Jorge Davila: "Mondra delako da bereziki mingarria"

Xabier Urtzelai 2019ko aza. 5a, 18:23

Mondrako zuzendaritzak erabaki zaila hartu behar izan du, beheko kategoriatan hasita guztira bederatzi urte klubean egin dituen Jorge Davila (Arrasate, 1978) kargutik kentzea. Zortzi jardunaldi jokatu eta gero partidu bat irabazita, sailkapenean azken postuan dago Mondra. Gaurko –martitzena– entrenamendu saioan agurtuko da Davila jokalariengandik.   

Seguru ez direla egun gozoak izan. Zer moduz zaude?

Beno, doluaren erdia dagoeneko pasa dudala esango nuke (barre), baina bai, zuzendaritzatik esan zidatenean entrenatzaile izateari utziko niola, sentipen askoko egunak izan dira, emozio handikoak. Bihotzeko kluba denean min handiagoa ematen du, Mondra delako ematen dit bereziki min, baina bizipenen motxilara sartuko dugu hau ere, eta seguru hemendik ere ikasi egingo dugula.

Zer gertatu da zortzigarren jardunaldian Mondra sailkapenaren azken postuan ikusteko? Izan ere, duela bi hilabete GOIENAn bertan esan zenuen aurrean egoteko moduko taldea zeneukatela.

Eta berdin pentsatzen jarraitzen dut, Mondrak aurrean egoteko moduko taldea daukala. Bada, seguruenik gauza askoren batuketa izan da. Taldera jokalari gazteak iritsi dira, eta horiek egokitzapen fasea behar dute. Baina, hasieratik hasi ginen txarto, eta konturatu orduko konfiantza galdu genuen. Halakoetan, kontrarioaren atea txikitu egiten da, eta norberak defendatzen duen atea izugarri handitzen da. Dinamika negatiboan sartu ginen, eta nahiz eta aste barruko lana ona izan, jokalarien inplikazioa ona izan, partiduaren eguna iristen zen eta detaile txikiak oso erabakigarriak izaten ziren. Gaizki irten zitekeen guztia gaizki irten da. Dinamikaz aldatu behar du Mondrak.

Esanguratsua izan da Harmailatik saioan ikusi izan ditugun partidu osteko elkarrizketatan taldeko jokalari erreferenteen keinu serioa, ardura aurpegia. Burura etortzen zaizkit zuri egindako elkarrizketa bat, Aranbarriri, Jokin Mujikari atzo...

Baliteke arrazoi izatea. Hori du ona talde honek, autokritikarako duen gaitasuna, baina akaso zorrotzegiak izan gara gure buruarekin, eta gauzak lasaiago hartu behar genituen.

Diozu azken hiru jardunaldietan taldean gauza positiboak ikusi dituzula.

Halaxe da, nahiz eta emaitzak ez diren guk gura genituenak izan. Mutrikun ez ginen txarto ibili, ezer gutxi eginda lortu zuten 1-2koa, Oiartzunen (1-1) partidua kontrolpean izan genuen uneoro, Amaikak Baten kontra lehenengo zatian ere serio ibili ginen... Ezer gutxi eginda lortu zuten 0-1ekoa, eta ondoren arriskatu behar izan genuen... Egia da gola errazegi egin izan digutela, gure ate inguruan arrisku sentsazioa izaten genuela. Ez dugu asmatu horri buelta ematen.

Ulertzen duzu zuzendaritzaren erabakia?

Hotzean pentsatuta, ikusita kategorian zer nolako berdintasuna dagoen, egia da emaitza positibo pare batekin sailkapenean aurrerapauso galanta eman genezakeela. Akaso zuzendaritzak pazientzia apur bat gehiago izan zezakeela... Beno, futbolean emaitzek agintzen dute, hori garbi dugu denok, eta taldeak dinamikaz aldatu behar du.

Elkarrizketa hasi aurretik esker oneko berbak baino ez dituzu izan.

Halaxe sentitzen dudalako. Zuzendaritzako kideei eskerrik asko baino ezin diet esan, duela bi urte nire aldeko apustua egin zutelako. Ohorea izan da urte hauetan guztietan Mondrako entrenatzailea izatea. Eta jokalariei ere ezin diet besterik esan, talde zoragarria dira, bereziki, ikuspuntu humanotik. Aldagela horretan lagunak utziko ditut, eta esan gura diedana da aurrerantzean harmailetan izango naizela, animatzen, Mondrako zale bat gehiago moduan. Duela hiru aste taldeko kapitain Julen Aranbarrik GOIENAn esan zuen moduan, ez dut zalantzarik taldea egoera honetatik irtengo dela.

Eta aurrerantzean, ze asmo?

Etorkizunean entrenatzen jarraitu gurako nuke, futbola nire bizitzan arlo garrantzitsua delako. Gustuko dut aulkiko lana, curriculum-ak botatzen hasi beharko du (barreak).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak