HARIRA

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen gaineko mahai-ingurua

Goiatz Arana Begiristain 2019ko aza. 5a, 21:00

Joseba Agirretxea (EAJ), Mertxe Aizpurua (EH Bildu), Maria Luisa Garcia (PSE-EE) eta Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Ahal Dugu) izan dira mahaiaren bueltan. Hizpide izan dituzte Katalunia, lurraldetasuna eta autogobernua; pentsioak eta krisi ekonomiko berri baten mehatxua; edota indarkeria matxista. Egungo blokeo egoeraz eta azaroaren 11tik aurrerako jokaleku posible ezberdinez ere hitz egin dute.

EAJren Gipuzkoako zerrendaburua da Joseba Agirretxea; EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua Mertxe Aizpurua; PSEEEren Gipuzkoako zerrendako bigarrena Maria Luisa Garcia; eta Elkarrekin Ahal Duguren Bizkaiko zerrendako bigarrena Miren Gorrotxategi.

Negoziazioek huts egin ostean, aurtengo bigarren hauteskundeak izango dira, eta Agirretxeak dio euren planteamenduak "indar gehiagoz" defendatzeko arrazoia dela hori. "Hauteskunde hauek eskuinari beste aukera bat ematen diote; dohainik, gainera. Espainiatik hodei oso beltzak datozela ikusirik, gure autogobernuaren eta euskal gizartearen eta ekonomiaren defentsa sutsua egingo dugu".

Aizpuruak "indarberrituta" ikusten du EH Bildu, eta "aire beltzak" datozela uste du honek ere. "Euskal subiranisten ahotsa Madrilen izango da eta herri egiten gaituen hori guztia defendatzera goaz. Aire beltzak dira, erasokorrak, eta beharrezkoa da gure ahotsa hor izatea".

Garciak, bestalde, aitortu du "arrisku handia" dagoela presidente eta presidenteorde zentralista, atzerakoi, matxista, homofobo eta xenofobo bat izateko. "Euskadiri dagokionez, gure autogobernua ere kolokan egongo litzateke kasu horretan. Beraz, irmotasun demokratikorako borondatea jarri nahi dugu herritarren zerbitzura".

Gorrotxategik krisi ekonomikoan jarri du arreta. "Gure arrazoiek are tinkoago diraute. Krisi larri bat dator, eta horren aurrean ikusi behar da nondik datorren murrizketa. Orain arte, behetik egin izan dira murrizketa horiek, eta aberatsen eta pobreen arteko aldea sakondu egin da. Horri aurre egitea da gure lehentasun nagusia".

Katalunia eztabaidagai

Katalunia ere izan dute hizpide. "1978an konpondu gabe geratu ziren gauzek oraindik ere konpondu gabe diraute, eta ezegonkortasun politikoa ere horren adibide bat da. Arazoa ez dugu euskaldunok eta kataluniarrek, Espainiak dauka arazoa, eta ez da gai horri aurre egiteko".

Garciak erantzun dio Torra presidente den bitartean "nekez" hasiko dela konpontzen Kataluniako elkarbizitza eta krisi politikoa. "Alderdi independentistek jarrera pragmatikoagoa hartu beharko lukete, autogobernuari buruzko elkarrizketa bultzatzeko, eta ez Espainiako eskuin nazionalista elikatzeko".

Arazoa politikoa dela dio Agirretxeak, eta modu politikoan konpondu behar dela. "Pedro Sanchezen konponbidea da erreferenduma delitu moduan kontsideratzea Zigor Kodean. Espainiako Estatuak arazo bat du. Konstituzioa elementu zabaltzailea izan behar da, eskubideez baliatu behar dena, eta ez une oro estu daukazun traje bat".

Gorrotxategik, azkenik, ohartarazi du plurinazionaltasuna ukatzen dutenek errealitate bat ukatzen dutela. "Lehenik, aitortza egin behar da, eta gero, politikariok tresnak jarri behar ditugu estatu ereduak errealitate konkretu batera egokitzeko".

Pentsioak blindatu beharraz

Gaur egun urgentzia handiena duen gaia pentsioena da, Aizpuruaren esanetan. "1.080 euroko gutxieneko pentsio hori ziurtatu egin behar da, blindatu, eta gizarte-segurantzaren transferentzia ere gureganatzea beharrezkoa da, Espainiarekiko menpekotasunean ez dugulako aurrera egingo".

Agirretxeak aitortu du pozten dela hori entzuteaz EH Bilduren ahotan. "Eusko Jaurlaritzari transferitu egin behar zaio gizarte-segurantzaren gestioaren erregimena", dio.

Pentsioak KPIaren arabera eguneratzea eta Konstituzioan blindatzea ere lehentasunezkotzat jo du Garciak, "garapena eta jasangarritasuna lortzeko".

Sistema inposatzaile fiskal progresiboa eratu behar dela azaldu du Gorrotxategik. Horrez gain, iruzur fiskala amaitzea ere inportantea dela dio. "Banka publiko bat eta energia sortuko duen enpresa publiko bat sortzea proposatzen dugu. Iruzur fiskalaren %70 aberats handien eskuetatik dator".

Indarkeria matxistaren aurka

Agirretxearen ustez, inportantea izan zen indarkeria matxistaren gaia legeetara eramatea. "Pauso inportantea eman zen horrekin, baina ez dakit legearen aplikazioa ez ote den izan huts egin duena. Gizarteak inoiz baino kontzientziazio handiagoa dauka, baina erantzukizun politikoa ere badago. Azken hilabete hauetan aukera egon da Zigor Kodea aldatzeko, eta ez da egin".

Garciaren ustez ere denbora galdu da azken hilabete hauetan Zigor Kodea aldatzeko. "Pena handiz esaten dut hori. Gauza asko egin dira, baina ez da denborarik izan denera iristeko".

Indarkeria matxistari aurre egiteko gako garrantzitsuenetako bat hezkuntza da, Gorrotxategiren esanetan. "Gizartea feminismoaren printzipioekin hezi behar da. Estatuak dirua bideratu behar du indarkeria matxistaren kontra behar diren neurriak jarri eta aldaketa sakonak eman ahal izateko".

Garciak erantzun dio zentzurik zabalenean hartu beharko litzatekeela hezkuntza. "Medikuak, epaileak eta polizia bera hezi egin behar dira gai honetan, oraindik komeriak daudelako behar den moduko arreta eskaintzeko".

Aizpuruak dio zigorgabetasuna bukatu behar dela. "Hezkuntza oso garrantzitsua da, noski, baina, horrez gain, uste dugu espresuki gai hauek lantzeko auzitegi bereziak egon beharko liratekeela", nabarmendu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak