Euskaraldia: bigarren aldia berrikuntzekin dator

Amaia Aranegi 2019ko abe. 2a, 11:27

2020ko azaroaren 20an hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa, Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan lelopean. aurrekoaren ildotik, 'ahobizi' eta 'belarriprest' herritarren ariketaz gain, entitateen parte-hartzea bultzatuko da hamabost egunez.

Aurreko urtean, euskararen aktibazioaren alde inoiz egin den ekimena ospatu zen Euskal Herrian. Azaroaren 23tik abenduaren 4ra arte, 225.000 lagunek ariketa sozial eta eraldatzaile batean parte hartzeko izena eman zuten eta hamaika egunez hizkuntza ohiturak aldatzeko erronkari heldu zioten. Lehen edizioak emaitza onak eman zituen; hala adierazi zuen Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, irailean Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketaren emaitzak aurkezterakoan: "Hasieratik esan genuen Euskaraldia ez zela joko bat, ez zela jai edo festa bat eta ez zela komunikazio kanpaina bat, hori baino gehiago zela. Hizkuntza ohituretan eragin nahi zuen ekimen berritzaile bat zen. Helburua eragitea izan zen eta horrela izaten jarraituko du hurrengo edizioan". Eragin hori handitzeko asmoz, urrats berriak egingo dituzte edizio honetan.

2020. URTEKO EUSKARALDIA: GEHIAGO, GEHIAGOREKIN ETA GEHIAGOTAN

 

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra

Aurreko eguaztenean, azaroaren 20an, aurkeztu zuten Euskaraldiaren bigarren edizioa. 2020an ospatuko den Euskaraldiak egun gehiago izango ditu: hamabost egun izango ditu ariketa sozialak. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte, Euskal Herrian berriz ere hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena ospatuko da. Aurreko edizioan norbanakoe-tan fokua jarri bazuten ere, oraingoan banakako harremanetatik haratago joan, eta taldekako ariketak ere egingo dira. 2020ko udazkenean, entitateek aukera izango dute Euskaraldian parte hartzeko: lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan, herrietako batzordeetan, kultur zein kirol taldeetan... eremu horietan ere ahobizi eta belarriprestek hizkuntza ohiturak barneratzeko aukera izango dute. Horretarako, entitateetan pentsatuta, arigune kontzeptua sortu dute. Hala ere, bi mota bereizi dituzte: alde batetik, barne ariguneak daude, leku eta talde itxietakoak. Hauek osatzeko bi baldintza bete behar dira: denek euskara ulertzea eta taldeko kideen%80 gutxienez ados egotea. Barne arigune bat enpresa bateko departamentu bat izan daiteke. Bestetik, kanpo ariguneak izango dira. Herritarrekin harreman espazioetan dauden entitateei eragiten diete eta herritarrak euskaraz artatuak izango direla bermatzen dute leku hauek. Inplikazioa, beraz, handiagoa izango dela adierazten du Kike Amonarrizek: "Guk ahal dugun guztietara heltzeko borondatea dugu. Baina horrek ere eskatzen du gizarte eragileen eta erakundeen arteko funtzioak ondo zehaztea, era guztietako entitateez hitz egiten ari garelako. Horrek esan nahi du pauso bat aurrera indartsuago eta sakonago emango dugula. Eta hori lortzen badugu aurrekoan lortu genuenaren antzeko tamainan, nik uste dut bide oso indartsua zabaltzen dela euskalgintzarentzat. Eta horrek energia kolektibo ikaragarri handia sor dezake".

Elementu berria: ariguneak

Bigarren edizioan garrantzi berezia hartuko duen kontzeptu berri bat sortu da: ariguneak. Euskaraz lasai –trabarik gabe– aritzeko gune, espazio eta taldeei egiten diete erreferentzia. Gune horiek euskara erabili nahi dutenak lasai aritu ahal izatea bermatu eta laguntzen dute, taldeko kideek euskara ulertu egiten dutelako.Berrikuntza honekin aurrerapauso indartsuago eta sakonagoa emango dela dio Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek: "Entitateetara goaz. Entitate esaten dugunean, edozein talde egituratu da. Izan liteke enpresa handi bat, txaranga bat, ikastetxe bat edo yoga talde bat. Entitate horietan pertsonak daude, eta orduan, bilatzen dena da euskaraz aritzen diren ariguneak identifikatzea".

'Ahobizi' eta 'belarriprest'

Edizio berrian, herritarrek Euskaraldiaren protagonistak izaten jarraituko dute. Ahobizi eta belarriprest rolak eta hiztunen arteko harremana izango dira ariketaren erdigune berriro ere. Baina dinamika zabaldu eta sakontzea du helburu oraingoan; hau da, ekimenera ahobizi eta belarriprest gehiago bildu eta rolak ongi lantzea. Horretarako, belarriprest eta ahobiziak prestatzen jarraitu eta figura hauek zer diren azalduko dute. Identifikazioari dagokionez, aurreko urteko esperientzia positiboa kontuan hartuta, aurten ere txapak erabiliko dira bakoitzaren rola zein den jakiteko, aspektu honetan ez da aldaketarik izango. Antolaketa ereduari dagokionez, herriz herri sortutako batzordeek –aurreko edizioan 405 udalerritan izan ziren batzordeak– Euskaraldia bultzatzeko oso garrantzitsuak izaten jarraituko dute. Horregatik, bigarren edizioko antolaketan oinarrian egongo dira berriro ere batzordeak. "Lehen Euskaraldiak zabaldu zuen komunitate zentzua hurrengoan sendotu egin nahi dugu, eta herriz herri sortutako indar hori egonkortzen saiatuko gara", adierazi zuen Kike Amonarrizek Euskaraldiaren bigarren edizioaren aurkezpenean. Irailean irekin zen herrietako batzordeetan izena emateko epea eta Debagoienean jada ari dira lanean.

Arnasa Gara ekimena

Bestalde, Arnasguneak euskarari hauspoa ematen lelopean, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek eta Udalerri Euskaldunen Mankomuni-tateak (Uema) Arnasa Gara ekimena abiatu dute.Helburua da euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea. Arnasguneak euskaldun portzentaje handia duten herriak dira, euskaraz bizi direnak. Belaunaldiz belaunaldi hizkuntza jaso dute eta hurrengoei transmititzen diete era naturlean, eta horregatik dira garrantzitsuak euskara indarberritzeko prozesuetan. Orotara, 22 udalerritan zabalduko dute ekimena; Debagoienean, hain zuzen, bitan Aramaion eta Leintz Gatzagan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak