Gurasoengandik abiatu gizartea osoa inplikatzeko

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 31a, 16:17

UDAk eta San Juan de Dios ospitaleak orain dela bi urte hasitako proiektua handitzen eta hedatzen doa; gurasoei egindako inkesten emaitzen berri eman, eta hurrengo pausoak iragarri dituzte: begiraleak trebatu eta guraso eskola abian jarri.

U@DA izenaren baitan orain dela bi urte inguru abian jarritako proiektua aurrera doa. Orduan, drogen gaineko lanketa egiten hasi ziren UDAko kirolariak San Juan de Dios ospitaleko kideekin batera. Orain, ostera, Aretxabaletako eta Eskoriatzako gaztetxo guztiak sartu dituzte lanketa horretan ikastetxeen bitartez –Lehen Hezkuntzako laugarren mailakoenganaino iritsiko dira– eta Udalaren babesarekin. Proiektu horretara batzen azkena Mondragon Unibertsitatea izan da.

Inkesten emaitzak

Gaztetxoak izan ziren proiektuaren lanketari hasiera eman ziotenak 2017an, eta ondoren, gurasoen txanda etorri da. Familien funtzionamendua ezagutzeko betetako inkesten emaitzen berri eman zuten San Juan de Dios ospitaleko ordezkariek martitzenean Aretxabaletan, eta eguaztenean Eskoriatzan. UDAko jokalarien 141 gurasok bete zuten galdeketa –guztira, 1.000tik gora dira–, eta bi eskala baloratu zituzten; emaitza honakoa izan da: %30 familia inguruk du profil komunikatzailea; beste %30 inguru komunikatzaileak dira, baina gehiegizko babesa eskainita; eta beste %30 komunikatzaile-kontrolatzaileak dira. Zera argitu zuen arduradunetako bat den Olaia Arresek: "Bi eskalak kontuan hartuta %51k erdibideko jarrera izango luke, eraginkorra bai baina ez erabatekoa". Eta gaineratu zuen: "Inkesta horien helburua da datu objektiboak izatea esku artean, zein planteamendu egin aurrera begira jakiteko". Arkupeko aretoa ez zen bete baina elkartutako gurasoen artean jakin-min handia sortu zuten esandakoek.

Parte-hartze saioak gazteekin

Lehenengo bileretako batean gaztetxoen aisialdi eskaintzaren gaineko kezka agertu zuten gurasoek. Udalak, erronka horri heldu eta parte-hartze prozesu bat jarri zuen abian nerabeekin. "Aisialdi osasuntsu bat eskaintzea helburu izanik, bi fase izan dituen prozesu bat jarri genuen abian Farapi elkartearekin", adierazi zuen Maider Etxanizek, Udaleko Gazteria teknikariak.

Iazko neguan hasitako ikerketa fasean jaso zuten nerabeek zelan bizi duten aisialdia eta zein behar eta gogo dituzten; horretan parte hartu zuten herriko ikastetxeetako nerabe guztiek. Orain, boluntario agertu direnekin, hamabi laguneko taldetxo bat osatuko dute eta eraikitze fasea deitu dioten horretan, asmoa da urte osorako plangintza bat zehaztea. Otsail ingururako bukatuta izatea hori gurako lukete udal ordezkariek.

Trebakuntza begiraleendako eta guraso eskola

"Gaztetxoek egin dute eskatu zaien lana eta Udala ere mugitu da. Orain gurasoei dagokie lanean hastea", adierazi zien San Juan de Dios ospitaleko Emilio Martin psikologoak. Horretan laguntzeko Mondragon Unibertsitatera jo dute eta bi lan ildo izango dituen proiektua jarriko dute abian elkarlanean. Batetik, guraso eskola bat sortu gura da. "Eskola atipikoa izango da eta hainbat konpromiso hartu beharko dituzte, zenbait gairen gainean lanketa egiteko", adierazi zuen Martinek.

Eta bestetik, kirol elkarteko jokalari gaztetxoen begiraleak hezteko trebakuntza eskolak emango dituzte: "UDAk eta Areskok izango dute koordinatzeko ardura, eta MUko Huhezikoak izango dira trebakuntza saioak gidatuko dituztenak", zioen Martinek, eta argi utzi gura izan zuen drogatik harantzago doala proiektua: "Lanean hasi ginenean 110 kontsumitzaileren berri jaso genuen eta 25 jarri ziren gurekin harremanetan. Baina oinarrizko gaia ez da drogak, beste kontu asko daudelako hori bestekoak. Eta hori guztia lantzeko komunitatea inplikatu beharra dago; horrela jasoko dutelako laguntza bizitza eraikitzen ikasteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak