Zer izan zen Danbaka Sharon Stonerrentzat?
Talde moduan urte batzuk generamatzan jotzen, gure izaera hartzen hasiak ginen, baina Danbaka izan zen benetan talde moduan ezagutarazteko behar genuen azken bultzada.
Danbaka benetan ezberdina zen?
Fasez fase joan beharra zeneukan, zuzeneko emanaldia... Finalera iritsi eta Potemkinekin tokatu, gainera. Gure aldameneko lokalean jotzen zuen beste talde oñatiar, maiz elkartzen ginen haiekin, gainera, gure arteko pike sano batekin. Oso polita izan zen, gure oroitzapenetan beti geldituko den zerbait.
Bailarako eta bailaraz kanpoko taldeentzat pizgarria zen?
Talde askorentzat eta bakarlarientzat ere bai. Azken finean, taldeak ezagutarazteko beti dauka erraztasun handiagoa, baina lokalean edo etxean jo eta konposatzen duen jende askori, kontzertu bat antolatzeko aukerarik ez duena, normalean, Danbakan izena emateko aukerak ate asko zabaldu zizkion.
Lehen diskoa Danbaka irabazita atera zenuten. Laugarrena labean daukazue.
Azaroaren 8an aterako dugu. Aurreko diskoa 2012an atera genuen. Ez gara musikatik aldendu, bakoitzak bere bidea egin izan du, baina orain bi urte elkartu ginen berriz ere Sharon Stoner gisa kontzertu batzuk jotzeko eta horrek eraman gintuen berriz ere talde errutinan lanean jartzera. Lanaren fruitua kantuak izaten dira, normalean, eta kantuek diskoa dakarte.