Euskal Herriko hainbat erakundek jarri dute abian ariguneak sortzeko prozesua. Atzo, Bilboko itsas-museoan egindako ekitaldian aurkeztu zituzten konpromiso hori agertu duten entitateen arteko hamabost; izaera, tamaina, jatorri eta sektore ezberdinekoak elkartu ziren, besteak beste, Athletic Fundazioa, Musikene goi-mailako musika ikastegia, Bilgune Feminista eta Kutxabank.
Hurrengo hilabeteetan jarriko dute abian entitate horietan ariguneak sortu, bultzatu, identifikatu eta babesteko prozesua, 2020ko Euskaraldiari begira. Euskara biziberritzeko garrantzitsuak diren eremuetan –aisialdian, alor sozio-ekonomikoan eta administrazioan…– euskararen erabilera bultzatzeko neurri praktikoak bultzatzea du helburu Euskaraldiaren bigarren ediziorako proposatu den berrikuntzak. Lehendik dauden planak eta ekimenak osatzera dator berrikuntza hori, enpresetan eta erakundeetan egiten diren euskara planen osagarri eta lagungarri izan daitezen.
Norbanakotik taldera pausoa emateko garaia
Euskaraldiaren lehenengo edizioan ahobizi eta belarriprest rolak aurkeztu zituzten, banakako harremanetan eragiteko. Milaka lagunek hartu zuten parte eta euren hizkuntza portaerak aldatzeko lehen pausoak eman. Gizartean sortu zen babes giroak, gainera, aldaketa horretan nabarmen eragin zuen.
Bigarren edizioan pauso bat gehiago eman gura da, taldeko harremanetan eragiteko asmoarekin. Ariguneak sortuko dira entitateen barruan eratutako euskaraz aritzeko gune babestuak; ariguneko kide guztiek euskara ulertzeaz gain, euskaraz hitz egiteko konpromisoa izango dute.
Bi motatako ariguneak sortuko direla ariketarako adierazi dute antolatzaileek: batetik, erakundeen barne funtzionamenduan euskararen erabilera babesteko sortutako barne-ariguneak; eta, bestetik, herritarrekiko harrerarako edo kanpo harremanetarako kanpo-ariguneak. Barnekoek balioko dute entitate barruko funtzionamendua euskaraz izateko eta kanpokoek uneoro euskarazko zerbitzua edo arreta eskaini ahal izateko.
Izena emateko epea zabalik
Entitateek zabalik dute arigune izateko inskribatzeko epea. Izen-ematea Euskaraldiaren webgunearen bitartez egin daiteke, eta horretarako epea 2020ko uztail arte egongo da zabalik, denbora izan dezaten ariketarako prestatzeko. Izan ere, izena eman ahal izateko, ariguneak non dituen identifikatu beharko du entitateak eta kideekin adostu hori.