Zailtasunak zeinu-hizkuntzako interprete bat lortzeko

Txomin Madina Milikua 2019ko aza. 27a, 16:31

Monika Morales Oñatin bizi da, eta ikasturte honetan hasi ditu Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan goi mailako gradu bateko ikasketak. Hasiera baina, ez da erraza izaten ari: Morales gorra da, eta Eusko Jaurlaritzari zeinu-hizkuntzako interprete baten laguntza izateko eskaria egina dion arren, momentuz ez diote zerbitzu hori eman. Horrek, asko zailtzen dio klaseak behar bezala jarraitu ahal izatea.

Programazioari eta mekanizatuari buruzko goi mailako gradu bat egiten hasi da Morales ikasturte honetan. Hala ere, keinu hizkuntzako interpreterik ez duela-eta komunikabideen bitartez bere egoeraren berri ematea erabaki du. Izan ere, nahi dituen ikasketak nahi dituen zentroan egiteko eskubidea mugatzen diotela salatu du.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zentro publiko batera joateko esan dio. "Hasiera batean, ez zidaten inolako erantzunik eman. Mezu ezberdinak bidali ostean, ofizialki urriko lehen astean jaso nuen erantzuna. Diotenez, irailaren 3an bidali zuten, nik urrira arte ez jaso arren. Testu horrek dio zentro kontzertatu bat denez ez daukadala interpretea eskatzeko eskubiderik eta zentro publiko batera joan behar dudala. Alde horretatik, diskriminatuta sentitzen naiz, ezin dudalako zentroa aukeratu, eta, ikasle gor bezala, publikora joatera behartuta sentitzen naiz", azpimarratu du.

Garbi utzi nahi du Eusko Jaurlaritzaren erantzuna ez dela ezezkoa izan, baina aukeratzera behartu duela. "Uste dut aukera izan behar dudala beste ikasle baten egoera berean egoteko. Gainera, Gipuzkoan beste ikasle gor batzuk badaude zentro kontzertatu batzuetan ikasten, interpretearekin. Nik neuk ere garai batean zentro kontzertatu batean egin nituen ikasketak, Gasteizen, eta interpretea izan nuen Hezkuntza Sailetik. Beraz, ez dut etsiko eta, borroka beste maila batera eraman behar badut, hala egingo dut".

Arartekoarengana ere jo du, baina, azaldu duenez, erantzunaren zain dago oraindik. "Duela bizpahiru aste hitz egin nuen berarekin. Suposatzen dut Hezkuntza Sailarekin egon beharko duela. Erantzunaren zain nago".

Benetako beharra daukala dio

Interprete baten benetako beharra daukala dio. "Gelan ematen den informazioaren %90 galtzen dut; izan ere, irakasleak mugitu egiten dira eta ezpainak irakurtzeko arazoak izaten ditut. Galdutako informazioa berreskuratzeko bizpahiru aste behar izaten ditut, eta lan bikoitza egin behar dut eskolako erritmoa jarraitzeko. Irakasleen laguntzari esker, eta ikaskideek ematen dizkidaten apunteei esker, aurrera egiten dut ikasketekin".

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak ordenagailuko programa berezi bat jarri zion ikasturtea hasi eta aste batzuetara. Haren bitartez, irakasleak mikrofono bat jartzen du eta berak esandakoa idatziz agertzen zaio. "Hala ere, esaten duen guztia ez zait agertzen eta oso azkar hitz egiten badu ez du ondo funtzionatzen. Ezer baino hobea da, baina ez da nahikoa. Informazio guztia nire hizkuntzan jaso gurako nuke".

Erakundearen "diskriminazioa"

Iker Carrasco Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikaslea da, eta Monika Moralesen laguna. Hark uste du, Hezkuntza Sailaren erantzun horrekin erakundea bera dela diskriminatzen dena. "Jaurlaritzak ez dio esan interpreterik eskainiko ez dionik, baizik eta interpretea edukitzeko zentro publiko batera joan behar duela. Beraz, uste dut gure erakundea dagoela baztertuta, gure erakundea delako ez duena lortzen ikasle gor bat bertan modu egokian edukitzea".

Gatazkaren erdian

Mondragon Goi Eskola Politeknikoko zuzendari Carlos Garciak dio egoera "zaila" dela. "Zentroa gatazkaren erdian dago, eta guretzat ere ez da batere erraza. Oso ondo ulertzen dugu bere jarrera, eta horretarako eskubidea dauka, baina gure bidea ez da salaketarena, elkarrizketaren bidez saiatu beharko luke honi irtenbidea aurkitzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak