400 gramo artile eramango ditu. Bere bide-orria jarraituz, Ternuak iraunkortasun irizpideak jarraitu ditu jantzi honen oihalak aukeratzerakoan. Hain zuzen ere, birziklatutako oihaletan oinarritutako haize eta eurietatik babesten duen jaka diseinatu du, artilezko betegarri natural eta ekologikoarekin eta PFC gabeko ura aldarazteko tratamenduarekin. Latxa Artile proiektuaren zikloa azaltzeko, Ternuak jakaren barnean etiketa berezi bat sartu du elaborazio prozesu guztia kontatuz. Jakak nazioartean merkaturatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak