Mikel Gartziarena: "Nire ustez garrantzitsuena edukia da; forma txukunduz gero, askoz hobe"

Txomin Madina Milikua 2020ko urt. 15a, 18:29

Karmele Igartua sorkuntza bekaren IX. ediziora aurkeztutako hamasei lanen artean, Mikel Gartziarena donostiarraren 'Harrak' idazlana izan da epaimahaiarentzat onena. Dagoeneko irakurri daiteke www.idazten.com webgunean.

Hamasei lan aurkeztu ziren eta epaimahaiak donostiarrarena aukeratu zuen, argudio hauekin: "Lana irakurtzea gozamena izan da, txukun idatzia dago eta une oro tentsioa mantentzen du". Hemen Debagoiena saioan elkarrizketatu zuen Txomin Madinak, martitzenean.

"Benetan aipagarria" dela esan dute epaimahaikideek. Ez dira nolanahiko hitzak, ezta?

Oso pozik nago esandako guztiekin, saria baino betegarriagoa da, egoan fereka bat ematen dizu, ondo egin duzun seinale.

Espero zenuen irabaztea?

Ezta gutxiagorik ere; gauza txukun bat atera zitzaidan eta hala bidali nuen, baina halakorik espero gabe.

Ezagutzen zenuen sariketa?

Idazle Eskolan ibilitakoa naiz eta handik ezagutzen nuen; urtero lehiaketaren generoa aldatzen dute eta aurten narrazioa jarriko zutela jakin nuenean aurkeztea pentsatu nuen, ongien edo gusturen nabil horretan.

Harrak lanarekin lortu duzu saria. Zer kontatu duzu?

Izenak dioen moduan, zetazko harrak hartu ditut oinarri, txikitako bizipen bategatik, amarekin eta arrebarekin ibiltzen nintzen-eta horiei begira. Gizartera ekarri dut harretik tximeletarako transformaziorako bide hori; orain oso nabarmenak dira aldaketak eta aldaketa garaiak. Aldaketak, egia esan, beti daude, eta orain, loratzen edo tximeleta bilakatzen ikusten ditugu; nahiz eta asko har horiek zapaltzen edo atzera egiten saiatzen diren, azkenean, atera egiten dira.

Nolakoa izan da idazketa prozesua?

Buruan ate joka nuen ideia bat, hainbat alditan etortzen zitzaidana, baliagarria zelakoan, koadernoan apuntatu eta lantzen hasi nintzen. Hamar-hamabi orri bitarteko idazlana egin behar zen, ez zen horren luzea; hortaz, landutakoak orraztu eta bidali egin nuen. Nahiko erraz atera zitzaidan, egia esan.

Idazlanari azken puntua jartzea zaila egiten zaizu?

Azkeneko egunean bidali nuen, tesiarekin eta beste hainbat lanekin lepo nabil, eta buelta larregi eman barik bidali egin nuen eta kito.

Idazteko orduan formari ala edukiari, zeri ematen diozu garrantzia?

Garrantzitsuena edukia da niretzako, nahiz eta testua txukundu egiten duzunean askoz hobeto geratzen den. Bien arteko oreka bat aurkitu behar dela uste dut; hala ere, edukian zerbait izan behar duzu kontatzeko. Bestela, formari dagokionez polita izan daiteke, baina mezua izatea beharrezkoa da, nire ustez.

Idazten.com atarian irakur daiteke dagoeneko Harrak istorioa; harrotasun apur bat ere emango du norbere lanak argitaratuta ikusteak, ezta?

Duda barik; txute bat da, oso pozgarria da.

Noiztik idazten duzu?

Liburu eta kontakizun artean mugitu izan gara beti etxean, irakurzaletasun handia izan dugu guztiok. Egia da garai batzuk izan ditudala gehiago irakurri edo idatzi dudana; selektibitate garaian itxi egin nion, baina unibertsitatean sartu eta ikasketekin batera heldu nion berriz ere, eta ikasketak bukatutakoan Bergarako Idazle Eskolan sartu nintzen.

Narrazioak idazten dituzu beti?

Poesia irakurtzea oso gustuko dut, baina idazteko nire alorra, gaur-gaurkoz, narrazioa da.

Zer iruditzen zaizu Karmele Igartua moduko lehiaketak?

Idazlanak eta idazleak ateratzeko aberasgarria da; sari oso ona da, gainera, 2.500 euro eta Idazle Eskolan ikastaro bat.

Baduzu beste lanik esku artean?

Eleberri bat idatzita dukat eta Pamiela argitaletxera bideratu dugu, laster emango digute erantzunen bat; eta beste testu bat idazten ere ari naiz, bai.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak