Donostiako eta Gasteizko haurrak gogotsu aritu dira Goienaren Kantari saio berrietan. "Primeran joan da dena bi tokietan: parte-hartzaileek gozatu egin dute, etxekoek eta lagunek ere bai; nola ez, Kantari saioa egiten dugun guztiok ere primeran ibili gara", dio Kantari saioko koordinatzaile Aitor Agirianok.
Aurten bigarren urtez egin dituzte Kutxa Fundazioaren babesarekin Donostian; Kutxa Kultur Kluba aretoan grabatu zituzten eta telebistan eskaintzen ari dira dagoeneko. Laugarren aldia dute Gasteizen. Aurreko asteburuan grabatu zuten, Geu Euskara Elkartearekin, Arabako Alea aldizkariarekin eta Gasteizko Udalarekin elkarlanean eta Vital Kutxa Fundazioaren babesarekin. Horiei lekukoa hartuta, urtarrilean hasiko dira "etxekoak" grabatzen.
Donostiako eta Gasteizko saio arrakastatsuen ostean badator eskualdekoa
Izen-ematea, online
Eskuorri batzuk banatuko dituzte ikastetxeetan, parte hartzeko informazioarekin; eta gaur, azaroaren 25ean, hasi eta abenduaren 5era bitartean bidali beharko da parte hartzeko eskaera; aurreko aldian moduan, online egingo da. "Goiena.eus atarian dagoen Kantari izeneko kanalean sartu eta erraz egiten da; mugikorretik, tabletatik edota ordenagailutik egin daiteke. Oso garrantzitsua da helbide elektronikoa eta mugikor zenbakia ongi jartzea, bide hori erabiliko dugu-eta parte-hartzaileei informazioa bidaltzeko eta duten zalantza guztiak argitzeko".
Hiru, lau edo bost laguneko taldeetan hartu behar da parte, baina izena ematerakoan bakarka egin behar da; kide bakoitzak bere eskaera bete behar du. "Abenduaren 9ko astean guztiek, Whatsapp mezu bidez, jasoko dute egokitu zaien kantua zein izango den, kantura eramango dituen lotura eta bestelako informazioa: entsegu eta grabazio lekua, eguna eta ordua".
Horrez gainera, Gukantari.eus atarian ere askotariko informazioa, emanaldietako argazkiak, saioak eta talde bakoitzak egindako saioaren bideoak izango dira ikusgai.
Urtarrilean lehen entseguak
Herri guztietako 7 eta 11 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte eta Aretxabaletan, Oñatin, Bergaran eta Arrasaten izango dira entseguak eta grabaketak, hurrenez hurren. Martxora bitartean grabatuko ditugu eta entseguak emanaldien aurreko astean izango dira".
Aurpegi eta kantu berriak
Amaia Txintxurretak aurkeztu izan du Kantari baina lekukoa eman die Iker Gutierrezi eta Beñat Arizabaletari; eta alboan izan dute, guztia koordinatzen, eskarmentua duen Aitor Agiriano.
Hamahiru urtetan saioaren ikur izan den kantua berri eta martxoso batekin ordezkatuko dutela azaldu du Agirianok: "Amaia Txintxurreta eta Asier Castro Gauargi erromeria taldeko kideek sortutako da. Freskoa eta alaia". Kantu hori, baina, ez da entzungo eta abestuko den berri bakarra: "Aurreko saioetako kantuez gain, musikari eta taldeen kantu berriak kantatzeko eta dantzatzeko aukera izango dugu. Euskarazkoak dira guztiak, garai eta estilo guztietakoak; hortaz, joan ahotsak berotzen eta gerria astintzen!", proposatu du Agirianok.