Ekonomia moteltzera doala esaten dute azken datuek. Hazkunde ziklo baten amaieran egon gaitezke?
Agerikoa da ekonomiaren hazkundea moteldu egin dela. 2014tik hona ibili gara hazten %3. Eta aurtengo aurreikuspenek diote %2ko hazkundea izango dugula 2018an eta, datorren urtean, txikiagoa izango dela. Munduko hainbat gatazkaren ondorioa da hori eta kezkagarria da. Autogintza sektorean, esaterako, hasi dira sufritzen.
Ze pisu dauka autogintza sektoreak euskal ekonomian?
Industria ekoizpen osoaren laurdena da autogintzakoa. Eta industriaren pisua gure ekonomiaren erdia da, gutxi gora-behera. Hortaz, inportantea da.
Mugikortasunaren paradigma aldatzera doala ematen du: geroago eta auto gutxiago erosiko direla, auto elektrikoa gailenduko dela. Aldaketa horretarako gertu daude hemengo enpresak?
Gizartearen ohiturak batetik, garapen teknologikoa eta digitalizazioa bestetik, eta ingurumen kontuek azkenik, bultzatuko dituzte aldaketa sakonak. Horretarako gertatzen ari gara. Ziurgabetasun eza nabari da une honetan, kontuak ez daude argi eta ez dakigu ziurtasun osoz hemendik urte batzuetara zein izango den egoera. Ikusten da aldaketa datorrela, baina kezka eta zalantzak dira nagusi. Esaterako, auto elektrikoa etorkizuna dela entzuten ari gara, baina hor ere zalantzak handiagoak dira ziurtasunak baino.
Brexita, aukera ere izan daiteke euskal enpresendako?
Une honetan, epe motzera, arazo, ziurgabetasunagatik, batik bat. Erresuma Batua euskal enpresen sozio inportantea da, harreman komertzialetan hirugarren bezero inportanteena. Lehen bolada hau pasatzen denean, sor daitezke aukerak.
Zer behar du euskal enpresak gaur egun. Langile kualifikatuak falta dituzuela diozue, baina ze profileko langileak behar dituzue?
Europa osoko arazoa da. Demografia kontuengatik, geroago eta gazte gutxiago dago, gizartea zahartzen ari da. Hortaz, kopurua da lehen arazoa. Eta bestea da teknologiei esker, industrian ere ematen ari diren aldaketak eta aldaketa horiei aurre egiteko enpresek behar dituzten langile kualifikatu gutxi dela. Gazteen erabaki akademikoak ez datoz bat enpresen eskariekin. Hor arazoa dugu.
Debagoienean, ordea, lanbide heziketa eta injinerutza eskola inportanteak ditugu…
Hor ikasten dutenek lana izango dute ziur, baina, profesional tekniko kualifikatu gehiago behar dituzte euskal enpresek. Ari gara, erakundeekin batera, hainbat ekimen bultzatzen gaiaren gaineko diagnostiko zuzena egin eta, esaterako, gazteei orientazio egokia emateko.
2008ko krisiaren aurreko lan baldintzak behin betiko joan ziren?
Enpresaren eta sektorearen araberakoa da hori. Eskualde hau eta Gipuzkoako barrualdekoak, oro har, industrialak dira eta sektore horretan baldintzak berreskuratzen ari dira.
Industria sektorean bereziki sindikatuen eragina agerikoagoa delako?
Ez dut gutxietsi nahi sindikatuen lana, baina enpresen eta langileen egoera ona bada, enpresak lehiakorrak direlako da. Ez dago beste arrazoirik. Eta enpresa lehiakorrak lortzeko ezinbestekoa da agente ezberdinen arteko diagnostiko partekatua, elkarrizketa, hitzarmena... Proiektu partekatu komunik barik, ezinezko dira enpresa lehiakorrak. Confebasketik ari gara bultzatzen beste modu bateko enpresen kudeaketa eta parte hartzea.
Enpresen jabetza sozializatzeko edo langileekin jabetza partekatzeko geroago eta ahalegin handiagoa egiten dute euskal enpresek?
Bai. Erakunde enpresarialen funtsezko zeregina da enpresen jarraikortasuna, garapena, hazkundea edota lehiakortasuna bermatzea. Gaur egun pertsonen gaitasuna, adimena, konpromisoa… dira kapitalik eta aktiborik garrantzitsuena.
Itunpeko ikastetxeetako edota zaharren egoitzetako gatazka, metalgintza alorrekoa… Sindikatuek udazken gatazkatsua iragarri zuten. Halakoa izaten ari da?
Ebidentziek edo datuek diote ez gaudela une oso gatazkatsuan. Egia da negoziazio sektorialetan hitzarmenik barik jarraitzen dugula, baina inoiz izan dugun une baketsuenetakoan gaude. Eragile sozialak garen neurrian, beti gaude akordiotara heltzeko gertu.
Urtarrilerako greba orokorra deituta dute sindikatu nagusiek. Ze iruditzen zaizu?
Txarto. Gaur egun, hemen, ez dut uste dagoenik arrazoi objektiborik horrelako neurri bat hartzeko. Inguruko langabezia tasarik txikiena, soldatarik handienak… Egia da badela jendea txarto pasatzen dagoela. Horiendako politikak edo ekimenak egin behar dira, baina greba orokorra ez da irtenbidea.
Confebaskek ez du nahi Konfekoop Lanbiden egotea. Zergatik?
Erakunde publikoak; enplegatuen ordezkariak edo sindikatuak, eta enplegatzaileen ordezkariak edo enpresaburuak, egon behar dira Lanbideren administrazio kontseiluan. Hori dio legeak. Hortaz, kooperatiben elkarte batek ez du tokirik. Kooperatibak, izaeraz, autonomoak dira. Jabe eta langile, era berean, baina arlo laboral eta sozialean, autonomoak. Hori ondo araututa dago legez. Ez dagokien erakundea da Lanbide. Eta da haien mundua.
Enpresaburuen partetik etorri dira kexuak, ez erakunde publikoetatik eta ezta sindikatuetatik ere. Zeini egiten dio kalte Konfekoop Lanbiden egoteak?
Bakoitza egon behar da dagokion tokian eta kooperatiben elkarteei ez dagokie Lanbiden egotea. Zuzena ez den eskari bat da.
Eusko Jaurlaritza une honetan ari da aurrekontu proiektua lantzen. Gustuko duzue?
Aurrekontua ezagutzeko aukera izan dugu ogasun sailburuaren edo saileko arduradunen bidez. Eta gustuko dugu. Industria, lehiakortasuna, ikerketa eta garapena, enplegua… Halakoak jasota daude zati eta inbertsio inportanteekin. Ikuspegi ekonomiko-enpresarialetik begiratuta, aurrekontu onak izango lirateke Orain, norekin onartu beharko dituzten? Ez gara horretan sartuko. Guretako inportantea da egonkortasuna eta ziurtasuna.