Jaia eta beldurra izango dira nagusi gaurko Gau Beltzean

Maialen Santos 2019ko urr. 31a, 10:44

Atzo Elgetan egindako kalabazak husteko tailerra

Domu Santu bezperan, gaurko gauean, antzina erritu eta festa ugari egiten ziren Euskal Herri osoan. Gau magikoa ospatu eta tradizioa berreskuratzeko asmoz, egitarau oparoa antolatu dute Debagoieneko herrietan; festa eta beldurra izango dira nagusi.

Urriaren 31tik azaroaren 1erako gauean, gaur, Halloween gaua ospatzen da munduko zenbait txokotan, eta Euskal Herrian ere ospakizuna bere lekua hartuz joan da azken urteetan. Hala ere, jakina da antzina bazegoela bertan antzeko festa bat ospatzeko ohitura: Gau Beltza edo Arimen Gaua. Urteak pasa ahala euskaldunen jaia indarra galduz joan da; Euskaltzaleen Topaguneko Itsaso Lekuonak adierazi duenez, dagoeneko askok nekazaritza eremuetan "bizitzeari" utzi diotelako galdu da tradizioa, besteak beste: "Orain, herri eta hirietan bizi gara gehienak, eta horiek ez dira hain ilunak izaten". Era berean, lehen egiten zen jaiarekiko ezagutza ere "galdu" egin dela dio, gaur egun ez dela ezagutzen. Belaunaldien arteko transmisioak huts egin du, beraz, topaguneko arduradunaren aburuz.

Tradizioa berreskuratu guran

Tradizioa berrindartu eta berreskuratzeko ahaleginetan aritu dira zenbait elkarte eta antolakuntza talde azken urte hauetan. Hainbat ekimen eraman dituzte aurrera herrietan, eta aurten ere ekintzaz jositako egitaraua antolatu dute Debagoieneko herrietan. Arrasaten, adibidez, aste osoa daramate egunaren baitako ekintzak egiten; dagoeneko egin dute Beldurrezko Etxea gaztetxokoan, eta gaur bertan Arimen Biltzarra egingo dute herriko gaztetxean. Oñatin, aldiz, gaur egingo dute Beldurrezko Etxea gaztelekuan, eta pertsonaia "beldurgarriek" istorioan parte hartuko dutela aurreratu dute antolatzaileek.

Itsaso Lekuonak azaldu duenez, egunotan festa egiteak esangura berezia du: "Badaude gure aitona-amonen garaiko testigantzak, eta diote udazkeneko egun hauetan zehar ospatzen zituztela festa edo erritual batzuk". Erritualak ez zituzten zehazki urriaren 31 gauean, Domu Santu bezperan, egiten; urteko "sasoi honetan zehar baizik", gutxi gorabehera. "Jaiak lotura du urtaro honekin eta ordu aldaketarekin eta, gainera, naturaren zikoetan udazkenak urtearen heriotza dakar". Hain zuzen –ordu aldaketa eginda–, iluntasunaren garaia da eta, beraz, heriotzarekin eta iluntasunarekin lotutako erritualak egitea ohitura zen duela hamarkada batzuk. "Hildakoen oroimenerako egiten ziren, besteak beste".

Bergaran, esate baterako, ekintza ugari antolatu dituzte aste osorako; tartean, 16 urtetik gorakoei zuzendutako bisita gidatu antzeztua egingo dute, Bautista, Bergarako leprosua izenarekin: "Bisitaren hasieran azalduko zaie parte-hartzaileei nondik datorren Gaba Beltza ospatzeko ohitura, eta ondoren, Bergarako historiaren kronika beltza kontatuko dugu", azaldu du Ugutz Basauri antolatzaileak. Horretaz gain, aurten berrikuntza modura Escape Room-a egingo dute kartzela zaharrean, eta espazioak jolasari "xarma berezia" emango diola aurreratu du Basaurik.

Halloweenekin antzekotasunak

Ospakizunen jatorriak zerikusirik ez duen arren, bi jaiek badituzte elkarren artean zenbait antzekotasun; batez ere, ospatzeko moduari dagokionez. "Halloween Ameriketako Estatu Batuekin lotzen dugun arren, ohitura zelta batetik dator", argitu du Lekuonak. Bergarako Gaba Beltzaren antolatzaileak gaineratu duenez, Debagoiena hitzaren Deba ere zelta da, eta berau lehen jarraitzen zen tradizio eta erritualekin "estuki loturik" egon daiteke. Hain zuzen ere, Irlandatik hartu zuten festa estatubatuarrek, eta horregatik uste da amerikarrengandik datorren ospakizuna dela; horretan "oker gaude", baina, Basauriren aburuz.

Horretaz gain, "testigantzek jasotzen dutenez, Gau Beltza ospatzen zutenek kalabazak eta arbiak lapurtzen zituzten baratzeetatik". Ondoren, hustu egiten zituzten eta aurpegi forma ematen zieten. Horiek argiztatzeko, barrua kandelaz bete eta "beldurra emateko" prest egoten ziren iluntasun-zaleak.

Ikonografiari dagokionez ere oso "antzekoak" dira Halloween eta Arimen Gaua. Naturari lotutako produktuak dira protagonista bietan; urteko sasoiari lotutako protagonistak, alegia. Kalabazak, arbiak eta gaztainak dira Domu Santu bezperan toki berezia izaten dutenak.

Topagunea, gidari

Herriz herri Arimen Gauak ospatzen hasiak zirela ikusi zuten Euskaltzaleen Topaguneko arduradunek –ezaugarri komun batzuei jarraiki–. Esaterako, euskaraz egin eta ospatzen zirela ikusirik, Euskaltzaleen Topagunetik zerbait egiteko grina piztu zitzaien: "Jaien zabalpenari akuilu lana egitea zegokigun".

2018an, Josu Ozaita eta Jaime Altuna antropologoek Itzalitako kalabazen berpiztea izeneko lan etnografikoa egin zuten, galdutzat ematen ziren erritual eta ohituren berri jakitea helburu. Bide batez, urriaren 31 iluntzean egiten diren ospakizun berriak ere aztertu eta jaso zituzten. Aipatutako etnografia abiapuntutzat hartuta, Euskaltzaleen Topaguneak Arimen Gaua ospatzeko "jai eredu" bat sortu nahi izan du: "Jai proposamen bat egin dugu; nolako jaia egin nahi dugun eta zer zabaldu nahi dugun hartu dugu kontuan horretarako". Eredua sortu ahal izateko jendearen laguntza behar izan dute. Zenbait bilera egin dituzte azken urteetan herrietan Arimen Gaua antolatzen aritu direnekin, baita bestelako eragileekin ere; komunikatzaileekin, kulturan adituekin eta hezitzaileekin. "Guztien artean adostutako jai eredu bat sortzea genuen helburu", azaldu du Lekuonak.

Baliabide kutxa, eskuragai

Euskaltzaleen Topaguneak eta eragileek elkarlanean aurrera eramandako jai proposamena gizartera zabaltzeko baliabide kutxa jarri dute eskuragai. "Hasieran, gida bat sortzea erabaki genuen, baina gerora, konturatu ginen gida bakarra ez litzatekeela jai guztietarako baliagarria". Horregatik, baliabideen kutxaren aldeko apustua egin zuten: "Kutxa honek baliabide batzuk ematen ditu, gero nork bere herrian edota komunitatean nahi duen moduko jaia antolatu dezan". Izan ere, "ez da berdina" jaia herri baten edo bestean antolatu. Bakoitzak bere errealitatera egokitu behar du, baita festa egingo duen publikora ere. Elgetan, haurrak izango dira protagonista, gazteenek antolatutako antzerki ibiltariaz gozatzeko aukera izango baita bertan.

Edozelan ere, jaiak ezaugarri komun batzuk jarraituta antolatu daitezkeela uste du Euskaltzaleen Topaguneko arduradunak. Esaterako, jaia euskaratik eta euskaraz egin dadin bultzatzeko prestatuak daude kutxako zenbait material. Herrietako talde eta eragile ezberdinei banatu dizkiete kutxak, baina "jakinmina duenak" www.gaubeltza.eus webgunean kontsulta ditzake xehetasun guztiak.

Kutxaren bultzatzaileek ez lukete "kontsumoa bultzatu" gura. Horren ordez, eredu jasangarria jarraitu gura lukete eta, adibidez, mozorroak etxeko arropa eta izarekin egitera bultzatu festa-zaleak. Azkenik, herri osoarentzat ez ezik, komunitateari zuzendutako ospakizuna izatea nahi dute; halere, Gau Beltza umeentzat "bereziki erakargarria" izan daitekeela uste dute, eta ekintzen antolakuntza beraien esku geratu beharko litzatekeela.

Aramaion, hain zuzen, mozorro tailerra egingo dute gaur, etxeko txikienei zuzenduta. Ipuin kontaketa ere antolatu dute, eta Eskoriatzan ere izango da ipuin kontaketa entzuteko aukera. Horretaz gain, Aretxabaletan ere prestatu zituzten mozorroak –atzo– eta gaur, horiek jantzita koplak abesteko txanda izango dute herrian festazaleek.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak