Oraindik bukatu ez bada ere, azken urteetako azarorik euritsuena izateko bidean da aurtengoa Euskal Herrian, eta Debagoienean ere kopuru esanguratsuak uzten ari da –eguaztenera arteko datuak jasota–.
Meteo Bergarako Aitor Amutxastegik emandako datuen arabera, azpimarratzekoa da, adibidez, 27 egunetatik 25etan euria egun duela azaroan. Gainera, 19 egunetan jarraian egin du euria, azaroaren 1tik 19ra.
Bestalde, azaroaren 1etik 27ra, metro karratuko 1.727,7 litro jaso dira Debagoieneko bost estazioetan: Arrasaten, 346 litro batu dira; Bergaran, 349,3 litro; Oñatin, 339 litro; Aretxabaletan, 328,8 litro eta Elgetan, 364,6 litro –azaroaren 5etik–.
Azaroko egunik euritsuena, berriz, hilaren 8a izan zen –egubakoitza–. Bost estazio horietan guztira 325,5 litro pilatu ziren egun horretan: Arrasaten, 57, 9 litro; Bergaran, 61,6 litro; Oñatin, 62,4 litro; Aretxabaletan; 55,2 litro eta Elgetan, azkenik, euri gehien egin zuen: 88,4 litro.
Horren ondorioz, urtegiak beteta daude. Urkuluren betetze-maila %87,88koa –urriaren 31n %67,40koa–. Albinaren betetze-maila, berriz, %80koa da –iazko azaroan %60koa zen–.
Hilabete hotza
Bestetik, azaro hotza izaten ari da. Bailarako batez besteko tenperatura 9,2 gradukoa da –Elgetako datua kontuan hartu gabe–. Arrasaten, 8,4 gradu; Bergaran, 9,7 gradu; Oñatin, 9,6 gradu; eta Aretxabaletan, 9,3 gradu.
Hileko tenperatura altuena Oñatin eta Bergaran jaso zen, azaroaren 1ean: 23,4 gradu. Tenperatura baxuena, berriz, Elgetan, hilaren 16an: -0,4 gradu.