Julio Galartaren lanen erakusketa, Sastiñan

Julen Iriondo 2019ko urr. 23a, 19:54

Pintore arrasatearraren lagunen elkarteak Aramaio gaitzat duten koadroen katalogazioa egiten jardun du azkenaldian. Aramaioarrek utzitako 30 koadrorekin egingo dute orain erakusketa, eta azaroaren 3ra bitartean egongo da ikusgai.

Julio Galarta Pintorearen Lagunak Elkartearen ekimenez eta Aramaioko Udalarekin batera, Arrasatekoaren laguntzaz, antolatu dute erakusketa: Aramaio, Julio Galartaren eskutik; izan ere, batuko dituen gauza bat izango dute erakusketan egongo diren koadro guztiek, Aramaioko zerbait irudikatuko dutela.

Arrasatek eman duen pintore oparo eta onenen artean dago Galarta (1917-2011). Arrasatekoak ez ezik, beste hainbat tokitako paisaiak eta bestelakoak ere irudikatu zituen bere koadroetan, eta horietako askotarako aitzakia topatu zuen Aramaion, oso gustuko baitzituen bertako bazterrak: "Arrasate alde batera utzita, gehien pintatu zuen herria da Aramaio", dio elkarteko kide Alvaro Arregik.

Pintorearen lagunen elkartearen arabera, bere bizitza osoan 3.000 koadro inguru margotuko zituen Galartak, nahiz eta ia 1.600 diren, azken urteetako lanaren ondorioz, katalogatuta dituztenak –630 berak eman zizkion elkarteari hil aurretik; gainerakoak, jabe partikularren laguntzarekin katalogatu dituzte–.

Aurrez Arrasaten egin zuten bezala, aurtengo uztailean Aramaion egin zuten deialdia, etxean Galartaren koadroren bat zutenek elkarteari jakinaraz ziezaioten; 40 inguru izan dira ordutik jasotako jakinarazpenak, eta horietatik 30 –espazioagatik– izango dira Sastiñako erakusketan ikusgai egongo diren koadroak –jabeek utzita; lehendik zituzten pare bat ezik–. Hala egin dute, elkartearen esku dauden koadroak gero ere ikustea posible izango delako, zailagoa, ordea, partikularren etxeetan daudenekin beste erakusketa bat egitea. Ibarra zein auzoak agertuko dira koadro horietan, "ia auzo guztiak".

Inaugurazioa, barikuan

Erakusketa barikuan inauguratuko dute, 19:00etan –Aramaioko eta Arrasateko udaletako ordezkariak eta elkartekoak izango dira ekitaldian–, eta azaroaren 3ra bitartean egongo da gero irekita, 18:00etatik 20:00etara astegunetan eta 12:00etatik 14:00etara zapatu eta domeketan.

Galartaren ahalik eta lanik gehienak katalogatze aldera, elkarteak gustura hartuko luke hemendik aurrera ere pintore arrasatearraren koadroen berri. Etxean artelanen bat dutenei eskatzen diete galartaelkartea@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez jar daitezela eurekin harremanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak