Aintzane Oiarbide: "Europak dioenarekin bat eginda, erabili eta kutsatzen duenak ordaindu egin behar du"

Txomin Madina Milikua 2020ko ots. 7a, 09:51

Iazko martxoa amaieran guztiz zabaldu zenetik doakoa izan den Bergara eta Beasain arteko autobidea ordainpekoa izango da 201eko abenduaren 31 bainio lehen. Gipuzkoako Foru Aldundiak landu du duen Foru Arauaren aurreproiektuaren arabera, autobide zati osoa erabiltzen duten autoek 2,5 euro inguru ordaindu beharko dituzte; kamioiek, bestalde, 5,15 euro. Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek eman ditu xehetasunak.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua Goiena telebistan izan da asteon, aurreproiektuaren xehetasunak azaltzen. "Guk beti horren aldeko apustua egin dugu alderdi bezala, eta Batzar Nagusietan ere horrela dago erabakita gehiengo osoarekin. Epeak oso luzeak dira, eta 2021eko bukaera alderako aurreikusten dugu martxan egotea, gehienez, 2021eko abenduaren 31ean. Izan daiteke hilabete batzuk lehenago, baina epeek markatuko digute hori", azpimarratu du.

Modu horretan, bi herrien arteko autobide zati osoa erabiltzen duten autoek 2,53 euro ordaindu beharko dituzte eta kamioiek, 5,15 euro.

Prezioak Europako Batzordearekin lantzen dituztela dio Oiarbidek. "Oso txosten zehatzak eskatzen dizkigute. Txosten horiek goitik behera begiratu ostean, sei hilabeteren ostean esan behar digute onartzen duten edo ez. Kasu honetan, ofizialki ez bada ere, oniritzia eman digute", adierazi du.

Ordainlekuak, arkuak

Ordainlekuei dagokienez, arkuak jartzea aurreikusten du Diputazioak. "Batetik, ez dago lekurik hor ohiko ordainlekuak jartzeko. Bestetik, ohiko ordainlekuak nahiko atzeratuta gelditzen dira gaur egun. Arkuen sistema honen teknologiari esker, informazio askoz gehiago jasotzen dugu, ez bakarrik bidesariei buruzkoa, baita trafikoari buruzkoa ere. Horrez gain, askoz kutsadura gutxiago sortzen du, ibilgailuek ez dutelako gelditu eta berriz abiatu beharrik izango ordaintzeko", dio Oiarbidek.

Hiru arku jarriko dituzte, Ezkion, Beasainen eta Deskargan, "bide osoa hartuta kilometro berdintsuak hartzen dituzten zatiak direlako horiek". Hala, Beasaindik Ormaiztegirako tartea, 2,8 kilometrokoa, 0,38 euro ordainduko dute autoek eta kamioiek, aldiz, 0,78 euro; Ormaiztegitik Zumarragara arteko 5,4 kilometroko tartea 0,74 euro ordainduko dute autoek eta 1,50 euro, kamioiek; Legazpi/Urretxutik Bergarara dauden 7,3 kilometroak 1,41 euro ordainduko dituzte autoek eta kamioiek, berriz, 2,87 euro. "Azkenik, Antzuolan mikroportiko deritzoguna jarriko dugu, eta horrek esan nahi du Antzuolan irteten denak 2 kilometro bakarrik ordaindu beharko dituela. Beraz, antzuolarrek egunero erabiltzen badute bide hau, egunean 20 zentimo bakarrik dira".

'Abiatu' gailuaren abantaila

Gipuzkoarrek kopuru horiek saihesteko aukera dutela azpimarratu gura izan du Oiarbidek. "2,53 euro Gipuzkoatik kanpokoentzat izango dela esango nuke. Berez, guztiontzat da, baina gipuzkoarrok daukagu abantaila handi bat, Abiatu gailua. Horren bitartez, deskontuak edukiko ditugu, egiten ditugun bidaien araberakoak, eta gastu muga ere edukiko dugu, 32 euro baino gehiago ez dugulako ordainduko, autobide guztiak aintzat hartuta. Bergaratik Beasainerako tartea, esaterako, 2,53 euro ordaindu beharrean, 81 zentimo ordainduko ditugu".

Hori dela eta, gipuzkoar guztiei dei egin die Abiatu gailua eskuratu dezaten.

Garraiolariak kexu dira

Gipuzkoako garraiolariak kexu azaldu dira honen aurrean. Hiru sindikatutik salatu dute Aldundiak sektorea "hondoratu" egin nahi duela. Oiarbidek honela erantzun du: "Guk ez dugu inor hondoratu nahi. Ulertzen dut egun guztian errepidean daudela, baina Europara joaten direnean, kexatu gabe ordaintzen dituzte beste estatu guztietan. AP-8an ibiltzen direnek ere ordaintzen dituzte. Horrenbestez, uste dut demagogia txiki bat dela. Egia da haien kontuak eguneratu egin beharko dituztela, baina hau da Europan dagoena, eta hori barneratu beharra daukagu".

Patxi Agirre kamioilaria Brinkolakoa da, eta astean lau bat aldiz egiten du tarte hori, alde batera zein bestera. "Urte bukaeran 1.200 euro izango dira, beste zerga bat. Bidegabea iruditzen zait. Guk gure zergak ordaintzen ditugu eta politikariek administratu beharko lukete gure zergetatik jasotako dirua. Haien lanaren porrot bat da hau, eta gezurretan ari dira. Esan zuten hau atzerritarrek ordaindu behar zutela, eta orain, Beasaindik Bergarara bueltaka ari garen langileok eta herritarrok ordaindu beharko dugu".

Jokin Rodriguez kamioilari oñatiarra, bestalde, Bergaratik Pasaiara joaten da. "Kontuak ateratzen hasita, dirutza da ordain beharko duguna eta ez dugu ordaindu bako errepiderik edukiko, alternatiba gabe geratuko gara. Gauza bat da azpiegituraren mantenua ordaindu behar izatea, baina ezin gara gutxi batzuk izan guztia ordainduko dugunak. Sektoreko langileok batu egin behar dugu, eta borrokatu egin behar dugu hau horrela izan ez dadin. Sektorea jada zigortuta dago bidesariekin, eta honek ezin du horrela jarraitu", aldarrikatu du hark.

Biek ala biek aipatu dute bidesarietan ordaintzen dutena bezeroari kobratzeko aukera. "Guk taxi bat hartzen dugunean hark bidesaria ordaintzen du eta guk taxiari ordaindu egiten diogu. Tarifak bezeroen artean egokitzen joatea da kontua, eta kamioilari askok egiten dute dagoeneko", erantzun die Oiarbidek.

Hainbat herritar ez daude ados

Josune Agirre Antzuolan lan egiten duen gabiriarra da, Mutiloan bizi dena, eta hari ere zuzenean eragingo dio aldaketa honek. "Bi arkutatik pasatuko nintzateke, egunean bi aldiz, eta hori 4 eurotik gora izango litzateke egunero. Hala ere, Abiatu gailua egitea aztertuko nuke, ea hilabeteko gastua zenbatekoa izango litzatekeen ikusteko", dio. Hain zuzen ere, hor jarri du azpimarra diputatuak, erantzuteko orduan. "Josuneri esango nioke Abiatu gailua eskuratzeko, %70eko deskontua izango lukeelako, eta gastu muga. Horrela, ez luke hainbeste ordaindu beharko. Pentsatu behar du segurtasun handiagoa eman behar diola errepide berriak".

Batzar Nagusietan, gehiengoa

Diputatuaren esanetan, 2010ean du jatorria honek. "Ondorio batzuk onartu ziren Batzar Nagusietan, ponentzia baten ondoren. Hor agertzen zen Europako direktibekin bat egiten genuela eta erabiltzen duenak eta kutsatzen duenak ordaindu egin behar duela. Horrekin bat eginda, eta Gipuzkoako errealitatera eta gure errepide sarera jaitsita, erabaki genuen gaitasun handiko errepide bukatu berrietan ibilgailu guztientzako bidesaria jartzea, AP-8an eta AP-1ean dagoen moduan. Beraz, argi daukaguna da Beasaindik Bergararako autobide horri dagokiola bidesaria jartzea". Hala, 2019ko azaroan onartu zuten Batzar Nagusietan mozio bat, gehiengo osoarekin, A-636an ibilgailu guztientzat bidesaria jartzea ahalbidetuko zuena.

EH Bildu eta PP, kontra

EAJren eta PSE-EEren babesari esker onartu ahal izan zuten mozio hori Batzar Nagusietan. EH Bildu abstenitu egin zen mozio horretan, baina oraindik onartu gabe dagoen aurreproiektuaren aurka azaldu da orain, eta baita PP ere.

Koalizio abertzaleak azaldu du Bidegiren "neurriz kanpoko zorrari erantzuteko partxe bat" besterik ez dela bidesariena. "Kudeaketa ezegoki batek ekarritako ondorio zuzena izan da. Gipuzkoako garraioak azterketa sakon bat behar du eta emandako pausoek sendoak eta ondo aztertuak behar dute izan eta garraio publiko indartsu bat izan behar du funtsean".

Era berean, uste du Gipuzkoak ez duela asfaltozko inbertsio gehiagoren beharrik finantza eta ingurumen etorkizuna "hipotekatzen" jarraitzeko. "Bestelako politika publikoak behar ditugu, garapen jasangarriaren alde egingo dutenak, non garraio publiko eraginkor eta kalitatezko baten aldeko inbertsioak egingo diren eta mugikortasun aktiboa sustatuko den".

Alderdi Popularrak dio Diputazioak "aurreranzko ihesaldi" bat abiatu duela. "Horren ondorio zuzena izango da gipuzkoarrok izatea bidesari gehien ordaintzen dugunak. Guk ere uste dugu erabiltzen duenak ordaindu behar duela, baina ezin dugu babestu Diputazioaren posizioa. Izan ere, errepideen mantenuaren urteko kostua hiru milioi euro inguruan zifratu du, eta hori baino askoz ere gehiago da bidesarien bidez lorturikoa".

Elkarrekin Podemosi dagokionez, ez du bere jarrera argitu gura izan. "Esan dezakeguna da errepide berriaren trafikoa lokala izango dela; beraz, ez da N-1 edo A-15 bezalakoa izango, non pasabideko trafiko handia den. Oraindik ez dugu informazio zehatzagorik jaso Aldunditik, soilik hedabideetan irakurri duguna; behin jasota, gure posizioa emango dugu".

Sinadura bilketa, kontra egiteko

Aurreproiektu hau gaitzesteko asmoz, sinadura bilketa jarri dute martxan Change.org webgunean. Helburua da 7.500 sinadura biltzea eta dagoeneko oso gertu daukate hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak