Aintzatespen honekin saritzen dira praktika aurreratuak dituzten eta bere interes taldeen –bezeroak, pertsonak, bazkideak eta gizartea, besteak beste– asebetetze orekatua bilatzen dituzten erakundeak.
Goiena Komunikazio Taldea Kooperatiba Elkarteak, era guztietako euskarri komunikatiboz baliatuz, eta Debagoienetik arituz, euskararen normalizazioa, sustapena eta erabilera ditu helburu. Debagoieneko euskara elkarteak –bazkide nagusiak– eta udalak, lan bazkideekin batera, dira kooperatibako bazkideak. "Oso pozik gaude, aitorpen inportantea delako guretako. Talde guztiarendako. Goienako lankideak, Goienako gainerako bazkideak, Debagoieneko gizartea, bezero komertzialak, irakurleak, ikus-entzuleak, erabiltzaileak… Uste dugu denon saria dela eta bakoitzari zati bat dagokiola", dio Iban Arantzabalek, Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusiak.
Goiena da Debagoieneko enpresa bakarra aurten Euskaliten aitortza jasoko duena. Zilarrezko A, hain justu ere, Tubacex-ek, Fronton Electronicak, Spri agentziak eta Mercabilbaok jasoko dute, Goienarekin batera.
GOIENA.EUS, Goiena telebista, Arrasate Irratia, Goiena aldizkaria eta Puntua aldizkaria kudeatzen ditu Goienak. Horretaz gain, Tokikom tokiko euskarazko hedabideen elkargoko kide denez, elkargo horrekin eta elkargo horretako kide diren beste hedabide batzuekin batera hainbat proiektu komunikatibo kudeatzen ditu, hala nola Ttap eta Zut aldizkari digital multimediak. Beste hainbat zerbitzu komunikatibo ere eskaintzen ditu.
Lehiakortasunaren elementu
Euskalit Fundazioak dioenez, sariaren helburua da EAEko kudeaketako erakunde aurreratuenak identifikatzea, "kudeaketa aurreratua lehiakortasunaren funtsezko elementu gisa ezartzearen garrantziaz sentsibilizatzeko" sare sozioekonomikoa eta erakundeen emaitzak hobetzeko.
"Inportanteena da prozesu honetan ikasi duguna. Goiena aztertzen ibili diren zazpi kanpo-ebaluatzaileek egin dituzte 22 elkarrizketa Goienako lantaldean. Horietatik jaso dituzte Goienaren indarguneak eta ahulguneak. Txosten horrek balio digu jakiteko, esate baterako, zer daukagun hobetzeko", dio Arantzabalek. Eta gehitu du: "Duela urte bi, diploma jaso genuen eta aprobetxatu genuen kudeaketa aurreratuak eskatzen dituen parametroetan kudeatzeko enpresa. Lan handia egin du lantalde guztiak".
Euskaliteko Ebaluazio Kluba osatzen dute modu altruistan elkarlanean aritzen diren 2.000 zuzendarik eta teknikarik baino gehiagok.
Debagoienean, lehena
Goiena Komunikazio Taldea da Debagoieneko lehen enpresa Zilarrezko A saria jasotzen duena. Sei maila ditu Kudeaketa Aurreratuari Euskal Sariak. Txikienetik gorenera: Kudeaketa Aurreratuaren Diploma, Brontzezko A, Zilarrezko A, Urrezko A, Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria eta EEA deritzona, azken hau gorena.
Goienaz gain, Debagoieneko enpresen artean, Arteman Komunikazioa Kooperatiba Elkarteak dauka brontzezkoa, eta diploma bana dute Debagoieneko Erakunde Sanitario integratuak, Matz Erreka kooperatibak, Erreka kooperatibak eta Eskoriatzako Udal Kirol Zerbitzuak.
Edonola ere, A sarien aurretik –2015ean hasi ziren banatzen–, Q ziurtagiriak ere baziren. A sariak besteen jarraipena dira. 1998an banatu zituzten lehenengo Zilarrezko eta Urrezko Q-ak. Eta horiek jasoak dituzte Debagoieneko hainbat enpresak. Hedabideen artean, EITB taldeak ere jasoak ditu. Ez da beste euskarazko hedabiderik EITB eta Goiena taldeez gain Zilarrezko Q edo A aitortza saririk duenik.