15 urte lehen Danbaka musika lehiaketa egin zela

Jokin Etxebarria 2019ko aza. 4a, 11:00
Malenkonia oñatiarrak taula gainean, 2006ko Danbakan.

Lau edizio eta ia 80 talde edo bakarlari, musikaren inguruan giro aparta eta hedabideendako material bikaina; hori da Danbakaren musika lehiaketaren balantze nagusia. Askok berreskuratu nahiko luketen formatua.

Urte batzuk pasa dira Elgetako Espaloia Kafe Antzokian gitarren burrunbak eta baterien danbatekoak itzali zirela. Ordura arte, lau ediziotan, 2004, 2006, 2008 eta 2010, Goiena Komunikazio Taldeak eta Elgetako Espaloia Kafe Antzokiak elkarlanean  –Goibeko euskara elkartearen, Shot! grabazio estudioen eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen laguntzarekin– sortutako Danbaka lehiaketarekin bailarako eta Euskal Herriko ia 80 talde edo bakarlarik euren musika doinuak jendarteratu zituzten.

Urriaren 22an bete ziren 15 urte Danbakako lehen kontzertua egin zela eta, honenbestez, lehiaketa hasi zela. Askorentzat, iraganean gelditu den zerbait izango da; beste askok sekula ahaztuko ez duten esperientzia moduan gogoratuko dute; bada lehiaketa berreskuratzea ezinbestekotzat ematen duenik ere. 

2004ko uztailean egin zen taldeentzako lehen deialdia. "Beldur puntu bat bageneukan, ez baikenekien zenbat jendek emango zuen izena. 40 taldetik gora apuntatu ziren, epaimahai bat sortu genuen, RIPeko Jul Bolinagarekin, Shot! estudioko Iñaki Bengoarekin eta Bergarako lagun batzuekin, sekulako ilusioarekin, hasi ginen taldeen musika entzuten", dio Iker Barandiaranek, Danbakaren koordinatzaile nagusia izan zenak. Gutxienez taldekideetako bat Debagoienean erroldatuta egotea, kontratu diskografikorik indarrean ez izatea eta hiru kanta original aurkeztea izan ziren ezarritako baldintzak. Danbaka martxan zen. Fasez fase, hiru edo lau talderekin emanaldiak izan ostean iritsi ziren lehen finalera Muted, Potemkin eta Sharon Stoner taldeak eta ikuskizun gogoangarri baten ostean azken honek lortu zuen lehen txapela janztea. Gerora, Aby-Kem, The Wet Band eta Xarma suertatuko ziren irabazle.

Maider Arregi Goienako kazetaria eta Danbakako aurkezlea, Juan Sangre –Governors...– elkarrizketatzen.

Formatu berezia 

Behar batetik eta laguntzeko gogo batetik sortu zen Danbaka. Iban Arantzabalek, gaur egun Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusia denak, gertutik bizi izan zuen hasiera hura, antolaketa lanetan –Goienako eta Goibekoko kide zen–: "Ideia sortzeko orduan bi gauza lotu ziren: batetik, hedabide batek gazte jendearekiko daukan beharra, eta musika helburu hori lortzeko modu on bat izan zitekeela ikusi zen; bestetik, orduan sortu berri zen Espaloia Kafe Antzokia, bailarako aurrena, eta Euskal Herrian bigarrena, eta hark lehen ez zeuden aukera batzuk eskaintzen zituen".

Egon badaude beste musika lehiaketa batzuk, baina Danbaka berezia zen, bakarra. "Ez zegoen horrelako bestelakorik, non aurretik, prentsan, taldea horren zabal aurkezten zuenik, kontzertuak osorik telebistan ematen zituenik, Interneten taldeak ezagutzera ematen zituztenik, euren kantak, sailkatu edo ez, entzungai jartzen zirenik…", dio Barandiaranek. Iban Arantzabal harago doa, lehiaketa show bihurtzen jakin izan zutela uste du: "Asteleheneko Goienkaria-n kontzertuetako kronikak egiten ziren; telebistak taldeen bideoklip eta kontzertu guztiak grabatu eta ematen zituen, kontzertuetan pantailak jaitsi eta taldeei buruzko informazioa ematen zen, elkarrizketak egiten ziren zuzenean…".

Lehiaketak izugarrizko sona lortu zuen eta Elgetako Espaloiko kontzertu bakoitzean 400 bat pertsona bildu ziren: lagunak animatzen, batzuk; eskualdean zegoen musika eskaintzaz gozatzen, besteak. Lau ediziotan epai lanak egin zituen Iñaki Bengoak: "Barietate handia eta maila oso altua zegoen. Eta, batez ere, giro bikaina sortzen zen. Taldeen artean mugimendua sor dadin, horrelako ekintzak beharrezkoak dira, eta asmatu zelakoan nago. Baliagarri izan zen talde askok aurrera egin zezaten, eta bertatik talde asko irten dira gerora, Euskal Herri mailan ibilbidea egin dutenak".

Askotariko musika estiloak 

Guztiek baloratzen duten zerbait da musika estilo ezberdin piloa ikusi ahal izan zirela: musika elektronikoa, punka, heavya, bluesa… Eta taldeek ez ezik bakarlariek ere euren lekua topatu ahal izan zuten lehiaketan. Mery May arrasatearrak honela gogoratzen du: "Bakarlarientzat, ordura arte Euskadi Gaztearen Maketa Lehiaketa eta beste ezer gutxi zegoen, eta Danbaka bakarra izan zen talde eta bakarlariak banatzen jakin izan zuena. Nik uste dut jende gehiago animatu zuela horrek bakarlari ere izatera".

The 5 Twisters taldea, Arrasatetik. Hirugarren edizioan aritu zen.

Saria zen disko bat grabatzea. Egun, disko bat grabatzea orduan baino errazagoa da. "Zuzeneko onenak baloratzen ziren eta horrek eramaten zintuen disko bat grabatzeko sarira. Baina diskoarena bigarren aukera zen. Aukera edo ibilbide logikoa, hala ere: taldea entseatzen hasten da, jendearengana zabaltzen da eta, jendearen gustukoa bada, disko bat grabatzera pasatzen da", kontatzen du Arantzabalek.

The Wet Band mutrikuarrek irabazi zuten hirugarren edizioa, 2008koa.

Inguruko eskualdeetara 

Finalak ikuskizun bereziak ziren. Euskal Herri osotik etorritako musika adituek, talde gonbidatuek eta musika ezberdinarekin gozatzeko asmoz etortzen zen jendeak betetzen zuten Espaloia. Baina Iñaki Bengoak gogorarazten duen moduan, Danbaka finaletik harago zihoan zerbait zen: "15 egunean behin, neguan, Elgetan, sekulako giroa sortzen zen. Dena musikaren inguruan, eta profesionaltasun handiz".

Baina, bi urtean behin, bailaran, hogei musika talde berri ateratzea ez da erraza. Horrek formatuaren zabalkundea birplanteatzera eraman zuen antolaketa taldea eta hirugarren edizioan Debabarrenera eta Durangaldera ere zabaldu zen Danbaka. "Gure bidelagun batzuek beste asmo batzuk azaldu zituzten, talde askorik ez zegoen eta gutxika itzaltzen zebilen sentsazioa ere egon zen", gogoratzen du Barandiaranek.

Mery May arrasatearrak parte hartu zuen 2008ko Danbakan.

Berreskuratuko balitz?  

Mery Mayk dio orain urte batzuk musika bor-bor egon zela gazteen artean; gaur egun, ordea, ez dela horrela: "Gure garaian hasitako talde batzuek jarraitzen dute, baina berri askorik ez dago". Iñaki Bengoa bat dator horrekin eta uste du mota honetako lehiaketa bat berreskuratzeak jendea piztuko lukeela: "Danbakak lagundu egingo lukeelakoan nago". Iban Arantzabalek ez du baztertzen Danbaka berreskuratzea: "Marka hori oraindik ere ona da, jendeak gogoan baitauka. Garrantzitsua litzateke egoera nola dagoen ondo aztertzea, eta komunitateari Danbaka berpiztea interesatzen zaiola ikusten badugu, egingo dugu".

Gutxika-gutxika itzaltzen joaten denak sugar txiki bat utzi ohi du askorengan. Danbakaren atea ez zen danbateko batekin itxi eta marka berreskuratzeko aukera badago, hortaz. Etorkizunak esango du berriro antolatuko den.

Petti, bere taldearekin, 2008ko Danbakako finaleko gonbidatua.

Lau edizio, hamaika doinu

Lau alditan antolatu zen lehiaketa: 2004ko urrian hasi eta 2010era arte. Hain justu ere, 2011ko urtarrilean jokatu zen azken finala. Sharon Stoner izan zen Danbakako lehen irabazlea eta Xarma azkena.

2004

  • 20 taldek hartu zuten parte.
  • Finala jokatu zuten: Potemkin (Oñati), Sharon Stonen (Oñati) eta Muted (Arrasate-Abadiño).
  • Sharon Stoner izan zen garaile –diskoa grabatzea izan zen saria–. Ikusleen saria Enboskada (Arrasate) taldeak irabazi zuen.
  • Finaleko talde gonbidatua izan zen: Split 77.

2006

  • 19 taldek hartu zuten parte lehiaketan.
  • Finala jokatu zuten: Aby-Kem (Bergara), Malenkonia (Oñati) eta Belceblues (Bergara).
  • Aby-Kem taldeak irabazi zuen saria –diskoa grabatzea–. Ikusleen saria Drakes (Oñati) taldeak eraman zuen eta bakarlari onenarena Jim TNTk (Arrasate).
  • Finaleko talde gonbidatua izan zen: Kerobia.

2008

  • 24 taldek hartu zuten parte. Debabarrenera eta Durangaldera zabaldu zen.
  • Finala jokatu zuten: Adi Holden (Bergara), The Wet Band (Mutriku) eta Norman (Eibar).
  • The Wet Band izan zen irabazle –diskoa grabatzea– eta ikuslearen saria ere eroan zuen; Debagoieneko talde onenaren saria jaso zuen Adi Holdenek.
  • Finaleko talde gonbidatua izan zen: Petti eta bere taldea.

2010

  • 20 taldek hartu zuten parte.
  • Finalerako sailkatu ziren: Xarma (Ondarroa), Desprezio eta Lord Witch (Bergara).
  • Irabazlea Xarma taldea izan zen –diskoa grabatzea– eta Lord Witch Debagoieneko onena.
  • Finaleko talde gonbidatua izan zen: Atom Rumba.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak