Banda zabal ultralasterra landa guneetan, 2023 urterako helburu

Jone Olabarria 2020ko ots. 7a, 12:46

2023rako Gipuzkoako landa eremuko baserri guztietara zuntz optikoa heltzea gura dute aldunditik, landa-eremuko biztanleek hiriguneetan bizi diren pertsonen baldintza berak izan ditzaten. Joan den astean egindako lan jardunaldian izan ziren Debagoieneko hainbat alkate.

Foru Aldundiak antolaturik eta Gipuzkoako udalei zuzenduta, banda zabal ultralasterraren inguruko lan jardunaldia egin zuten joan den astean Tolosan. Markel Olano diputatu nagusiarekin eta Imanol Lasa Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Eremuko diputatuarekin batera Bergarako, Eskoriatzako, Leintz Gatzagako, Aretxabaletako eta Oñatiko alkateak izan ziren bertan.

Aldunditik gogorarazi dute 2018. urtean, 2.356.000 euroko inbertsioa egin zela, "eta horri esker, gaur egun, herri txikietako 2.000 baserrik konexio ultralasterra dute". Hala ere, herri txikietan eta landa-eremuetan oraindik 5.200 baserri inguru gelditzen dira konektatzeke. 2023rako Gipuzkoako landa eremuko baserri guztietara zuntz optikoa heltzea gura dute aldunditik, landa-eremuko biztanle gehienek hiriguneetan bizi diren pertsonen bizi eta lan egiteko baldintza berak izan ditzaten.

Azterketa fasean

Hori lortu ahal izateko, herri bakoitzeko egoera aztertu beharko dute Debagoieneko udalek, Izaro Elortza Oñatiko alkateak azaldu duenez: "Zer eremutara eraman behar den eta iritsi ahal den aztertzen gabiltza. Aldunditik telekomunikazioen mapa eguneratzen dabiltza, egoera ikusi eta horren arabera finantziazioa eskatzeko".

Finantziazioa, Aldundiak eta udalek

Hala, finantziazioari dagokionean inbertsioetarako diruaren erdia Foru Aldunditik etorriko litzateken arren, beste erdia udalek finantzatu beharko luketela azaldu du Aretxabaletako alkate Unai Elkorok: "Aztertu egin beharko da, baina etxeko 1200 euroko gastua estimatzen dugu. Erdia Aldundiak ordainduko du eta beste erdia udalek. Dena den, nukleoen arabera eta gune horretako etxebizitza kopuruaren arabera kostuak aldatu daitezke". Aldunditik aurreikusten dute aurten hasi ahal izatea proiektu horretan lanean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak