First Lego League-a jokatuko dute bihar bailarako lau ikastetxetako ikasleek

Maialen Santos 2020ko ots. 7a, 13:04
Ikasle eta epaimahaikideak iazko First Lego League lehiaketan.

Zientzia eta teknologia uztartzen dituen nazioarteko hezkuntza-programan parte hartzen aritu dira Debagoieneko lau ikastetxetako zortzi ikasle talde. Zapatu honetan izango dute orain arte egindako proiektuak aurkezteko txanda; gehienek, Arrasaten.

First Lego League nazioarteko heziketa programatik eratorritako lehiaketa da, eta gazteak zientzia eta teknologiaren arlora hurbiltzea du helburu. Innobasqueren ekimenez, azken hilabeteetan Euskal Herri osoko 2.000 ikasle aritu dira proiektu honetan lanean, sormena, inklusioa, talde-lana... landuz. Zehazki, 51 ikastetxetako 126 ikasle-taldek hartu dute parte, –tartean, Debagoieneko zortzik–.

Bihar, zapatua, emango diote amaiera orain arte egindako lanari. First Lego League Euskadiko lehen lehiaketa egoitzaniztuna jokatuko dute; izan ere, aldi berean Donostian, Deustun eta Arrasaten arituko dira lehiatzen. Hiru tarte izango ditu finalak. Batetik, aurrez programatutako robot baten bitartez erronka bat bete beharko du talde bakoitzak. Horretaz gain, planteatutako arazo bati irtenbidea topatzen saiatu beharko dira. Eta azkenik, azken hilabeteetan eskolan garatutako proiektuak aurkeztu beharko dituzte. Hala, hiru lehiaketa horietako bi talde onenak aukeratuko ditu epaimahaiak –guztira, sei euskal talde–, martxoaren 28an Tenerifen jokatuko den estatu mailako finalean lehia daitezen.

Bailarako lau ikastetxe

Gehienez ere hamar pertsonako taldeetan aritu dira lanean zientzialari gazteak, sei hilabetez. Arizmendi Ikastolako lau taldek hartuko dute parte biharko lehiaketan –Almeneko eta Gaztelupeko bina taldek–. Bestalde, Zuazola-Larraña Institutuko talde batek ere jardun du lanean, eta Txantxiku Ikastolako beste talde batek ere hartu du parte programan. Hiru zentro horietako ikasleak Arrasaten arituko dira bihar –Goi Eskola Politeknikoan–. Horietaz gain, Mariaren Lagundia Ikastolako bi taldek ere hartuko dute parte; hauek, baina, Donostian.

Txantxiku Ikastolako ikasle eta irakasleak. (Argazkia: Julen Alberdi)

Arizmendi Ikastolako Gaztelupeko ikasleetako batzuk. (Argazkia: Aitor Ziardegi)

Mariaren Lagundia Ikastolako ikasleak. (Argazkia: Ekaitz Azula)

Zuazola-Larraña Institutuko ikasleak (Argazkia: Amagoia Gomez)

Espazio jasangarrien alde

Espazio eta hiri jasangarrien aldeko proiektuak egin behar izan dituzte aurten ikasleek, bizi eta lan egiteko ingurune hobeak eraikitzea helburu. Zuazola-Larrañako ikasleek baserri jasangarri baten aldeko apustua egin dute, bertako irakasle Amagoia Gomezek azaldu moduan: "Oñati landa-eremu handiko herria izanik, energia berriztagarrietan oinarritutako baserri baten maketa egin dute". Aditu baten laguntza ere jaso dute proiektuan: "Ekaitz Ubide arkitektoa etorri zitzaigun eskolara azalpenak ematera. Izugarri lagundu digu". Txantxiku Ikastolako irakasle Ales Anduagak, bestalde, ikasleek erakutsitako "autonomian" jarri nahi izan du azpimarra: "Euren kabuz lan handia egin dute, beraiengandik irten dira ideiak". Hala, herriko uren hoditeria arazoak konpondu eta ur ihesak ekiditeko lanetan aritu dira bertakoak. Mariaren Lagundikoak, aldiz, batetik, uholdeei nola aurre egin ikertzen aritu dira, kalteak saihesteko; bestetik, gainpopulazioari aurre egiteko etxebizitza bloke "bereziak" sortu dituzte, Ekaitz Azula irakasleak esan duenez: "Etxebizitza blokeak gorantz hazi baino gehiago, lurpeko solairuak egiteko ideia izan dute". Arizmendiko ikasleek, azkenik, jasangarritasuna "bultzatzeko" aplikazio bat sortu dute, etxeak eguzkiaren bitartez argiztatu daitezen lortzeko. Hala azaldu du Aitor Ziardegi irakasleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak