Taldekide eta ordezkari politiko ugari Arrasateko BNI Aukera Debagoiena taldearen bigarren urteurreneko ekitaldian

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko urr. 30a, 09:57

Garaia parke teknologikoan egin zuten ekitaldia, barikuan. Oihan Vegak gidatu zuen saioa eta Alberto Iñurrategik esfortzuaren eta elkarlanean inguruko hitzaldia egin zuen. Aretxabaletarrak azpimarratu zuen bidea dela gailurra.

Arrasateko BNI Taldeak 20 kide ditu gaur egun eta enpresa horietako ordezkariak elkartu ziren barikuan egindako bigarren urteurreneko ekitaldian. Lagun izan zituzten Arrasate, Oñati, Bergara, eta Eskoriatzako alkateak, eta baita ere beste BNI talde batzuetako ordezkariak ere.

Idurre Albizu da Arrasateko taldearen zuzendaria, eta bi urteko esperientziaren ostean erronka eta helburu berriak jarri dituztela esan zuen. "Taldea handitzea nahi dugu konexioak ere handitzeko, baina handitzea nahi dugu baita ere benetan uste dugulako lan egiteko eta harremanak lantzeko modu honek hobetu egiten duela gure inguru profesionala eta enpresariala. Lagunkoiagoa egiten du eta bere neurrian gizarte hobe bat egiten laguntzen du". BNIk bere aurkezpenean hainbat balore azpimarratzen dituela esan zuen Albizuk. Konpromisoa, konfiantza eta sinesgarritasuna azpimarratu zituen. "Nik proposatuko nuke beste bi gehitzeko. Bat eskuzabaltasuna; izan ere, eskuzabaltasunez lan egiten dugu. Eta bi ausardia; izan ere, orain bi urte ausardia behar zen gure inguruan gutxi ezagutzen zen sistema honen aldeko apustua egiteko".

Arrasateko BNI taldean hainbat alorretako enpresak daude: aholkularitza, komunikazioa, informatika, zuzenbidea, aseguruak, mekanizatuak, garbiketa, telefonia…  Bariku oro elkartzen dira ordubetez.

Elkarlana eta esfortzua

Oihan Vegak gidatu zuen saioa eta Alberto Iñurrategik egin zuen gogoeta nagusia. Motibazioa eta ekintzailetza izan zituzten hizpide nagusi. Alberto Iñurrategi mendizale aretxabaletarrak esfortzua, elkarlana, arrakasta eta porrota aipatu zituen. Esan zuen gailurra bidea bera dela. "Ematen du garrantzitsuena gailurra egitea dela. Ematen du gailurretik pasatzen ez den guztia porrotzat jo behar dela. Eta ausartuko nintzateke esatera bizi garela porrot egitearen beldurrez. Ez gara konturatzen beldur horrek, gehienetan, gelditu egiten gaituela. Oztopo handiena da benetako erronkei heltzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak