Eragin handia, bereziki industrian, hezkuntzan eta komertzioetan

Xabier Urtzelai 2020ko urt. 30a, 10:09

Grebak eragin handia izan du Debagoienean, bereziki industrian, hezkuntzan eta merkataritzan. Fagor taldeko zenbait lantegi handitan normaltasunez egin dute lan. Esaterako Ederlanen, Coprecin, Fagor industrialen edota Fagor Arrasaten. Oñatiko Ulma Forjan ez dute grebarik egin, ezta Ulma Polimero, edo Lanan ere.

Kontrara, bat egin dute deialdiarekin, esaterako, Arrasateko Polmetasak, Mondragon Assembleyk eta JMAk; Bergarako Arcelor Mittalek, Lazpiurrek eta Tornilleria Debak; Oñatiko Ulma Packagingek, Ulma Eraikuntzak eta Garayk; Aretxabaletako Mondragon Assembleyk, Eskoriatzako TESAk edota Antzuolako Elayk eta Goizperrek.

Komertzio txikietan eragina oso nabarmena izan da bailarako herri guztietan, kaleak hutsik egon dira goizean, denda gehienak itxita, eta taberna gutxi batzuek erabaki dute ateak zabaltzea; supermerkatu handietan ere eragina oso nabarmena izan da. Arrasateko Eroski, BM edota Lidl moduko supermerkatuek ateak itxi dituzte. Beste horrenbeste egin dute Bergaran, esaterako, Superamarak eta Diak. Bergarako eta Oñatiko Eroskik, berriz, ateak zabaldu dituzte.

Hezkuntzan, Debagoieneko ikastetxe ia guztietan egin dute greba, eta udalei eta Mankomunitateari dagokienez, Leintz Gatzagako udaleko langileek izan ezik, gainerako guztiek egin dute bat deialdiarekin.

Lurraldebus zerbitzu minimoak eskaintzen dabil. Eta osasun etxeei dagokienez Debagoieneko ESIren kasuan bai ospitalean, bai osasun etxeetan zerbitzu minimoak bermatuta daude.

Osakidetzak zehaztutako zerbitzu minimoen ondorioz, Debagoieneko ospitalean grebak ez du eragin handirik izan, mediku gutxi batzuek greba egitea erabaki badute ere. Erradiologian eta kanpoko kontsultetan eragina izan du deialdiak baina gainerako zerbitzu guztietan normaltasuna da nagusi.

Piketeak eta erasoak

Intzidentziei dagokienez, goizeko lehen orduan egon dira nabarmenenak. Gauerdian Arrasateko Biteri plazako BBVA sukurtsaleko kutxazain automatikoari su eman diote ezezagun batzuek. Segurtasun zerbitzuetatik jakinarazi dutenez suzko gailu tenporizatu baten bitartez burutu da kutxazainaren aurkako erasoa.

Arrasateko Udal Gobernuak gaitzetsi egin du erasoa eta "iraganeko moldeak atzean utzi eta elkarbizitzaren aldeko" deia egin du.

Eta Aretxabaletako zenbait banketxetara pintura bota dute, baita Oñatiko Eroskira ere. Kontrara, aurreratu moduan Arrasaten pikete informatiboek normaltasunez jardun dute esku-orriak banatzen.

Bergaran ere pikete informatiboak goizeko lehen orduan industrialdeetan eta supermerkatu handietan ibili dira esku-orriak banatzen, eta han Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu egin ditu.

Eta Oñatin, goizaldean Zubikoa kiroldegi pareko errepidea moztu egin dute kate batekin. Horrekin batera, pintaketak azaldu dira herrietako zenbait kaletan, eta baita supermerkatuetan ere. Horiek izan dira greba eguneko goizeko lehen orduan egon diren intzidentzia nabarmenenak.

Arratsaldean mobilizazioak

Greba egunak arratsaldean izango du jarraipena. Ia herri guztietan daude kale agerraldiak deituta. Arrasaten 18:00etan abiatuko dira Seber Altubetik hasita, eta Aretxabaletan 16:30etan elkartuko dira Arrasateko manifestaziora joateko. Bergarakoa 18:30etan hasiko da, frontoian. Oñatin 18:00etan izango da hitzordua, Foruen plazatik abiatuta, eta Eskoriatzan, Antzuolan eta Elgetan ere 18:00etan egingo dituzte kale agerraldi eta elkarretaratzeak.
Erlazionatuak

Greba orokorra: goizeko argazkiak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020 urt 30 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak