Posta elektroniko bidezko 'phishing' erasoak areagotu dira azken egunotan

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko urt. 15a, 12:54

Googlek bere erabiltzaileei jakinarazi dienez, posta elektroniko bidezko iruzur olde bat ari da gertatzen, baita EAEn ere. Azkenaldian areagotu diren Phishing eraso horiek faktura erreklamazio moduan jaso dituzte biktimek.

Phishing erasoak informazio konfidentziala lortzea du helburu; pasahitza edota kreditu txartel edo bankuko edozein informazio.

Jakitera eman diren kasuetan, komunikazio elektronikoa konfiantzazko enpresa edo pertsona bezala aurkezten da eta ordaindu gabeko faktura bat erreklamatzen da mezuan. Horrekin batera faktura bera deskargatzeko lotura bat agertzen da mezuan, eta hain justu, lotura horretan dago tranpa. Helbide ezagun batek bidalitako mezua izanik, errazagoa da biktimak amua irentsi eta loturan klik egitea, eta hori eginez gero, software gaizto bat instalatzen da ordenagailuan. Printzipioz Gmail-ek horrelako mezuak spam karpetara bideratzen baditu ere, adi ibiltzeko eskatu dute. 

'Phishing'-aren biktima batek GOIENAri helarazitako gaurko eredu bat.

GOIENAri jakitera eman dizkioten phishing kasu guztietan amarrua oso antzerakoa bada ere, eredu ezberdinak ikusten dira. Hizkuntzari dagokionez, gaztelaniaz eta katalanez jaso dira; batzuetan hizkuntza zuzen erabiltzen da baina beste batzuetan iruzurra errazago ikusten da, robot batek idatzi dagoela baitirudi. Horrekin lotuta, deigarria da EAEko elkarte batek jaso duen mezuetako bat, Galiziako enpresa baten izenean baina katalanez jaso baitute.

Bestalde, GOIENAri helarazi dizkioten ereduetan, mezu batzuk zuzeneko posta moduan jaso dira, baina beste batzuk biktimak aurrez bidalitako mezu baten erantzun bezala. Mezuetan urgentziari egiten zaio erreferentzia, adibidez, kontabilitatea ahalik eta azkarren ixteko beharrari edota Factura impagada eta reclamación de factura bezalako izenburuekin.

Netflix

Azken egunotan areagotu diren phishing erasoen artean, Netflix da antibirus konpainiek nabarmendu dutenetako bat –besteak beste, Esep eta Panda Security–. Azaldu dutenez, bezeroak posta elektroniko bat edo sms bat jasotzen du ustez Netflixen izenean. Erabiltzailearen kontuan arazoren bat egon dela esaten du mezuak eta 72 ordutan zerbait egin ezean kontua eten egingo dela ohartarazten da.

2019an zehar hainbat aldiz ohartarazi zen Netflixen izenean egindako phishing erasoei buruz, eta azken astean erasoak berriro indartu direla jakinarazi dute antibirus konpainiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak