Hiru hegazti harrapakari tiroz bota dituztela salatu du Eguzkik

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urt. 24a, 17:45
Olaia belatza (Argazkia: Bizkaiko basozainak)

Eguzkik jakitera eman duen moduan, Gipuzkoan eta Bizkaian izan dira gertaerak. Astelehenean, Igeldoko Arrano Etxera iritsi ziren belatz handi bat eta zapelatz bat, Aretxabaletatik eta Azpeititik, hurrenez hurren. Asteazkenean, berriz, beste belatz handi bat hilda aurkitu zuten Muskizen.

Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak jakin arazi duenez, denboraldi honetan bertan, ehiza-aldi orokorra ireki bezain pronto, Jaizkibelen belatz txiki bat (Falco columbarius) bota zutela salatu zuten. Baita Aian, koartza bat, eta zapelatz bat Elorrion. Belatz gorri bat bat (Olaia) Gorlizko zentroan artatu behar izan zutela ere badio talde ekologistak. Eta gaineratu: "Kontuan izan behar da gu, nahiz errekuperazio-zentroak berak, botatako hegazti guztietatik kasu bakan batzuk baino ez garela ezagutzera iristen. Denboraldia oraindik ez dela amaitu ere kontuan izan behar da. Bizkaian, urtarrilaren 31n amaituko da, baina Gipuzkoan Aldundiak pagausoaren ehiza otsailaren 16ra arte luzatu du. Gure iritziz, garbi dago Aldundiak neurri horren bitartez ehiztariak goxatu nahi izan dituela, usapalaren gaineko europar moratoria edo behin-behineko debekua onartu ondoren".

Eguzkik emandako datuen arabera, Gorlizko Basafauna Berreskuratzeko Zentroak 17.021 buru artatu ditu bi hamarkadetan (2019an 20 urte egin ditu zentro horrek). Era guztietako espezietakoak, baina gehienak, 11.744, hegaztiak. Ale hauetako guztietako 502 tiro-zauriekin iritsi dira.

Salaketa horrekin batera, legez babestutako espezieei tiro egitea delitua dela gogora arazi du Eguzkik, eta kartzelarekin ere zigortu daitekeela. "Egia da, ordea, delitu hauek gehien-gehienetan zigorgabe geratzen direla, delitugileak ia inoiz ez direlako identifikatzen, ezta "ehiztari onek" inguratuta daudenean ere", dio oharrean Eguzkik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak