Klima larrialdiari aurre egiteko, Larreko Mahaia

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 30a, 15:35

Gipuzkoako hainbat eragile ekologista, sozial eta sindikal elkartu egin dira, helburu garbi batekin: "Gizartea izan dadila larrialdi hau kudeatuko duena, erabakitzeko eta kontrolatzeko ahalmen osoarekin, ordezkaritza politikoaren menpe izan gabe".

Klima larrialdiaren aurka tokian toki aritzea aldarrikatzen dute, betiere, arazoa "mundu osokoa" dela ahaztu gabe. "Egun bizi dugun krisi ekologikoarekin eta planetaren zein jendartearen etorkizunarekin kezkatuta gauden Gipuzkoako hainbat eragilek egoerari aterabide bat emateko asmoz gure indarrak batzea erabaki dugu. Plataforma honetan gazte erakundeek, talde ekologistek, sindikatuek, erraustegiaren aurkakoek, parte-hartzearen aldekoek, ikasleek eta beste hainbat eragilek bat egin dugu", azaldu dute.

Hauek dira plataformako kideak, gaur-gaurkoz: CCOO, LAB eta Steilas langile sindikatuak, EHNE nekazarien sindikatua, ikasleen sindikatua, Greenpeace eta Eguzki talde ekologistak, Ernai gazte erakundea eta bestelakoak, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Extinction Rebellion eta GuraSOS, baita Etxalde Nekazaritza Iraunkorra Elkartea ere –Maite Aristegi bergararra izan da haren ordezkaria aurkezpenean–.

Helburu ugari jarri dituzte

Hauek dira plataformak jarri dituen helburuetako batzuk: herritarren lidergoa sustatu, eta ingumena eta bizitza erdigunean jarri; mundu mailan sortzen ari den sentsibilizazioa maila lokalera, Gipuzkoara, ekarri, eta erantzun lokala artikulatu; trantsizio energetikoa, hondakinen kudeaketa arrazionala eta halako alternatibak eskaini eta sistema honek sortzen duen pobrezia, zapalkuntza, indarkeria, desberdintasun, prekarietate eta hondamendi ekologikoa amaitu.

Era berean, planetaren tenperatura igoera 1,5 graduz azpitik mantentzeko "berehala" egin beharreko aldaketa batzuk azpimarratu dituzte. "Kontsumoa murriztu eta ekoizpen eta kontsumo harreman lokalak, justu eta gertukoagoak garatu; mugitu beharra murriztu, garraiobide kutsakorrenak mugatu, garraio publiko eta kolektiboa sustatu eta merkatu eta energia produkzioa eta erabilera aldatu, CO2 sortzen dutenak eta nuklearrak itxiaz, energia berriztagarrien enpresa publikoak sortuz eta lanpostu guztiak horra bideratuz eta alferrikako kontsumoa ezabatuz. Pobrezia energetikoa amaitu behar da".

Ate guztiak zabalik

Aristegik nabarmendu du ateak zabalik dituztela plataformara batu gura duen edozein eragile edo norbanakorentzat. "Tokian toki eta bailara mailan ere plataforma garatzen joatea izango da lehentasuna aurrerantzean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak