2003eko abendutik 2015eko abendura bitartean astelehenero banatu zen Asteleheneko Goiena aldizkariari amaiera eman –funtzio bat eta ziklo bat bete zuela iritzita–, eta beste produktu bat sortzea erabaki zuen Goienak 2015ean. "Produktu ez horren informatiboa eta bai beste kazetaritza genero batzuei lotuagoa egin nahi genuen, patxada handiagoz dastatzeko modukoa eta aisialdia eta gaur egungo azken joerak aintzat hartzen zituena", dio Eneko Azkaratek, GOIENA aldizkariaren eduki zuzendariak.
Emaitza bikainak
Izan ere, Puntua-k hainbat aitortza jaso ditu bost urte hauetan. Esate baterako, Tokikom sarietan aipamen berezia jaso zuen genero berdintasunarekin erakutsitako konpromisoagatik, eta baita Azal Onenaren saria 2018ko eta 2019ko edizioetan. Edozelan ere, bidea ez da beti erraza izan, baina emaitzekin oso gustura dago Monika Belastegi, Puntua aldizkariko eduki zuzendaria. "Jakina, oro ez da urre, eta bidean izan ditugu gorabeherak: kaleratze bezperan eroritako elkarrizketa, edukiren bat gustuko izan ez eta kexua helarazi duen irakurlea... baina oso gustura gaude orain arte lortu dugunarekin", dio Belastegik.
100 kolaboratzaile
Puntua aldizkariaren kolaboratzaile sarea oso zabala da; 100 bat lagunek kolaboratzen dute aldizkariaren atal ezberdinetan maiztasun handiagoarekin edo txikiagoarekin. "Euren laguntzarekin eta eurekin batera osatzen dugu astero aldizkaria; horrenbestez, Puntua-ren kasuan, aldizkariaren oinarri sendoetako bat dira kolaboratzaileak", azaltzen du Belastegik. Hala, askotarikoak dira kolaboratzaileak: zutabegileak, osasun arloko profesionalak, eta abar. Eta, horren harira, eskertuta azaltzen da guztiekin: "Batzuek aldizkariaren sorreratik bertatik kolaboratzen dute, gainera, gurekin. Eta esan gabe doa horiekin eta gainerako guztiekin ere oso-oso eskertuta gaudela”.
Puntua etxean jasotzeko
Puntua etxean jaso nahi duenak Goiena Klubeko bazkide egin baino ez du, 943 25 05 05 telefono zenbakira deituta edo kluba@ goiena.eus helbidera idatzita. Hain zuzen, 2020. urteko bazkidetza 56 euro da, baina %30 merkeago atera daiteke; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso dute Goienaren hedabideek, eta, horren ondorioz, bazkide kuota %30 merkeagoa da Goiena Klubeko bazkideendako. Eta ostiralero-ostiralero Puntua etxean jasotzeaz gainera, astero egiten diren zozketetan parte hartzeko aukera izango du bazkideak, eta baita ere bazkide txartelak eskaintzen dituen beste hainbat abantailaz gozatzeko aukera.