Urteko euskal kulturgintzaren uzta eskuragarri

Beñat Alberdi Igartua 2019ko abe. 5a, 08:19

Gaur, eguena, azken urteetan moduan, Ikasleen Egunarekin abiatuko da Durangoko azokaren 54. edizioa, eta domeka bitartean zabalik egongo da 10:00etatik 20:00ak bitartean; Landako gunean eta herriko hainbat txokotan eskaintza zabala dago.

Mende erdi pasatxo darama Durangok euskal kulturaren plaza nagusia bere gain hartzen Gerediaga elkartearen eskutik. 54 urtek askorako ematen dute, eta horren erakusgarri da oraindik ere berritasunak eskaintzen dituztela. Esaterako, estetikoki aldatu dute azoka bera eta gune berri bat sortu, Gogoetaren Plaza. Lan berriak 400dik gora izango dira; tartean, debagoiendarrek euren kabuz eta elkarlanean sortutako hamasei lan. Osorik DA! hartu du lelo aurtengo kultura plazak eta #54da Twitterreko gako. Azoka bera deskribatzea zen gakoa: "Leloak aurrean ekosistema hitza darama", azaldu du Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko presidenteak. "Mota askotako sortzaileak daude, eta bisitariek eurek profil askotarikoak dituzte. Horrek guztiak ekosistemari zentzua ematen dio. Hori guztia euskal kulturaren ekosistema da".

Azoka osotasunean

405 lan izango dira lehenengo aldiz eskuragarri azokako kaleetan: 273 liburu, 91 disko, hamasei aldizkari, bost ikus-entzunezko eta hogei bestelakoak. Ez da horretara mugatu, ordea. Autoekoizleen plazan hamalau sortzaile batuko dira, disko, liburu eta ikus-entzunezkoekin. Guztira, 264 erakusmahai egongo dira. Dena den, zenbakiei begira baino, antolatzaileek nahiago dute aniztasunari erreparatu. Kultura sortzeko eredu bakar edo bakarrak ez izatea nabarmendu du Gerediaga elkarteko zuzendariak. "Urtetik urtera ugaritasun hori ikusten dugu zabaldu egiten dela, eta horrekin oso pozik gaude".

Azokan salgai dauden diskoetako kanta bana elkarbanatu dute Spotifyn

Aniztasuna ardatz hartuta, azoka bera ere ez da atzean gelditu. Garapenean ez du etenik izan kultur plazak, eta, are gutxiago, garai berrietara egokitzen. Esaterako, lehenengo aldiz, Durangoko erakusmahaietan lehenengoz salgai egongo diren kantuak elkarbanatu dituzte sare sozialetan; zehazki, Spotify plataforman. Disko bakoitzeko kantu bana igo dute musika entzuteko horren erabilia den aplikaziora.

Berrikuntzekin jarraituta, erakusmahaiek eurek jasan dituzte aldaketak. Egurrez osatutako stand berriak jarriko dituzte. Mujikak argitu du aurrekoek 54 urtean euren lana ondo beteta zutela. Baina aldaketa estetikoari dagokionez ez da bakarra izango. Izan ere, koloreak erabiliko dituzte erakusmahai bakoitzean zein motatako produktua dagoen jakin ahal izateko. Bisitariak hobeto kokatzea dute xede.

Gogoetaren plaza

Gune berri bat ere egokitu dute, Gogoetaren plaza, Musika Eskolan; hau da, Landako parean. "Beharrezkoa ikusten genuen espazio bat da. Landako txiki gelditzen ari zaigu ia", zehaztu du zuzendariak. Hainbat gai landuko dituzte bertan; besteak beste, euskal prentsa eta euskara integrazio hizkuntza gisa. Hala ere, Da PRO egitasmo berria bertan landuko dute; kultur programatzaileak eta sortzaileak batzea daukatela helburu esan du Mujikak: "Batetik, programatzaileek ezagutzeko sortzaile berri horiek, eta hori espero dugu, aurrerantzean euren programazioan sartzeko".

Bestalde, iaz abiatu zuten Sormen Bekaren bigarren edizioa antolatu dute aurten. Aurreko urtean, jolas edo jokoetara bideratu zuten proiektua. AtopiaRPG rol jokoak lortu zuen beka, eta diseinuan parte hartu du Xabier Sagasta Lacallek, Arrasaten jaiotako ilustratzaileak. Izatez, euskara hutsean jolastu ahal izateko lehenengo rol jolasa sortu dute. Azokan bertan izango da lehenengo aldiz eskuragarri, eta jolasteko aukera ere eskainiko dute. Aurten, musikari lotutako proiektu bati emango diote beka. Oraindik, ordea, ez dute jakinarazi nork edo zerk irabazi duen.

Debagoiena azokan

Eskualdeko sortzaileek ere Durangon dituzte sormen berriak: hamasei lan berri

Eskualdeko sortzaileek ere plazaratuko dituzte euren lanak Durangon. Hamasei izango dira: sei liburu eta hamar album. Hainbat erakusmahaitan egongo dira presente debagoiendarren lanak, baina stand propioak ere jarriko dituzte zenbait eragilek. Liburuen kasuan, ia argitaletxe guztietan banatu dira gertuko idazleen lanak. Jose Antonio Azpiazu oñatiarrak idatzi duen Una historia de la pelota: del siglo XVI a la revolución de Chiquito de Eibar Txertoa argitaletxearen standean (Goienkale 7-11) jarriko dute eskuragarri. Historian pilotak bizitako gorabeherak aztertu ditu historialariak, hala nola kirolaren zaletasunagatik ia eskumikatu zituzten abadeen kasua. Pello Zabalaren Naturaz labur mintzo, berriz, Alberdanian (Barrenkale 45-46) egongo da salgai. Meteorologia ardatz hartuta egutegi bat prestatu du frantziskotarrak, hilez hil eta egunez egun. Autoekoizleen erakusmahaian (Goienkale 41-42) kokatuko du Errasti-De la Maza familiak senideen artean osatutako lana, Herensugeen itzulera V: Sataripeko Guda. Mondragon Unibertsitateak, ostera, stand propioan (Artekale 67) sartuko du Gipuzkoako langileen parte hartzea: ongizatea, errendimendua, lurraldea. Debagoieneko hainbat autorek parte hartu dute liburua idazten.

Elkarren (Goienkale 45-49, Artekale 72-80) Arrasateko bi idazlek izango dute presentzia, John Andueza Magali ez dago bakarrik lanarekin eta Eneko Barberena Afrikanerrak eleberriarekin. Sexu eraso bat Debagoienean kokatu du Anduezak, eta horren harira idatzi eleberria. Barberenak mundu distopiko bat diseinatu du eta Arrasaten kokatu ditu gertaerak. "Hari mutur bati heldu diot eta horrek 11 urtera gertatzen den zerbaitera eraman nau, emigrazioarekin Mediterraneo itsasoan gertatzen dena ", argitu du idazleak. "Hari eutsita heldu naiz etorkizuna apur bat irudikatzera".

Musika plaza

Eskualdeko bederatzi talderen eta musikariren lan berriak izango dira zaleen eskura. Arkada Socialek No retorno lana aurkeztuko du Mauka Musikagintzan (Artekale 49). Lana saltzeaz gain, 7an kontzertua eskainiko dute Plateruena antzokian, 23:00etan. Elkarren postuan izango da Ruper Ordorikaren Gaur Hamar t'erdietan Kafe Antzokian; Bilboko agertokian grabatu zuten zuzenekoa.

Azokako azkenengo egunean, abenduaren 8an izango da Assata taldearen Dantzatu, madarikatuok! diskoaren aurkezpena, 12:20an, Ahotsenean. Diskoak Bidean Produkzioan-en stand-ean egongo dira salgai (Artekale, 52).

Musika Zuzenean standean (Artekale 53) egongo dira, besteak beste: Fly Shit bergararrena, Arrasaten bizi den Sergerena eta Trigger aretxabaletarrarena. Bergarakoek Managaitz zarauztarrekin batera atera dute diskoa, indarrak batzeko asmoz: "Aspalditik ezagutzen dugu elkar, zirkuitu berean mugitzen gara, musika eta bere ingurua ulertzeko eran bat egiten dugu”. Lehenengo aldiz izango da Aretxabaletako bakarlaria azokan: "Diskoetxe eta komunikabide handiek jan egiten gaituzte", dio Eñaut Zubizarretak, Triggerrek. "Ekoizle txikiok beharrezkoa dugu Durango moduko toki batean egotea".

Sharon Stonerrek eta Iker Martinezek erakusleiho propioa, Almehuna, jarriko dute. "Gure lanak ezagutarazteko txapel bat behar genuen", azaldu du Sharon Stoner-eko Iñigo Ibarrondok, eta zera gaineratu: "Standak gu ezagutzeko aukera emango digu; ez dakit asko salduko dugun".

Azoka Telebista, elkarlanean egina

Durangoko Azokak domekan ateak itxi bitartean, han gertatzen denaren erakusleiho izango da, aurten ere, Azoka Telebista. Egunean zehar jazotakoaren laburpena eskainiko dute, 21:30ean hasita, Goiena telebistak eta beste toki telebista batzuek ere. Ohiko telebista pantailaz gain, Durangoko Azokaren Youtube kanalean ere askotariko erreportajeak ikusteko aukera izango da. Hainbat gunetan ibiliko dira Goienako Aitor Agiriano, Miren Arregi, Txomin Madina kazetariak, protagonisten eta gaien berri jasotzen, eta horiek bilduko dituzte Azokan gaur saioan. Bestetik, musika izango da protagonista, berriz, Maider Arregi lankideak gidatuko duen eta Plateruenan egingo duten Hautsi bolumena saioan.

Eskualdeko sortzaileak

Debagoieneko sortzaileek kaleratu dituzten askotariko lanak izango dira eskuragarri; aurten argitaratutakoak eta zaharragoak.


Erraietatik
Sharon Stoner
Autoekoiztua



Maga
li ez dago bakarrik
John Andueza
Elkar


Dantzatu, madarikatuok!
Assata
Autoekoiztua


Enarak itzuli dira
Serge
Autoekoiztua


Una historia de la pelota
Jose Antonio Azpiazu
Txertoa


Natura labur mintzo da
Pello Zabala
Alberdania


No Retorno
Arkada Social
Mauka Musikagintza


Gaur hamar t'erdietan Kafe Antzokian
Ruper Ordorika
Elkar


Afrikanerrak
Eneko Barberena
Elkar


Lurralde berriak
Iker Martinez 
Autoekoiztua


Herensugearen itzulera v: sataripeko guda
Errasti-De la Maza familia
Autoekoiztua


Trigger
Trigger
Autoekoiztua


Gaztaroko erokeria bat baino gehiago
Flyshit-Managaitz
Autoekoiztua


Haziak III
Euskal Herriko Trikitixa Elkartea
Euskal Herriko Trikitixa Elkartea

Erlazionatuak

Debagoiendarren aurkezpenak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019 abe 05 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak