Aitor Mendizabal, pilotaria (Antzuola saria)
Zortzi urtez Aspe enpresako elastikoa defendatzen ibili eta gero, Aitor Mendizabalek abenduan esan zion agur elite mailako pilotari. Azaroaren 30ean jokatu zuen azken norgehiagoka, Eibarko Astelenan, eta agur borobila izan zen. Tolosak lagunduta, azken norgehiagokan antzuolarra protagonista izan zen, aurrealdeko koadroetan partidu oso ona egin zuen eta. Bada, hilaren 28an antzuolarren aitortza izango du.
Aitor Ugarte, mendi lasterkaria (Aramaio saria)
DKSetan Herritarren Sarirako hamar hautagaien artean dago Ugarte, eta, sari hori poltsikoratzen ez badu ere, mendi lasterkaria ez da esku hutsik etxera bueltatuko, Aramaioko Udalarena jasoko du eta. Gazte mailako mendi lasterkaria abuztuan Italian jokatutako Munduko Txapelketa irabazi izanagatik nabarmendu zen iaz.
Jose Inazio Beloki, pilota entrenatzailea (Leintz Gatzaga saria)
Gatzagako Udalean ez dute zalantzarik izan saria emateko orduan: "Orain, erretiroa hartuta dago, baina urte askoan egon da Beloki herriko gaztetxoei pilotan jokatzen irakasten, eurendako entrenatzaile moduan jardun du, eta herri mailako pilotaren alde lan handia egin izan du", adierazi dio GOIENAri Beñat Agirreurreta zinegotziak.
Fernando Zufiria, atletismo entrenatzailea (Arrasate saria)
Arrasateko atletismoa ez dago ulertzerik Fernando Zufiria Txufi barik. Gazte hasi zen atletismoan, baina istripu bat tarteko kirol jarduera alde batera utzi behar izan zuen, eta entrenatzaile lanetan hasi zen. 1969an, Juventud Deportiva de Mondragonen hasi zen, eta hastapenetatik dago Arrasate Atletiko Taldean. Entrenatzailea, txoferra, txapelketen antolatzailea, prentsa arduraduna, coach-a... Zer ez zuen egingo Txufi-k urte hauetan guztietan.
Josetxo Muniategi, eskubaloi entrenatzailea (Bergara saria)
Bergarako eskubaloiaren alma mater-a. Jokalari moduan ez zen bereziki nabarmendu, baina oso gazte hasi zen entrenatzaile lanetan. Hala, 80ko hamarkadatik Bergarako eskubaloiaren alde dabil lanean, bai zuzendaritzan, eta baita entrenatzaile moduan ere. Azken zeregin horiek tartekatu egin ditu lehenengo taldearen eta harrobiaren artean. Akaso, talde bergararra ez da maila gorenetara iritsi izanagatik nabarmendu, baina harrobiarekin egindako lan emankorra badabil fruituak ematen, bereziki emakumezkoen eskubaloiarekin.
Narciso Pavo, areto futboleko entrenatzailea (Eskoriatza saria)
Urtetan Eskoriatza Kirol Elkarteko erreferenteetako bat izan da, eta Manuel Muñoz zenaren ondoan, Pavok areto futboleko sailean egin du bereziki lan. 2013an Espainiako areto futboleko elkarte nazionalak (ANEFS) urrezko intsignia eman zion. Bereziki emakumeen taldea sortu izanaz eta gaur egun areto futbol eskolan egiten dabiltzan lanaz dago harro. Duela bi urte, Nazional mailako Laskorain taldeak fitxatu zuen.
Oihana Aldai, futboleko atezaina (Aretxabaleta saria)
Aitor Ugarte moduan, Oihana Aldai ere DKSen Herritarren Sarirako hautagaien artean dago. Iaz, Realarekin Erreginaren Kopa irabazi zuen Malagan, eta garaikurra aretxabaletarrei eskaini ahal izan zien herriko plazan. Aurtengo denboraldia Eibarren hasi zuen, baina gustura ez zegoelako airez aldatzea erabaki berri du, eta Kordobako talde batek fitxatu du.
Iñaki Olaortua, futbol jokalaria (Elgeta saria)
Eibarko harrobian hazitako jokalaria, eta hirugarren mailako hainbat klubetan zaildutakoa, 2014an Portugaletek fitxatu zuen elgetarra, eta talde bizkaitarra Bigarren B mailara igo zen urte hartan. Aragoira joan zen jokatzera, eta Zaragozarekin egin zuen debuta 2015ean. Hala, elgetarra 2018tik Santanderko Racing taldeko atzeko lerroan jokatzen dabil.
Markel Irizar, txirrindularia (Oñati saria)
Udal saritu guztien artean ezagunenak, Trek-Segafredo taldeko ziklista ohiak, 16 urte egin ditu profesionalismoan. Oñatikoari nazioarteko lider handienendako lan egitea egokitu zaio, eta, hain zuzen, lan horretan nabarmendu da. Iaz hartu zuen erretiroa, Donostia Klasikoan; Oñatin egin zuten agur jaia.