Erresidentzietako langileek 111 egun daramatzate greban, lan hitzarmena lortzeko borrokan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko urr. 11a, 13:04

Gipuzkoako erresidentzien martxa Eskoriatzara eta Arrasatera heldu da gaur. 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan daude greban, eta gaurkoa 111. eguna dute; ELAren arabera, 2017an ekin zitzaion negoziazioari baina oraindik ere egoera "hankaz gora" dagoela salatu dute. Martxa urriaren 18an amaituko da, Donostian.

Gipuzkoako erresidentzietako martxa Eskoriatzara eta Arrasatera heldu da gaur. Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu! lelopean egin dute manifestazioa Eskoriatzako eta Arrasateko kaleetan zehar. "Lau urte daramatzate hitzarmenik gabe eta bi urte pasatu dira negoziazioak hasi zirenetik. Langile horien lan baldintzak hobetzeko hitzarmena adostea ezinbestekoa izango da. Beste alde batetik, gure aiton-amonen bizi kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren ratioak edo plantillak hobetzea eskatzen dugu. Lan baldintzak eta gure aiton-amonen bizi-kalitatea daude jokoan", adierazi du ELAko Deba eskualdeko egoitzetako arduradun Janire Diazek.

6.000 euro gutxiago "emakume izateagatik bakarrik"

5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira. Horrekin batera, ezin da ahaztu erresidentzietako langileen gehiengoa emakumezkoa dela, eta grebalariek salatu dute "emakume izateagatik bakarrik" 6.000 euro gutxiago kobratzen dutela gizonezkoek nagusi diren beste postu batzuekin alderatuta: "6.000 euroko aldea dago, adibidez, zaharren egoitzetako emakume baten eta kale garbitzaile ari den gizonezko baten soldatan".

Jose Arana eta Iturbide

Eskoriatzako eta Arrasateko egoitzen aurretik pasatu dira martxak, bertan grebalariak dituzte-eta: "Langile askotxo ditugu bi egoitza horietan greban eta gu oso pozik gaude bertako langileak greba deialdiari ematen ari diren jarraipenarekin", gaineratu du Diazek.

Martxa urriaren 18an amaituko da, Donostian

Urriaren 7an Donostian hasi zuten martxa eta hilaren 18an Donostian bertan bukatuko dute. Grebari jarraipen handia egiten ari zaiola dio ELAk eta pozik daude, beti hobetu badaiteke ere, ekimena oraingoz izaten ari den oihartzunarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak