Goieskolak, Debagoieneko Euskal Eskola Publikoa osatzen duen elkarteak, jardunaldi pedagogikoak antolatu ditu abendurako eta urtarrilerako. Horietako gehienak urtarrilean izango diren arren, abenduaren 11n egingo dute lehena; 17:30ean, Cesar Bona irakasleak Arrasateko Amaia Antzokian Escuchar para educar hitzaldia eskainiko du. Kurtzebarri Eskolako Lehen Hezkuntzako zuzendari Mikel Uribarrenek adierazi duenez, Debagoieneko Euskal Eskola Publiko guztiek duten ezaugarria da ikaslea eta haren familia jartzen dituztela "erdigunean". "Uste dugu Cesar Bonak bere hitzaldi eta liburuetan ondo ordezkatzen duela filosofia hori, berak ere ikasleengan jartzen baitu fokua", argitu du. Gaineratu duenez, hizlaria munduko irakasle "onenetako bat" izan da, beraz, hizketaldia interesgarria izango dela uste du.
Urtarrilaren 15etik 25era arte
Gainontzeko jardunaldiak urtarrilean egingo dituzte, eta gehienak gurasoei zuzendutakoak izango dira –ipuin-kontalaria izan ezik, gainontzekoak–.
Jardunaldiei dagokienez, urtarrilaren 15ean Berdinen arteko gatazken kudeaketa izeneko hitzaldia izango da Aretxabaletan, Arkupen, 18:00etan hasita. Herri berean egingo duten beste jardunaldia hilaren 21ean izango da, Kurtzebarri Eskolako liburutegian, Nafarroa, euskal estatua izenarekin.
Arrasaten, doluari buruzko hitzaldia emango dute Kulturaten, urtarrilaren 16an, 17:30ean hasita. Bestalde, Arrasate Institutuan Aniztasunetik sortuz arte erakusketa egingo dute urtarrilaren 20tik 24ra bitarte.
Elgetan, bestalde, etxerako lanei buruzko hitzaldia eskainiko du Jose Amiamak. Hilaren 22an izango da, 16:15ean.
Horretaz gain, Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolako aretoan bina jardunaldi eskainiko dituzte. La importancia de los límites en la familia hitzaldia 21ean izango da, 17:30ean. Zeure barneko sorgin-ipuina piztu nahi ipuin-kontalaria, aldiz, 15ean izango da, 17:00etan hasita –haurrei zuzendutakoa–.
Bergaran ere hitzaldia antolatu dute, Eskolako kanpo espazioa haurren garapenerako eta ikaskuntzarako baliabidea izenarekin. San Martin Agirre eskolan izango da Iñaki Larrea, urtarrilaren 21ean, 18:00etan. Egun eta ordu berean, gainera, Ipintzan bideo-jokoei buruz hizketan arituko dira.
Oñatin ere egingo dute jardunaldia, Tira In Euskeriari lelopean euskarari buruzko mahaiingurua. Halere, lekua eta ordua zehazteke daude oraindik.
Azkenik, Aramaion eta Angiozarren ere egingo dituzte jardunaldiak, baina horien antolakuntzan lanean ari dira oraindik. Zehaztu gabekoak argitzeko informazioa "aurrerago" emango dutela argitu du Goieskolako koordinatzaile Lukene Igartuak. Halere, guztiak "irekiak" izango direla aurreratu du, hezkuntza publikoa diren heinean debagoiendar guztiekiko "erantzukizuna" dutela esanda.
'Aniztasuna' ezaugarritzat
Iaz, Debagoieneko Eskola Publikoaren Jaia antolatu zuen Goieskolak, eta, "lortutako emaitza" ikusirik, aurten jardunaldiak elkarlanean antolatzeko erabakia hartu dutela aitortu du Goieskolako koordinatzaileak. Askotariko gaiak landuko dituzte, eta horien bitartez lortu gura diren helburuak asko izango dira; besteak beste, guztientzako hezkuntza guztien artean egitea, ikasle bakoitzaren nortasuna eta pentsaera errespetatzea, eskolaz bestelako erakundeekin elkarlana bultzatzea eta aniztasuna balio positibotzat berreskuratzea. Hain justu, aniztasuna hitzean jarri nahi izan dute azpimarra, Goieskolaren "ezaugarri nagusia" aniztasuna dela argitu baitu Igartuak.
Horretaz gain, jardunaldiei buruzko xehetasunak emateko egindako agerraldia aprobetxatu dute Debagoieneko Euskal Eskola Publikoetako ordezkariek, asteon Gasteizen hasi duten Euskal Eskola Publikoaz Harro kanpainarekin bat egin eta babes osoa helarazteko.