Elikagai bilketa handia egiteko, elkartasun deia

Maialen Santos 2019ko aza. 22a, 12:05

Gaur eta bihar, egun osoan zehar eramango dute aurrera elikagai bilketa Euskal Herri osoan. Beharra dutenei laguntzeko ekimena sasoi honetan egiten dute urtero, eta bailarako supermerkatuetan jasotakoa Bergarako biltegia hornitzeko baliatuko dute.

Urteroko ohiturari jarraiki, egubakoitzean eta zapatuan –gaur eta bihar– egingo dute Euskal Herri osoan elikagai bilketa handia. Goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara izango da kolaboratzeko aukera, hain zuzen, tarte horretan izango baita elikagaiak edota higiene produktuak erosi eta supermerkatuetan jarriko dituzten kutxetan uzteko aukera; boluntarioek ere ordu horietan jardungo dute nork bere alea jartzen.

Gipuzkoan, zehazki, 91 saltokitan eramango dute aurrera elkartasun bilketa, elikagaien bi banku baitaude martxan gaur egun: bata Oiartzunen eta bestea Bergaran. Debagoienean, Debabarrenean, Goierrin eta Urolan bildutako guztia Bergarako bankua hornitzeko baliatuko dute, horrenbestez.

Erronka, kilo bat pertsonako

Kanpaina berrian, bi egun hauetan, elikagai bankuak urtean behar duenaren %25 biltzen dute, Bergarako elikagai bankuko arduradun Jose Antonio Agirrebeñak azaldu duenez. "Urteko garrantzitsuena izaten da; izan ere, gure biltegiak janariz gehien hornitzen dituen bilketa izaten da egunotakoa". Gipuzkoan 700.000 biztanle baino gehiago izanik, pertsonako "gutxienez" kilo bat produktu edota elikagai biltzea dute aurtengo erronka. "Iaz ez ginen kopuru horretara iritsi; zehazki, 661.000 kilo bildu genituen. Aurten, kopuru hori handitu egin nahiko genuke", argitu du.

Erraz hondatzen ez diren elikagaiak bilduko dituzte kanpainan, urtero legez: pasta, lekaleak, olioa eta arrain edota barazki kontserbak, besteak beste. Higiene produktuak ere "beharrezkoak" izaten dituzte elikagai bankuetan, hala nola fardelak eta konpresak. Horretaz gain, haurrentzako produktuak ere "bereziki" kontuan hartu beharrekoak izaten dira: gailetak eta esnea, adibidez.

Laguntza-bonuak eskuragarri

Aurten ere laguntza emateko bi modu ezberdin daude: ohiko moduaz gain –elikagaiak erosi eta supermerkatuan bertan dauden kutxetan uztea–, dirulaguntza-bonuen bitartez laguntzeko aukera ere izango da. Hala, bonuak erosketa ordaintzeko kutxan eskatu daitezke; eta norberak nahi duen balioa eman diezaieke horiei. Agirrebeñak azaldu duenez, bonuak funtsezkoak izaten dira laguntza moduan, elikagaiak "beharraren arabera" kudeatzea ahalbidetzen baitute: "Esnea bezalako elikagaiek oso epe laburra dute eta berehala banatu behar ditugu. Aldiz, dirulaguntza-bonuen bitartez, beharrezkoa dugunean erosi eta banatzen ditugu". Gaineratu duenez, sarritan, jendeak ez du jakiten zer erosi, eta, beraz, zuzenean laguntza ekonomikoa ematea ere alternatiba ona izaten da. Iaz, 260.000 euro batu zituzten laguntza-bonutan, eta aurten kopuru hori berdindu edo gainditzea espero dutela azaldu du arduradunak.

646 boluntario lanean

Bergarako biltegia hornitu ahal izateko, 646 pertsonak jardungo dute boluntario lanetan Debagoieneko, Debabarreneko, Goierriko eta Urolako 40 supermerkatutan. "Egun hauetarako errefortzua behar izaten dugu, eta izugarri estimatzen dugu bere alea jarri nahi duen edonoren laguntza", azaldu du. Halere, dio ezin ahaztu daitekeela boluntarioek urte osoan zehar egiten duten lana, pertsona asko baitira egunero edota astean zenbaitetan Bergarako biltegira gerturatzen direnak, bertan elikagaiak antolatu edota talde ezberdinetara banaketa egitera. Hain zuzen, boluntario hauek kontatu eta sailkatuko dute datozen asteetan jasotako guztia, bildutako produktuak beharra duten horiei helarazi ahal izateko: "Gabonetarako edo urte hasierarako jakingo dugu aurtengo kanpainak zenbat eman duen, eta espero dugu asko izatea". Bien bitartean, itxurarengatik supermerkatuetan saldu ezin daitezkeen produktuak batzen eta banatzen jarraituko dute, hori baita bankua hornitzeko eguneroko beste bide bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak