'Egin dezagun jauzi handi bat' liburua aurkeztu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2020ko urt. 20a, 12:13

Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udalek, UDAk eta San Juan de Dios ospitaleak elkarlanean osatu duten lana da, eta drogen kontsumoaren prebentzioan eragin gura du. 500 familiei eta UDAko kirolariei banatuko dizkiete argitaratu dituzten 1.100 aleak.

Duela bi urte martxan jarritako U@DA proiektuaren baitan kokatzen da gaur Ibarra kiroldegian aurkeztu duten liburua, eta UDAk "mendekotasun-sortzaile diren sustantzien kontsumoari aurre egiteko" abian jarritako programaren mugarri nagusiak jasotzen ditu.

Aipaturiko proiektua San Juan de Dios ospitale psikiatrikoarekin elkarlanean burutu izan dute, eta ondoren Aretxabaletako eta Eskoriatzako ikastetxeetara zabaldu, bi herrietako udalen babesarekin. 12 eta 16 urte bitarteko 492 neska-mutilek erantzundako inkestei esker, drogen kontsumoaren arazoa kuantifikatu ahal izan dute. Modu horretan, azterketa horren ondorioak eta bi urte hauetan sustatu dituzten ekimenak batzen ditu liburuak.

Aste honetatik aurrera, Almen eta Kurtzebarri ikastetxeetako 500 bat familiak jasoko dute liburua, Bigarren Hezkuntzako ziklo guztietako eta Batxilergoko lehen mailako ikasleen artean banaketa eginez, eta UDAko jokalariek ere jasoko dute. Era berean, klubaren webgunean ere eskuragarri egongo da, PDF formatuan, baita Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udalen webguneetan ere.

1.100 ale argitaratu dituzte, euskaraz zein gazteleraz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Aurrerapausoak ematen jarraitu gura dute

Programaren bultzatzaileek "pausoak ematen" jarraitu nahi dute aurrerantzean ere. "Erabaki baliagarriak hartu behar ditugu, eta harresi bat jartzeaz gain, gainerakoak hezi eta geuk hezi behar dugu. Arazo hori ez da arazoa daukanarena bakarrik, guztiona baizik", azpimarratu dute. Eskoriatzako alkate Joserra Zubizarretak azaldu duenez, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udalek proiektu honen aldeko apustua egiten jarraituko dute. Ildo horretan, EKKO izeneko programa berri bat lantzen ari direla aurreratu du –Eskola, Komunitatea, Kirola eta Osasuna–. Oraingo honetan, Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik seigarrenera (10 urtetik 12ra) jaitsiko dute parte-hartzaileen adina, eta familiak ere inplikatuko dituzte. "Helburua drogen kontsumoan prebentzioa txikitatik lantzea da", adierazi du Zubizarretak. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egingo du proiektu horrekin, eta datorren ikasturtean martxan jartzea aurreikusi dute.

Bestalde, ekainean Inklusioa, esnatu, mugitu, ausartu eta erabaki kirol jardunaldien bigarren edizioa egingo dute. Aurten, Donostian beharrean, Aretxabaletan izango da astebete iraungo duen programa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak