Trafiko istripuen ondorioz 19 lagun hil dira Gipuzkoan 2019an, horietako hiru Debagoienean

Mirari Altube Arrese 2020ko urt. 2a, 09:18

Aretxabaletan, urriaren 20an, izandako istripua.

Trafiko ezbeharren gaineko txostena aurkeztu zuten urte bukaerarekin batera Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Trafiko Zuzendaritzak. Behin behineko txosten horretan jaso dute 2019an 51 lagun hil zirela EAEn, horietatik 19 Gipuzkoan, 10 Araban eta 22 Bizkaian. Gainera, hildako motor-gidari, oinezko eta txirrindulari kopurua beste ibilgailu batzuetako gidari kopurua baino handiagoa izan zen.

EAEko errepideetan eta kaleetan izandako trafiko-istripuen ondorioz 51 izan ziren hildakoak iaz (43 gizonezkoak eta 8 emakumezkoak); horietako 36 gidariak ziren (16 motor-gidariak, 19 auto-gidariak edo beste ibilgailu batzuen gidariak eta 1 bizikleta-gidaria), 2 autoko bidaiariak eta 13 oinezkoak. 2018an baino 9 gehiago dira guztira, eta horietatik ia % 60 auto-gidariak ez beste kolektibo batzuetakoak izan dira, hau da, motor-gidariak, oinezkoak eta txirrindulariak.

Debagoinean hiru hildako

Gipuzkoan, ostera, 19 lagun hil ziren, horietako hiru Debagoienean: motor-gidari bat Leintz Gatzagan ekainaren 7an, auto-gidari bat Antzuolan ekainaren 26an eta auto-gidari bat Aretxabaletan, urriaren 20an. Araban 10 izan ziren hildakoak eta Bizkaian, 22. Bestalde, 425 zauritu larri izan ziren (2018an baino 16 gutxiago). 2019ko istripuen kopuruari dagokionez, aurreko urtearekin alderatuta "igoera moderatua" izan dela ere aipatu zuten. Abenduaren 26ra arte guztira 8.167 istripu erregistratu ziren (2018an baino 332 gehiago).

Ikastetxeetara bideratutako Don´t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik prebentzio-programaren 2019ko balantzea ere aurkeztu zuten. EAEko 42 udalerritako  (6 Araban, 18 Bizkaian eta 18 Gipuzkoan) 138 ikastetxetara iritsi da, baita Debagoienera ere, eta ikasle ugarik hartu dute parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak