Mintzalagun, berbalagun, mintzakide, solaskide… Debagoieneko herrien eta euskalkien arabera izen ezberdinak hartzen dituzte mintzapraktika programetan parte hartzen duten kideek. Hala, euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dituzten egitasmoak bizirik dirau bailarako herrietan. Tokian tokiko jarraipena izan duen egitasmoa da mintzapraktika, eta ekimen aberatsa bihurtu da, euskaraz bizitzeko aukera ematen duena.
Aisialdiko jarduera hau, hasiera batean, bospasei laguneko taldeetan kafetegi batean, parke batean, edonon, ordubetez ohiko gaiez euskaraz hitz egitetik hasi bazen ere, haratago joan da. Izan ere, euskal hiztunak ugaritzen joan dira, harreman berriak sortu, euskaraz aritzeko gune berriak irabazi, eta herriak euskaldundu. Hala, euskaraz hitz egiteko aukerak hazi egin dira. Hain zuzen, horren erreferente da Debagoienean 200dik gora lagun direla mintzalagun taldeetako kide.
Hitz egitea baino gehiago
"Ekimen arrakastatsua eta esperientzia izugarria dela adierazten dute partaideek, eta Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan nabarmendu beharreko egitasmoa da, duda barik", adierazi du Eskoriatzako Berbalagunak egitasmoko Iratxe Arrese koordinatzaileak. Izan ere, euskara praktikatzeko baliabide garrantzitsua den arren, elkar ezagutzeko bestelako modu bat bilatu dute mintzapraktika taldeetako kideek. "Azken urteotan, talde berriak ere sortu dira zenbait herritan; ahobizi eta belarriprest taldea eta Gurasolagunak taldea bezalakoak Eskoriatzaren kasuan".
EUSKARAZ BIZITZEKO AUKERA EMATETIK HARATAGO DOA MINTZALAGUNETAN EGITEN DENA
Auzoko, egitasmo aberatsa
Euskara, aniztasuna eta herritarrak, hiru gako horiek barne biltzen dituen egitasmoa bada mintzapraktika, Auzoko egitasmoak ere bide bera jarraitzen du, eta elkarrena ezagutuz, jatorri ezberdinetako herritarren artean, komunikazio hizkuntza euskara izatea erronka izan arren, kulturak eta ohiturek indar handia hartzen dute talde hauetan. Asteroko lanketez gain, herrira zabaltzen dituzten ekintzak arrakastatsuak izaten dira. Askotan, munduko zenbait janari ezberdin probatzeko eta horiek egiten ikasteko aukera izaten da. Hala, auzotarrak eta auzokideak batzeko bide emanez; betiere, euskara ardatz.